Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan
Menua
Erreminta kaxa

COVID-19a eta euskara (Jone Goirigolzarri Garaizar)

2020-06-08

COVID-19 gaitzaren pandemiak ekarri digun normaltasun distopikoari aurre egiteko lanabesak biltzen dabil Jakin. Zer eta zergatik gertatu den, eta zer ikasi dugun ulertzeko eta irtenbideak begitantzen asmatzeko tresnak eskatu dizkiegu hainbat pentsalariri (ikus behean). Horien artean duzu Jone Goirigolzarri Garaizar Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzia Fakultateko irakaslearen idatzizko gogoeta.


COVID-19a eta euskara

Jone Goirigolzarri Garaizar

Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzia Fakultateko irakaslea

 

COVID-19ak mundu osoan eragindako egoerak bizitzako esparru askori eragin die, baita hizkuntza kudeaketari ere. Eraginok, osasun krisiak iraun bitartekoak ez eze, luzera begirakoak ere izango direla gero eta agerikoagoa da; alegia, pandemia honek zein etorkizunean etor daitezkeenek egiturazko aldaketa sakonak ekar ditzakete gure gizarteetan. Aldaketok zeintzuk eta zer-nolakoak izango diren, baina, ikusteko dago. Hurrengo lerroetan, osasun krisialdian eta bere kudeaketan hizkuntzek eta bereziki euskarak izan duten tokiaz hausnartuko dugu, etorkizun hurbil eta ertainean ere begirada jarriz.

Hasteko, COVID-19aren osasun krisiak agerian utzi du gaitz kutsakorren aurrean osasun publikoaren gaineko informazioa modu eraginkorrean helaraztea zein garrantzitsua den. Kutsaduraren hedapenari aurrea hartzeko, herritarrek gaixotasunaren inguruko informazio kalitatezkoa eta nahikoa garaiz izatea zentrala da; eta baita informazio okerra eta engainagarria ekiditea edo behintzat gutxiengoan mantentzea. Linguistikoki askotarikoak diren populazioetan, tokiko hizkuntzen erabilera funtsezkoa da horretarako, hizkuntza oztopoak ekidinez komunikazioa arrakastatsua izatea baimentzen baitute. Tamalez, osasun krisiak agerian utzi ditu mundu zabaleko gobernu askoren muga linguistikoak osasun publikoaren zein bestelako zerbitzu publikoen gaineko informazioa herrikideen hizkuntza ezberdinetan komunikatzeko; eta baita talde babesgabe eta minorizatu askok (komunitate indigenak, migratzaileak, errefuxiatuak, ezgaitasunen bat duten pertsonak...) informazioa eskuratzeko izan dituzten ezintasunak ere.

Antzeko egoera bizi izan dugu Euskal Herrian ere. Etorkin eta asilo eskatzaile askok, adibidez, instituzioen osasun eta bestelako gomendio eta aginduak jarraitzeko arazoak izan dituzte, hizkuntza mugak ez eze bestelako oztopo asko medio, egoera sakonki zaurgarrian geldituz. Euskarari dagokionean ere, krisiaren kudeaketan gure hizkuntza bigarren plano batean geratu da, euskalgintzako eragile eta herritar ugarik ohartarazi duten moduan. Horren erakusgarria da Hizkuntza Eskubideen Behatokiak herritarren eskubideen urraketen inguruan jasotako kexen gorakada. Herritarrek osasunaren eremuan informazioa gaztelania hutsean jasotzea, segurtasun-indarrek herritarrak gaztelaniaz egitera behartzea, administrazio publikoetako departamentu batzuetatik mezuak gaztelaniaz soilik jasotzea, EITBn erdara hutsezko ordezkarien adierazpenak eta informazioa gailentzea... salatu dituzte, besteak beste. Hego Euskal Herrian egoera hala moduzkoa izan bada, zer esanik ez euskaldunoi hizkuntza eskubideak aitortu ere egiten ez zaizkigun Frantziako Estatupeko Ipar Euskal Herrian.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak aditzera eman duen lez, jasotako kritiken aurrean, salbuespenezko egoera honetan lehentasuna informazioak duela argudiatu ei du EITBk, krisialdian lidergoa duten agintariak direnak direla, euren hitzak bitartekaritzarik gabe eskaintzea ezinbestekoa dela adieraziz. Euskaldunak elebidunak izateak, baina, zein neurritan zilegitzen du argudio ildo hori? Non geratzen da, esaterako, EAEn legez aitortutako euskal hiztunen eskubidea tratu berdintasunerako? Hizkuntza eskubideak salbuespenezko egoeraren ‘aitzakiapean’ urratzea eta, bereziki, urraketa hori diskurtso mailan justifikatzea arriskutsua da oso, eskubideen alorrean hamarkadetan zehar ondutako bidean atzerapausoak ekar ditzakeelako, euskararen normalizazio prozesua bera kolokan jarriz.

Osasun krisiaren kudeaketan hizkuntzen garrantzia mahai gainean jartzen duen beste hausnarketa bat ere egitea komeni da: hain zuzen, birusa hartuta gaixotu direnen bizipena kontuan duena. COVID-19ak eragindako gaixotasuna bakardadean igaro behar izan dute gaixoek; eta asko familia kideei agur ere esan gabe joan zaizkigu. Gaixoen ongizatea helburu dugunean, egoera latz horretan norberaren hizkuntzan artatua izateak inoiz eta balio handiena bereganatzen du. Izan ere, jakin badakigu, norberaren hizkuntzan jarduteak konfiantza eta gertutasuna ugaritzen dituela solaskideen artean. Osasun krisiak kudeatzeko orduan, ez dezagun, bada, hizkuntzen balioa gutxietsi.

