Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan
Menua
Erreminta kaxa

Izurria nola geldiarazi (Harkaitz Zubiri Esnaola)

2020-05-28

COVID-19 gaitzaren pandemiak ekarri digun normaltasun distopikoari aurre egiteko lanabesak biltzen dabil Jakin. Zer eta zergatik gertatu den, eta zer ikasi dugun ulertzeko eta irtenbideak begitantzen asmatzeko tresnak eskatu dizkiegu hainbat pentsalariri (ikus behean). Horien artean duzu Harkaitz Zubiri Esnaola  UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslearen idatzizko gogoeta.


Izurria nola geldiarazi

Harkaitz Zubiri Esnaola

UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea

 

Taiwanen shock handia izan zen SARS birusaren krisia. 2003ko martxotik uztailera 181 lagun hil ziren (Chen et al. 2005). Ia 24 milioi biztanle dauzka Taiwanek. Esperientzia traumatiko hura komunitate bezala ikasteko eta hurrengo krisirako prestatzeko baliatu zuten. COVID-19a azkar hedatu zen Taiwanera, eta, hala ere, 2020ko maiatzaren erdialderako guztira 7 ziren hildakoak. Bitartean 2020ko martxotik maiatzaren erdialdera ia 2.000 lagun hil dira Euskal Herrian, 3 milioi biztanleko lurralde batean. Beste era batera esanda: Euskal Herrian 100.000 biztanleko 66 lagun hil dira pandemiak jota. Taiwanen 0,03. Zergatik?

Izurria

Uda batez irakurri nuen Izurria, aspaldi, zuhaitz artean, egun argitsu eta lasaietan. Miresgarria bezain irreala iruditu zitzaidan. Gure errealitate morala islatu nahi zuen metafora argigarri bat. Albert Camus deskubritzearen zirrara sentitu nuen. Izurria. Berriro irakurri dut orain, Itxialdi Handian gauden bitartean. Eta bai, egia da, inoiz ez gara ibai berean bi aldiz bainatzen. Lehengo astean argitaratu izan balute bezala, guri buruz ariko balitz bezala. Camusek dioenez, izurriak ez daude gizakion neurrira eginda, eta horregatik sinetsi nahi izaten dugu iraganeko kontua direla; apalak izaten ahaztu egiten zaigu, gainera erortzen zaigunean bakarrik ikusten dugu izurria.

2019ko abenduaren 31n hainbat kasu larriren berri eman zuten Wuhanen, Txinan. 2020ko maiatzaren bukaera aldera baieztatutako bost milioi kasu baino gehiago daude munduan, 330.000 hildako baino gehiago. Hasieratik, kalitatezko informazioa eskuragarri jarri dute aldizkari zientifiko prestigiotsuenek, doan. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) larrialdi egoeran geundela plazaratu zuen urtarrilaren 30ean, eta otsailaren 3an materialak erosteko eta planak antolatzeko gomendatu zien erakunde publikoei (nazioartekoei, nazionalei, erregionalei). Martxoaren 11n COVID-19a pandemia izendatu zuten.

Behin-behineko konponbidea

Hego Korean otsailaren 20an ez zegoen hildakorik, baina ordurako 104 kasu identifikatu zituzten, eta kaleak hustu egin ziren. Aldi berean, gobernuak ahalegin handia egin zuen kasuak detektatzeko eta isolatzeko. Maiatzaren erdialdera 100.000 biztanleko 0,5 hildako zeuzkaten.

Ez genuke ohitu behar jendea milaka hiltzen ikustera. Are gutxiago heriotza horietatik gehienak eragotzi badaitezke. Hego Koreakoa eredu arrakastatsua da, eta OMEk eman dituen gomendioak hegokorearren ildotik doaz: kasuak ahal bezain azkar detektatu, testatu eta isolatu behar dira; kutsatutakoek aurretik harremana norekin izan duten trazatu behar da, kasu potentzialak identifikatu eta testatu egin behar dira, eta, beharrezkoa denean, isolatu egin behar dira. Hori guztia egin ahal izateko, osasun zerbitzuek ondo antolatuta eta materialez hornituta egon behar dute, eta jendearen gehiengoak bat egin behar du neurriekin. Mugikortasuna gutxi murrizten da horrela. Ekonomiak eta gizarteak martxan jarrai dezaten ahalbidetzen da. Kalteak arindu egiten dira. Pandemiak areagotu dituen desberdinkeriak (ekonomikoak, genero arlokoak, hezkuntza eremukoak...) ez dira hainbeste nabarmentzen.

