Asteazkena, 2024ko apirilak 24
Gora joan
Menua
Erreminta kaxa

Borrokan eta bakean (Edur Epelde Pagola)

2020-06-02

COVID-19 gaitzaren pandemiak ekarri digun normaltasun distopikoari aurre egiteko lanabesak biltzen dabil Jakin. Zer eta zergatik gertatu den, eta zer ikasi dugun ulertzeko eta irtenbideak begitantzen asmatzeko tresnak eskatu dizkiegu hainbat pentsalariri (ikus behean). Horien artean duzu Edur Epelde Pagola Bilgune Feministako kidearen idatzizko gogoeta.


Borrokan eta bakean

Edur Epelde Pagola

Bilgune Feministako kidea

 

Ezohiko egoera da indarrean dagoena, orain arteko ustezko normaltasuna hankaz gora jarri da eta ipurdi bistan geratu da kapitalismo patriarkala. Ustez COVID-19ak eragin duen osasun krisi honek ez du inor ezaxola utzi. Agerian geratu dira egonezinak, bereizkeriak, ondoezak eta handinahikeriak. Itxura batean, berririk ez; aspaldian ari ginen feministak eta hainbat gizarte eragile esan eta esan gizakien nahiz planetaren zaintzen krisia bazela. Jakin arren, kontraesan guztiekin, norabide berean jarraitu genuen, gertatu zitekeen horren zain edo.

Azkenean iritsi zen eztanda eguna: batetik, martxoaren 15eko estatu kolpea (alarma egoera esatea baino zuzenagoa iruditzen zait) Espainian; bestetik, Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia egoera deklaratu zuen. Ez dut argi zer den lehertu dena, sistema finantzarioa, planetaren ongizatea, gehiegizko kutsadura, hiritar ahalguztidunaren trajea, politikarien itxurakeria edota herritarrak libre mugitzeko eskubidea. Bat-batean etorri den krisialdi honek ezustean harrapatu bagaitu ere, esango nuke ez gaituela harritu, murgilduak ginen abiaduran bizitzen jarraitzeak muga bat zuela bai baikenekien. Orduan, ezinezkoa zen egoerari argazkia ateratzea, dena azkarregi ari zelako gertatzen, ez genuelako patxadarik analisietarako. Orain, errealitatea behatzeko aukera dugu; Yayo Herrero ekintzaile ekofeministak dioen moduan, krisi honek argitasun izpi bat eskaini digu normaltasuna osatzen duten munstroak agerian uzteko.

Azken egunetan, artikulu, analisi nahiz hizketaldi ugari sortu eta publikatu dira COVID-19ak ikusarazi dizkigun egiturazko arazoen (zapalkuntza sistemen, aldaketa klimatikoaren, osasun publikoaren egoera ahularen...) gainean. Horren adibide da Bizitzak erdigunean Euskal Herriko plataforma feministak eztabaidatu, adostu eta kolektiboki idatzi duen dosier mardula. Bertan, batez ere egoera zaurgarrian dauden kolektiboen (etxeko langile, garbitzaile, sexu langile, paperik gabeko...) egoera deskribatzen da, eta egoerari aurre egiteko larrialdi neurriak eta estrategia zehatzak aldarrikatzen dira. Horrez gain, askotarikoak izan dira ikuspegi feministatik egindako analisiak euskal hedabideetan; hala nola familia nuklearraren eta heteroarauaren indartze berria salatu da, baita ordutegiek eragin duten belaunaldien arteko etena ere. Zaharrenen eta txikienen eskubideen urraketa ere mintzagai izan da han eta hemen. Norabide berean, elkartasun egitasmo mordoa sortu da: zaintza sareak, larrialdi egoerari erantzuteko erresistentzia kutxak eta crowdfunding kanpainak. Argi dago egoera berri honek areagotu egin duela indarkeria sexista eta eskubideen urraketa basatia, hala Euskal Herrian nola munduan. Ulertezina dena ulertzeko ahaleginean murgildu gara eta ideiak ordenatzeko saiakerak ez du atsedenik izan. Asko eskertu ditut eta nire informazio iturri izan dira askotariko ekarpen feministak, bat egiten dut horiekin. Irakurtzen ari zaren gogoeta hau batez ere nire bizipenetan arreta jarriz eraiki dut. Hortik abiatuta, jendartearen eta norbanakoen ongizatea eta osasuna ardatz hartuta hainbat gogoeta ordenatzeko ahalegina egin dut. Hausnarketa horietan eragin zuzena izan du azken urteetan osatze feminista lan taldean (Bilgune Feminista) izan dudan parte hartzeak.

