Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan
Menua
Erreminta kaxa distopia garaietarako

Materialismo gehiago (Jokin Bergara Eguren)

2020-06-01

COVID-19 gaitzaren pandemiak ekarri digun normaltasun distopikoari aurre egiteko lanabesak biltzen dabil Jakin. Zer eta zergatik gertatu den, eta zer ikasi dugun ulertzeko eta irtenbideak begitantzen asmatzeko tresnak eskatu dizkiegu hainbat pentsalariri (ikus behean). Horien artean duzu Jokin Bergara Eguren Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslearen idatzizko gogoeta.


Materialismo gehiago

Jokin Bergara Eguren

Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslea

 

Estatu Batuetako lan-estatistika erakundeak etxetik lana egiteko aukera duten langileen inguruko datuak eman ditu, errenta kontuan hartuta. Errenta-eskalan azpian dagoen %25eko multzotik, %9,2k soilik du etxetik lana egiteko aukera; aldiz, sailkapenaren goialdean dagoen beste %25en artean, %61,5ek egin dezake lan telematikoki. 2008ko krisialdian ere antzeratsu, errenta-maila baxuena zuen %25ek bere eros-ahalmena galdu zuen nabarmenen, urteetako kontsumo gizarte apolitizatua zalantzan jarri eta aro gatazkatsu bati hasiera emateko. 2011. urtean Italiako ekonomialari batzuek Florentziako familiarik aberatsenak Errenazimenduan zeuden berak zirela ikertu zuten, 600 urte pasatu ostean, abizen berberekin. Industrializazioa, Lehen Mundu Gerra, faxismoa... pasatu ondotik ere, hor jarraitzen dute, euren kokapen soziala mantentzeko etengabeko gatazkan. Adibideok geure gizarteetan martxan dauden joera historiko-sozialen berri ematen digute, eraldaketari erresistenteak zaizkion arnasa luzeko joerak, eta behin eta berriro errepikatzen direnak. Bada, COVID-19ak hori dakar, materialismo gehiago.

Gizarte aldaketak zein bulkada kolektibo eta motibazio-indarretatik datoz? Zein baldintza historiko-sozial behar ditu sakoneko eraldaketa kultural batek? Hori da agian ikerketa soziologikoaren lehengaia, gizarteak zein mekanismoren bidez jokatzen duen zehaztea, eraldaketa posible baterako baldintzen mapa marraztu ahal izateko. Birusak jokatzeko ditugun modu horiek azeleratu ditu, eta gure gizarte oinarrietan lurrikara txiki bat eragin. Gizarteen azpikorronteetan jarioan dauden emozioetako asko (beldurra, angustia, panikoa...) azalera ekarri dituen bezala, oldarraldi neoliberalaren dinamikak aldarazteko ahalmen esperogabea ere sortu du.

Marx eta Engelsek idealistekin izan zuten eztabaida klasikotik ez dago adostasunik gizarte aldaketaren soziologian, ea faktore materialek zenbateraino determinatzen duten edozein eraldaketa prozesu. Agian hor dago pandemia hau interpretatzeko galdera nagusiaren hazia: zer da eta zein modutan eragiten du materiala den horrek geure bizitzetan zehazki? Materialistek diote inozoa dela gizakiaren potentzia subjektiboan soilik sinestea, aspalditik datozen dinamika historiko sendoak daudela geure gizarte bizitza baldintzatzen, eta, noizean behin, baldintza materialek horretara behartzen badute, gatazka, interes kontrajarri eta irakinaldi soziopolitikoko forma har dezakeela.

Azpimarratu behar da COVID-19a bereziki eta beste ezeren aurretik faktore materiala dela, geure gorputzetara ekarria eta hezur-haragitan sentitua. Hor dago agian hilabete hauetan bizi eta ikusi dugunaren gakoetako bat, hamarkadetako borroka kultural-sinbolikoek komunikatzea lortu ez dutena modu argian agerrarazi baitu: geure gizarteen botere-konfigurazioak, jokatzeko modu autoritarioak, klase funtzionamenduak eta genero arrakalak zein diren erakutsi digu, oso modu gordinean.

Hor dauzkagu autogobernuen galera praktikoak, balkoietako jokabide sasifaxistak, genero indarkeriaren areagotzea, edo lorategia duten etxe handien eta hirietako periferietako pisu estu eta txikien arteko desberdintasun materiala, klase sozialen arteko gatazkaren bertsio berrituan. Garapen eredu amorratuaren albo-kalteak, azken finean, aurrez historian sekula sortu gabeko oparotasun materiala sortzen duen modu berean dakartza ondoez sozial eta psikikoko dosi altuak. Desberdintasun sozialak, neurosi kolektiboak edo masa-prekariotasuna modu pandemikoan hedatu da Europan eta Euskal Herrian azken hamarkadetan. Birusak biluzte lanak besterik ez ditu egin.