Gainerako herrialdeak eredu horretara hurbildu edo horretatik urrundu diren heinean, emaitzak hobetu edo okertu egin direla dirudi. Ikerketa sendoagoak behar dira oraindik, baina Johns Hopkins Unibertsitateak eskaintzen dituen datuak jadanik oso deigarriak dira: maiatzaren erdialdera 100.000 biztanleko 58 hildako zeuzkan Espainiak, 51 Italiak, 49 Erresuma Batuak, 40 Frantziak, eta 6 Alemaniak, 0,4 Zeelanda Berriak, 0,5 Hego Koreak, 0,03 Taiwanek. Ez dira zenbaki hutsak. Hil den jendea da.

Zientzia eta politika

Zientziari askoz gehiago begiratu beharko lioke politikak, baina ez erabaki politikoak hartu ondoren, hartu aurretik baizik. Gobernuek nahiz oposizioko alderdiek. Ebidentzia zientifikoetan oinarritzen den politikak osasun publikoa hobeto zaintzen du. Bi adibide aipatuko ditugu.

Heriotza kopuru handia Euskal Herrian ez da izan zahar asko daudelako. Hego Korea, adibidez, demografikoki oso antzekoa da. Ondorengo faktore hauek erabakigarriak izan dira (Deusdad 2020): baliabide falta nabarmena izan da, batik bat zahar-egoitzetan; egoitzen diseinuak eta dentsitateak transmisioa erraztu dute; eta osasuneko langileen babeserako baliabide faltagatik beste herrialde gehienetan baino gehiago kutsatu dira eta, ondorioz, jende gehiago kutsatu dute. Gainera, zenbait herrialdetan adin batetik gorakoei ukatu egin dizkiete zaintza intentsiboak. Giza eskubideen urraketa oso larria da hori. Ez da, noski, medikuen ardura, baliabideak murriztu dituztenena baizik. Zientzian oinarritutako politika gai da arazo horiek guztiak ekiditeko. Jakina, gai izan behar dugu zientzia noraino iristen den eta erabaki politikoak noiz hasten diren bereizteko.

Halaber, egiten ari garen deseskalada hankamotza da. Presio komertzialengatik agian, presio sozialagatik akaso, baliabide nahikorik gabe ari gara egiten trantsizioa. Ondo atera daiteke, edo ez. Baina zoriaren esku uzteak ez du zentzu handirik, bermeak ekoitz daitezkeenean. Jendeari ardura exijitzea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. OMEren gomendioak betetzeko baliabide eta planek martxan egon beharko lukete jadanik: testak, isolamendu selektiboa, trazagarritasuna.

Egitura produktiboa

Gizarte industrialetik informazionalera pasa ginenean, askok uko egin zioten gaiari, eta, ondorioz, trantsizioa askoz basatiagoa izan zen. Orain, iraultza teknologiko oso indartsu bat bizitzen ari gara berriro, eta horretan buru-belarri sartzen ari ez diren gizarteentzat zailagoa da erronka garaikideei fundamentuz aurre egitea. Baita pandemiari aurre egitea ere. Ondoen funtzionatzen duten neurriak errazago aplika daitezke teknologikoki garatuago dauden herrialdeetan. Baina, gainera, teknologia berriak erabiltzean sor daitezkeen arazoei aurre egin nahi badiegu (esate baterako, erabilerarekin ekoizten diren datuei zer erabilera ematen zaien), ezinbestekoa da gai honi bete-betean heltzea.

Gure egitura produktiboak herren egiten du. Eraikuntzak, turismoak eta prekarizazioak gehiegi zamatzen dute. Inpaktu sozio-ekologiko kaltegarri handia dute, eta, gainera, ez dute hainbesteko aberastasunik ekoizten (bai bakan batzuentzat, baina ez gehiengoarentzat). Beste sektore batzuk askoz gehiago indartzeko garaia da, mesedegarriagoak direlako: teknologia berriak, energia berriztagarriak, kalitate handiko osasun zerbitzu publikoak, hezkuntza, zaintza...