Aurreikusezina, ziurgabea eta zaurgarria da oraina, gerorik ez dago jada, orain eta hemen pentsatzen, sentitzen eta egiten dugunak hartu du protagonismo osoa. Denbora ulertzeko modua aldatu egin da, ez baitakigu noiz aterako garen kalera ordutegirik gabe, bihar edo etzi enplegurik izango ote dugun, gure haurrak haur eskoletara eramango ditugun ala telelanean jarraituko dugun zaintzen ditugun bitartean, edota noiz ikusi ahalko ditugun ondoko probintzian bizi diren aitona eta amona. Epe motzeko erabakiak nagusitu dira. Ondoeza sortu du nigan datorrena kontrolatu ezin horrek, eta borrokan aritu naiz nire esku ez dauden erabakietan eragin nahian. Asko haserretu naiz azken hilabete hauetan guztietan, izan itxialdian, izan deskonfinamenduko faseen desfasean. Berrasmatzeko garaia dela jakin arren, borrokan aritu naiz aurretik nituenak (harremanak, planifikatutako bidaiak, lan konpromisoak...) berreskuratu nahian. Norabide berean, gogor epaitu ditut politikariak, medikuntza hegemonikoa, balkoitzainak, kalean ezarri den distantzia behartua, besarkadak debekatzea, maskarak eta zaborra sortzen duten eskularruak, begietara begiratzen ez duen bizilaguna. Baina ez nituen ba gauzak ondo nik bakarrik egingo, ezta?

Beste arlo askotan bezala, dikotomia nagusitu da. Bi aukera izan ditugu: etxetik ateratzen ez den herritar arduratsua izan ala birusaren transmisore arduragabea. Ni ere nahastuta ibili naiz, zerua irabazi ala infernua aukeratu ezin asmatu, gainera nire barruko polizia ere ezagutu dut. Hauexek izan dira nire dilemak: maskara erabili ez arren, herritar arduratsua izaten jarraitzen ote dut? Nire gertuko sare afektiboko kideak etxera gonbidatu eta besarkatu ditudanean, ez nuen kalterik eragingo, ezta? Zortzi hileko gure haurraren sukarra ez zuen bada birramona bisitatzera Alegiara egindako txangoak eragingo?

Bizi izan duguna osasun krisiaz eta pandemiaz harago, barne borroka galanta izan da. Bi aukera baitaude hemen jokoan, bakean ala borrokan bizitzea; ezin baitu edozein garunek, indartsuena izanik ere, etengabeko alarma egoeran bizi. Prebentzio neurri guztiak hartu arren (maskarak, distantzia mantentzea, eskuak xaboiarekin garbitzea...), telebistan hildakoen zifrei uneoro begira egonez gero, gaixotzeko arriskuak gora egiten du nabarmen. Izuak gure gorputzeko zelula guztiak ernai jartzen ditu, eta pentsamenduaren iragarpenak –esaterako, hurrengoa ni izango naiz–, bete egiten dira. Pentsatzen dugunak inpaktu zuzena du gure gorputzean, emozioetan nahiz organismo fisikoan. Horren adibide garbia da itxialdiaren lehen egunetan gehienok pentsatzen genuela gaixo geundela, bat-batean areagotu ziren gure bizitzetan oso ohikoak diren sintomak: eztarriko mina, eztula, buruko mina eta nekea. Sukarrik ez zuena salbu zen, baina altxa dezala eskua une horretan beldurtu ez zenak.

Koronabirusari esker, ardura hartu dut eta osasunaz informatu naiz; bide horretan, ikuspegi holistikotik lan egiten dutenen askotariko iritziak jaso ditut. Asko bat datoz sinesmen hauetan: lehenik, giza gorputza eta natura birus, bakteria nahiz askotariko mikroorganismoz osatua dago, eta bizitza gertatzeko beharrezkoak dira; beraiek gabe hil egingo ginateke. Gainera, edonon daude, gure gorputzetan, airean, lurrean edota uretan. Hori horrela, ezin da pentsatu birus bat bere horretan gaiztoa, txarra eta eraso beharrekoa dela. Bigarrenik, giza gorputza aktiboa da eta berezko kontserbazio sena dauka. Gaixotasunak, berriz, aurrera egiteko modu bat dira, osatze eta hobetze prozesuak. Esaterako, haurrak hazten ari direnean, sukarra izaten dute maiz; kezkatzen gaituen sintoma izanik ere, haurra bizirik eta osasuntsu dagoen agente aktiboa dela esan nahi du. Beraz, gaixotasuna ona eta beharrezkoa da bizitzan aurrera egiteko. Hirugarrenik, gure gorputza kaltetzen duten benetako etsaiak toxikoak dira, hau da, medikamentuak, kutsadura magnetikoa, azukrea, baita gure gorputzeko odola azidotzen duten askotariko substantziak ere (tabakoa, kafea, tea...). Gaineratu nahiko nuke gaixotzearen ardura ustezko birusari egozteak gure osasunean eragiteko gaitasuna kentzen digula. Norabide horretan, sintomaren aurka ari diren mediku jakintsuen eskuetan bakarrik geratzen da norberaren osasuna. Horien laguntza eta babesa ezinbestekoa da, baita norberaren gorputzaren jakintza ere. Autogestioaren aldarrikapena aspaldikoa da, baita osasun arloan ere. Hauxe aldarrikatzen du Karmelo Bizkarrak: elika gaitezen bertako produktu osasungarriekin, egin dezagun gure giharrek eta gorputzeko zelula guztiek hainbeste eskertzen duten ariketa fisikoa, arreta jar dezagun sentitzen ari garen horretan eta komunika ditzagun emozioak, eta, azkenik, gure gogamena bare mantentzeko ahalegina egin dezagun, meditazioaren gisako tekniken bidez.