Bestalde, COVID-19ak eragindako krisiak itxialdian jarri gaitu herritarrak. Eta horrek ere izan du eraginik euskaran. Lantegiak, eskolak, komertzioak... itxita, hizkuntza etxe barrura bueltatu da, urte luzeetan bere izan duen txokora. Horrek hizkuntzaren uzkurtzea ekarri du, bat-batean, harremanak eurak eta harreman esparruak murriztuta, euskara herritar askoren bizitzatik desagertu baita. Hala, euskararen eta euskal komunitatearen egoera zaurgarria, beste behin, agerian geratu da.

Azpimarratzekoak dira egoera horri buelta eman eta euskara euskal hiztun guztiengana heltzeko euskaldunon komunitateak erakutsi duen erresilientzia eta erreakzio azkarra. Beste sektore batzuetan gertatu bezala, komunitateak, herriak, bere agerpena egin du, instituzio publikoen ahal eta ezinen aurrean eginkizun sozial garrantzitsuak bere gain hartuz. Hala, teknologiak baliatuz eta berrikuntzari bidea zabalduz, hainbat eta hainbat ekimen abiatu dira; besteak beste, laguntza sareek antolatutako mintzapraktika saioak, Etxealditik Euskaraldira ekimena, euskarazko kultur sorkuntza oparoa, aisialdira bideratutako hainbat webgune...

Ekimenon irismena zenbatekoa eta zer-nolakoa izan den oraindino aztertzeko dago, baina aurreikus daiteke gizarteko sektore guztietara heltzea ez dela egiteko erraza izan; normalean izan ohi diren zailtasunei itxialdiak berak ekarri dituenak gehitu behar zaizkie, gainera. Edonola ere, eta zailtasunak zailtasun, ekimenotan euskararen periferian dauden herritarrak zein kolektibo babesgabeenak barneratzeko ahalegin berezia egitea garrantzitsua da, atzean geratu ez daitezen eta euskaraz ere bizi den edota bizi nahi duen komunitatea ahalik eta askotarikoena eta inklusiboena izan dadin.

Begirada etorkizun hurbilean jarrita, badirudi osasun krisiari krisi ekonomikoak jarraituko diola; eta krisiarekin batera aurrekontu publikoek ere murrizketak izango dituztela, nahiz eta, agertokirik onenean, osasun krisiaren eraginez sektore publikoa indartuta atera eta finantzazio bide alternatibo eta eraginkorrak bilatu. Botere publikoek bai ala bai lehentasunak ezarri beharko dituzte. Gakoa, hortaz, lehentasun horien baitan herritarren hizkuntza eskubideek eta hizkuntza politikak zein toki beteko duten izango da, eta baita bereganatutako toki horrekin zer egingo dugun ere. Jardunbide eta estrategiak ondo zehaztea funtsezkoa izango da, beraz.

Ildo horretan, bada esparru bat osasun krisialdi honetan inoizko azkartze eta zentralitate handiena bereganatu duena gure bizitzetan: mundu digitala. Gure egunerokoan nonahikoa eta inoiz eta ezinbestekoagoa bihurtu zaigu mundu digitala azken hilabeteotan; eta pentsatzekoa da tarte honetan geureganatu ditugun hainbat jarduteko molde aurrerantzean ere mantenduko ditugula. Hori horrela izanik, euskararen normalizazio bidea esparru digitalean ere lantzea inoiz eta funtsezkoagoa izango da, hizkuntza eskubideak bermatuko dituen esparru digitalerako hizkuntza politika diseinatzea eta azken hilabeteotan jorratutako bideari jarraipena ematea.

Eta etorkizun ertainari begira, zer? COVID-19aren krisiak orain arteko gizarte ereduaren bideragarritasunaren inguruko zalantzak are gehiago indartu ditu; eta askok gizarte eredu jasangarriago bat eraikitzeko beharra inoiz eta beharrezkoagoa ikusten dute gaur. Mundu jasangarriago baten alde egiteak hizkuntza aniztasunaren eta tokian tokiko komunitateen alde egitea dakar nahitaez. Hala, idatzi honi amaiera emateko, Berrindartu eta jauzi (2020) gogoetan Topalabe taldeko taldekideek bildutako hitzak hona ekarri nahiko nituzke. Horrela diote:

[COVID-19ak eragindako] krisialdiak aukera ezin hobea eskaintzen du komunitatearen garapen jasangarria etorkizuneko estrategiaren ardatzean kokatzeko, eta eragile guztien lankidetzan oinarritutako gobernantza lehenesteko. Euskarak sekulako jauzia egin lezake, baldin eta bilakaera kolektibo horren gidaritzan euskaltzaleok parte aktibo bihurtzen bagara.

Aprobetxa dezagun bada aukera.


Erreminta gehiago...

Jule Goikoetxea Mentxakaren erremintak

Trumoitik ekaitz perfektura? Aitor Zuberogoitia Espilla

Izurria nola geldiarazi Harkaitz Zubiri Esnaola

Ameslari sinesgogorren alde Alba Garmendia Castaños

Materialismo gehiago Jokin Bergara Eguren

Borrokan eta bakean Edur Epelde Pagola

Ekai Txapartegi Zumetaren erremintak

... eta astero gehiago.