Eta zer gertatu da giza afektuak hornitzen dituzten komunitate, familia, lagun-talde edo lotura afektibo estuko edozein esparru sozialekin? Agian hemen dago berritasunik handienetakoa, gorputzaren urruntzean eta ordenagailuari itsastean. Nolabait, borondatezko konexiotik derrigorrezko konexiora pasatu gara, gizakiaren eta teknikaren arteko milurtekoko harremanaren aurpegi berri arriskutsuan. Plataforma digitalen kontsumo hazkuntza eta algoritmoen zehaztasuna hornitu ez ezik (Netflix, Amazon, sare sozialak, Google), gorputzak bere haragizkotasuna galdu eta konexio-sare erraldoi batean parte-hartzen duen psike bilakatu gara. Distantziamendu sozialaren arauak gerturatzeari, ukitzeari beldurra izatea ekar lezake, jokabide fobikoak zabaltzearekin batera. Ziberespaziora ireki, mundura ixteko.

Garapenaren kritika filosofiko aski ezagunak dio zalantzan jarri behar dela historiaren norabide bakarreko aurrerapenaren ideia. Walter Benjaminek edo Nietzschek zioten ezin direla esparru jakinetako aurrerapenak garapen historiko orokor baten eskemaren baitan azaldu. Frankfurteko Eskolako kideek ere, kontzentrazio-esparruak eta Holokaustoa ezagutu ondotik, ezin zuten berretsi historiak norabide aurrerakoia daukalako tesia. Bestela esanda, aurrerapen teknologikoak atzerapen moral-espiritualari atea zabal diezaioke, distopia berri baterako bidea egitera bultzatuz. Etxean sartuta denbora moteldu da, baina hiperkonexio gehiago nahi izan dugu, ziur aski kapitalismoak ahalbidetzen dituen subjektibotasun nartzisista-espresiboen desira asetzeko. Geure buruen irudi estetikoki miresgarriak sortzeko zereginean murgildu gara, antsietate, paniko eta depresio mailak oraindik gehiago areagotzeko.

Elementu asko elkarren artean nahasi dira, beraz; birus material txikiak esan dizkigu gauza batzuk kapitalismo garaikidearen, botere-banaketaren eta geure gizarteen konfigurazioaren gainean. Alabaina, gizartean martxan dauden dinamikak nahiko era basatian erreproduzitu dituen bezala, iruditeria berrietarako aukera erreala ere ireki du. Osasungintza publikoaren behar ukaezina, zaintza lanen balio sozialaren igoera, aberastasunaren birbanaketaren eta ekonomia zein enpresa demokratizatzearen premia, gertuko komunitatearen berrindartzea, justizia klimatikoa... Eraldaketarako potentziala askatzen ari da. Gizartea materialki hornitua egoteko ere beharrezko lana zenbatekoa den erakutsi digu, trenaren motorrari ikatz gehiago botatzeak makina muturrera eramaten duela agerian jarriz. Bere ardatzak, torlojuak eta engranaje ezberdinak larregi berotzeak kea eta funtzionamendu arazoak besterik ez ditu ekartzen.

Mugen etengabeko luzapenaren logika edo axiomatika guattariarra hautsi du saguzarrak. Post-hazkunderako bidearen lehen sintomak izan daitezke eremu materialean, BPGaren uzkurtzea, turismo masiboaren bukaera edo mugikortasun mugatua. Kapitalismorako trantsizioa nolakoa izan zen begiratzen badugu, esparru ezberdinetan modu nahiko kaotikoan eta era desordenatuan egindako trantsizioa izan zela diote historialari sozialek. Bada, eremu materialean gauzatzen ari den aldaketa behartu horrek eremu kultural-sinbolikoan zer forma hartuko duen argitzea da agian gakoetako bat postkapitalismorako trantsizio ekologiko eta soziala nolakoa izan daitekeen irudikatu gura badugu.

Badirudi materialtasunak ostera ere aldaketak ekarriko dituela, eta subjektu garaikidea kontsumo baxuko errealitate berri horretara moldatuko ote den, prozesu beti gatazkatsuan, hor zalantza. Argi dagoena da esparru akademikotik, literariotik, musikaletik, kazetaritzarenetik edo bitartekaritza kulturala eskatzen duen edozein alorretatik eremu kultural berritua osatzea dagokigula, errealitate materialaren kapritxoetara egokitu dadin etxe sinboliko-kultural berritu hori, justizia sozial, ekologiko eta generozkoaren printzipioen gainean eraikia.


Erreminta gehiago...

Jule Goikoetxea Mentxakaren erremintak

Trumoitik ekaitz perfektura? Aitor Zuberogoitia Espilla

Izurria nola geldiarazi Harkaitz Zubiri Esnaola

Ameslari sinesgogorren alde Alba Garmendia CastaƱos

Borrokan eta bakean Edur Epelde Pagola

COVID-19a eta euskara Jone Goirigolzarri Garaizar

Ekai Txapartegi Zumetaren erremintak

... eta astero gehiago.