Pandemiari aurre egiteko baliabide nahikoa ez badaukagu, zailtasunak aukera bihurtu beharko genituzke. Orain daukagun gaitasunarekin ezin bada, hori izan behar da lehentasuna, gaitasuna ekoiztea. Ea berehala hasten garen horrelako gauzei eraikuntza nazionala deitzen.

Gizarte zibilaren erantzuna

Gizarte zibilaren jokabidean argi-ilunak oso deigarriak dira. Mendebaldeko gobernu askok egin gabe zeuzkaten OMEk jarri zizkien etxeko lanak, eta, beraz, krisia Europan lehertu zenean, konponbide eraginkorrena ez zen posible, baliabiderik ez zegoen, ezta antolakuntzarik ere. Beraz, itxialdi zorrotzena zen herritarron aukera onena. Itxialdi Handia. Hasi aurretik, inork ez zekien gai izango ginen edo ez, eta bai, gai izan ginen. Kaleak hustu egin genituen. Irudi horrek kezka bezainbeste itxaropena pizten du. Ez genuen guztia harmonian egin, eta oinarrizko zerbitzuak eman zizkigutenek oso gogor egin behar izan zuten lan, baina pandemiak orain arte jo digun kolpe gogorrena geldiaraztea lortu genuen.

Itxialdi zorrotzena zailagoa izan zen baldintza okerragotan bizi zirenentzat. Baina ez horientzat bakarrik. Itxialdi hori zailagoa izan zen zertan ari ginen ulertu ez zutenentzat. Egiten ari zirenak ez zuen zentzu handirik, horien ikuspegitik, eta, horrela, bizitza askoz zailagoa da.

Pandemiak infodemia ekarri zigun. Errazago onartzen dugu gure sinesmenekin bat datorren informazioa, nahiz eta gezurra izan. Esan izan dute gripea bezalakoa izango zela, osasun arloko langileak ez zirela gaixotuko, umeak ez zirela kutsatzen, konfinamendua kaltegarria zela gaixotasunari aurre egiteko, maskarek prebenitu baino arazoak sortzen dituztela... Ideologikoki hurbilekoa den jendeak halakoak esan dituenean, gehiago hedatu da gezurra. Mozorrotuta, bai, baina, funtsean, oso jokabide erreakzionarioak dira, osasun publikoari kalte egiten diotelako. Bizitza erdigunean jartzeak ekarri beharko luke erreakzionarioa zer den ondo identifikatzen ikastea. Osasunari kalte egiten diona erreakzionarioa da. Zorionez, sare sozialetan, esate baterako, informazio zuzena askoz gehiago zabaldu da (Pulido et al. 2020a), aurretik, adibidez, Ebolaren krisian gertatu zen bezala (Fung et al. 2016); baina, hala ere, erronka handia daukagu, informazio faltsua oraindik asko hedatzen direlako. Txinak zentsuraren bidez eragozten du; hemen, gizarte zibila ahaldunduz eta zientziarekiko harremana estutuz lortu behar dugu (Pulido et al. 2020b).

Transgresio atzerakoienek ere protagonismo handia izan dute gizarte zibilean. Geure burua nola babestu behar dugun badakigu, OMEren gomendioak askotan heltzen zaizkigu. Baina osasun publikoaren kontrako jokabideekin txisteak egin dituzte askok. Jokabide erreakzionarioak erakargarri bihurtzea, hori da umore mota horren emaitza. Arau onak errespetatzea eraldatzailea da. Arau onak urratzea erreakzionarioa da.

Diskurtso koertzitiboak presio handia egiten ari dira jokabide eraldatzaileenen kontra. Adibidez, maskara jantzi nahi dugunean (seguruago sentitzen garelako edo zaurgarrienekiko elkartasunagatik), batek baino gehiagok sinetsarazi nahiko digu pringatuen kontua dela, eta lotsa sentiarazten saiatuko da. Aurretik mila aldiz gertatu da. Hamarkadak behar izan genituen kotxeko segurtasun-gerrikoa lotzeko. Kotxe istripuek eragindako milaka hildako normalizatu genituen. Ea COVID-19arekin azkarrago lortzen dugun diskurtso koertzitiboak gainditzea. Nahiz eta OME ez den hain fin ibili maskarei buruzko gomendioetan, badakigu maskara janztea zentzuzkoa dela (Leung et al. 2020, Cheng et al. 2020).