Askatasun murrizketa erabatekoa izan den honetan, zer pentsatu eta zer eta nori sinistu izan da herritarron esku geratu den gauza bakarra. Kanpotik datozen eta kontrajarriak diren notizia, datuen interpretazio, hausnarketa, aholku, iritzi edota epai andanaren erdian, gure baitan, inoiz baino gehiago, behar-beharrezko bihurtu da pentsamendu librea, hau da, autokritika gaitasuna, erabakitzeko ardura eta gure buru buelten behaketa lana egitea. Besterik ezean, hala egiteko aukera izan dugunok barne mundura bidaiatu dugu orain arte baino pixka bat gehiago; patxadaz, begiak itxi eta entzun ditugu gure garunaren marmarra, bihotzaren taupadak eta gure zangoen noraeza. Egun batzuetan, barealdia eta bakea topatu ditugu, ezin baita beti haserre eta borrokan bizi. Egiten, sentitzen eta pentsatzen dugunaren behatzaile izanda, burujabe gara, gure erabakien erantzule. Horrek erakutsi digu egingarria dela herritar aktibo eta aldaketa eragile izateko bidea (ala bidaia). Oraindik orain, ezarritako muga, oztopo, militarizazio ahalegin edota gerra mezu guztien aurrean, ez dugu galdu gure erabakitzeko eskumena, ondorioak ondorio, gurea baita azken hitza: nora eta nori begiratu, zein ipar izan bizitzan, zer irakurri, entzun, pentsatu eta egin.

Kostata bada ere, amaierarik gabeko amesgaizto honetatik esnatzen hasiak gara; ez, noski, normaltasunera itzultzeko, bai, ordea, egunerokoa ardura eta konpromisotik sortzeko. Egoerak ezinbesteko galdera jarri digu pare-parean: bizitzeko zein dira oinarrizko beharrak? Etxeko lanak ditugu, oinarrizko beharrak ez direnak berrikustea tokatzen da. Izan ere, azkenaldian askotan hitz egiten dugu bizitza(k) erdigunean jartzeaz, eta horrek bi egia ukaezin gogorarazten dizkigu: bat, planetaren nahiz naturaren erritmo eta ezaugarrien mendekoak gara; eta bi, bizirauteko behar-beharrezkoak ditugu ondokoa eta taldea (tribua edota jendartea), elkarren menpekoak gara. Argi geratu da norbera planetaren ezinbesteko pieza dela, ezin garela mundutik ez bereizi, ez isolatu. Aukera hauxe balia dezagun elkartzeko, inor atzean utziko ez duen eta bizi sistemen alde dagoen errealitatea eraikitzeko. Krisialdiari aurre egiteko norbanakoak eta kolektiboak diren askotariko estrategiak sortu dira, eta, guztiekin bat etortzea ezinezkoa den arren, ea lortzen dugun bide hau herritar arduratsuaren lehian sartu gabe egitea. Hatz erakuslea gordetzeko garaia da, batentzat maskara jartzea herritar arduratsua izatea den une berean, bestearentzat ez jartzea bizitzaren legeekin bat egitea eta osasunaren gainean ardura hartzea baita.

Argi dut kontaktua dela gaixo dagoen planeta eta jendartea osatzeko sendagaia, koronabirusa ez baita daukagun gaitz eta arazo bakarra. Fina Sanz psikologoak hitz egiten du harremanen lau dimentsioez (ni neure buruarekin, ni bestearekin, ni taldearekin, ni inguruarekin). Harreman horiek tratu onean, konfiantzan, errespetuan oinarritzen ez badira, gaixotu egiten gara. Harremanak oinarrizko beharrak dira, arnasa purua hartzea, elikatzen duen jatekoa izatea eta deskantsatzea bezala. Orain inoiz baino gehiago, elkarren beharra dugu, begiratzekoa, besarkatzekoa, hitz egin eta entzutekoa betiere, bakoitzak bere behar eta erritmoak errespetatuz. Askatasun ezak ez gaitzala eritu, mozal itxurako maskarek ez gaitzatela isildu. Bitartean, batzuetan borrokan eta besteetan bakean jarraitzen dugu.


Erreminta gehiago...

Jule Goikoetxea Mentxakaren erremintak

Trumoitik ekaitz perfektura? Aitor Zuberogoitia Espilla

Izurria nola geldiarazi Harkaitz Zubiri Esnaola

Ameslari sinesgogorren alde Alba Garmendia Castaños

Materialismo gehiago Jokin Bergara Eguren

COVID-19a eta euskara Jone Goirigolzarri Garaizar

Ekai Txapartegi Zumetaren erremintak

... eta astero gehiago.