Izurria gelditzeko arrazoiak eraiki

Izurriari arrazoiak eman behar dizkiogu gelditu dadin. Gure inertziek ez dute geldiaraziko.

Camusek Izurria-n argiki erakutsi zuen zer baliotsua den elkarri laguntzen dion jendea. Pandemiak ere bultzatu beharko gintuzke komunitate sentimendua hauspotzera. Komunitatea da elkarren ongizateaz arduratzen den jende taldea, elkar zaintzen duen gizaki multzoa.

Taiwanen 2003an 181 herrikideren heriotzak eragin zuen aldaketa. Euskal Herrian gutariko 2.000 joan zaizkigu COVID-19ak jota. Ikuspegi kuantitatibotik begiratuta, oso motibatuta egon beharko genuke.

Osasun publikoko krisi bat berriro gertatzeko aukerak benetakoak dira, aurten ez bada, hurrengo hamarkadetan. Birus batek eraginda ez bada, bestelako kausek eraginda izan daiteke, aldaketa klimatikoak, adibidez. Gure ezagutza garatu ahala, krisi bakoitzari aurre egiteko metodo zehatzak aldatu egingo dira. Baina orain, hemen, krisiei aurre egiteko daukagun ikuspegia doitu egin beharko genuke, eta, hori eginez, areagotu egingo genuke horrelako erronkei erantzuteko daukagun ahalmena. Hori hobetzea lortzen badugu, ez dugu bakarrik pandemia bati aurre egiteko gaitasuna handituko. Hobeto bizitzeko baldintzak ere eraikiko ditugu. Horretan datza distopiatik urruntzea eta utopia errealak sortzea.

 

Bibliografia

Chen, K.T., Twu, S.J., Chang, H.L. et al. (2005): ‘SARS in Taiwan: an overview and lessons learned’, International Journal of Infectious Diseases 9(2), 77-85 (DOI: 10.1016/j.ijid.2004.04.015).

Cheng, K.K., Lam, T.H. eta Leung, C.C. (2020): ‘Wearing face masks in the community during the COVID-19 pandemic: altruism and solidarity’, The Lancet (DOI: 10.1016/S0140-6736(20)30918-1).

Deusdad, B. (2020): ‘COVID-19 y la Crisis de las Residencias de Mayores en España: Edadismo y Precariedad’, Research on Ageing and Social Policy 8(2), 142-168 (DOI: 10.17583/rasp.2020.5598).

Fung, I. C.-H., Fu, K.-W., Chan, C.-H. et al. (2016): ‘Social Media’s Initial Reaction to Information and Misinformation on Ebola, August 2014: Facts and Rumors’, Public Health Reports 131(3), 461-473 (DOI: 10.1177/003335491613100312).

Leung, N.H.L., Chu, D.K.W., Shiu, E.Y.C. et al. (2020): ‘Respiratory virus shedding in exhaled breath and efficacy of face masks’, Nature Medicine 26, 676-680 (DOI: 10.1038/s41591-020-0843-2).

Pulido Rodríguez, C., Villarejo Carballido, B. eta Gómez, A. (2020a): ‘COVID-19 infodemic: More retweets for science-based information on coronavirus than for false information’, International Sociology (DOI: 10.1177/0268580920914755).

Pulido Rodríguez, C., Villarejo Carballido, B., Redondo-Sama et al. (2020b): ‘False News Around COVID-19 Circulated Less On Sina Weibo Than On Twitter. How To Overcome False Information?’, International and Multidisciplinary Journal of Social Sciences 9(2), 1-22 (DOI: 10.17583/rimcis.2020.5386).

 


Erreminta gehiago...

Jule Goikoetxea Mentxakaren erremintak

Trumoitik ekaitz perfektura? Aitor Zuberogoitia Espilla

Ameslari sinesgogorren alde Alba Garmendia Castaños

Materialismo gehiago Jokin Bergara Eguren

Borrokan eta bakean Edur Epelde Pagola

COVID-19a eta euskara Jone Goirigolzarri Garaizar

Ekai Txapartegi Zumetaren erremintak

... eta astero gehiago.