Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan
Menua
Erreminta kaxa distopia garaietarako

Ameslari sinesgogorren alde (Alba Garmendia Castaños)

2020-05-27

COVID-19 gaitzaren pandemiak ekarri digun normaltasun distopikoari aurre egiteko lanabesak biltzen hasi gara. Zer eta zergatik gertatu den, eta zer ikasi dugun ulertzeko eta irtenbideak begitantzen asmatzeko tresnak eskatu dizkiegu hainbat pentsalariri. Horien artean duzu Alba Garmendia Castaños EHUko  filosofia doktoregaiarena. Sarean ere duzu eskura Aitor Zuberogoitia Espilla Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslearena, bideo zein testu bihurtuta.


Ameslari sinesgogorren alde

Alba Garmendia Castaños
Filosofian doktoregaia UPV/EHUn

 

Lilurarik ez

Ez dago itzultzerik eraiki genituen gezurrezko mundu birtualetara. Panazea zirudien Internetek –sendabidea eros zezakeenarentzat–: jakintza-iturri etengabea, jakin-min asezina zutenentzat; herriminez zeuden Erasmus ikasleak gerturatzen zituen familia-lagunengana; zentsura garaiak atzean uzteko eta informazioa demokratizatzeko bidea irekitzen zien kazetari independenteei; telebista, museo, argitaletxe, antzoki eta enparauen iragazkia pasa beharrik gabe, mundiala zen sortzailearen balizko publikoa; lan-orduak dena delakoarekin uztartzeko erraztasuna ematen zien beste zenbaiti; hezur-haragizko mundu inperfektua edertzen zien sare sozialak belaunaldi bati baino gehiagori... Baina noizbait konturatu gara pantailaren bestaldeko munduak ez digula bizitzeko adina ematen. Desegin da sorginkeria.

Lehengo informazio-gaindosiari gehitu zaio pandemian zehar egunez egun berrituz joan den neurri-saldoa. Gertukoenen hutsunea bideo-deiek bete zezaketela uste zuenak galde diezaiola bere esperientziaz azken agurra pantailaren atzetik eman duenari. Eskuak bete lan du kazetaritzak gobernuen neurriak interpretatzen, albiste faltsuak gezurtatzen, etxe barruetako miseriak arduraz zabaltzen. Kultur produkzioak goia jo badu, prekaritatea lagun zuelako izan da. Telelana ezerekin uztar daitekeela esatea gustu txarreko broma bat da. Tik Tokak sinbolizatzen duen sarea, absurdoa –ez preseski Camusena–.

 

Tronpatzerik ez

Ez da aski izango, ez, bizitza, galtzear gaudelarik. Ezta etxean preso gaudelarik ere. Bi astekoa izango zena bi hilabete pasara luzatuta ere lasai dago apoa laster irakiten hasiko den uretan. Axolagabe, galtzear duenarekiko. Edo indarrik gabe, urak beratuta. Asperdurak ateratzen du egunean behin-edo; txalo egitera lehen, kirola egitera gero, jacuzzian primeran geratuko zaion bainujantzia erostera orain.

Luze gabe ez da aski izango hori ere. Habitat naturalera itzuli beharko gara inoiz, eta plazan dago gurea, inon bada; ez sukaldean. Zeren, nahi gabe bezala barneratu badugu ere, okerra zen ideia: mundua ez du zertan jabetza pribatuak ordenatu. Nork bere etxean behar zuen itxi, eta –ez gaude oso seguru– denona edo inorena ez den espazio publikoak hutsik geratu behar zuen. Salbuespenak salbu. Baina, zergatik? Zer dela eta goza dezake bakarrik bizi den horrek terraza ederraz, hiru ume eta bi heldu bizi diren goiko pisuan balkoitxora ateratzeko txandak egin behar dituztenean, zeri eta hutsik dagoen plaza bati begira egoteko?

Hain daukagu barneratua jabetzaren kontua, espazio publikoa botere publikoaren jabetza pribatu dela iruditzen zaigula. Espaloia, errepidea, plaza, parkea... herriko alkatearenak ote dira, bada? Lehendakarienak, akaso? Segurtasun-indarrenak, bestela? Ez gaitezen tronpa, ez gara jaun feudalen lurretan bizi. Denona den kaleak botere publiko bat behar du.

 

Kontsolatzerik ez

Denbora ez da luzea: hasi da irakiten ura eta ez zen jacuzzia eltzea. Okerra da kartzelan asko ikasi dugulako presozainari eskerrak ematea. Kontsolamendu tristea da protesta, aldarria eta politika zortzietako aisialdizko txalo-saiora mugatzea. Ikasita genuenari errepasoren bat eman beharko diogu sikiera: denona bada kalea, hala balitz bezala jokatu beharko dugula, alegia.

Kalea ez baita aire libreko merkataritza-gune/kiroldegi/jolas-parkea. Batetik, ez da enpresariaren irabazietarako bitartekoa. Ez du zentzurik denona den espazioa gutxi batzuen mesedera jartzeak, errentetatik eta kapitala metatzetik bizi direnen ongizateak ez duelako gainerakoena ekartzen. Bestetik, kalea ez da aisialdirako uzten zaigun espazioa. Ez da kontzesio bat. Ez da lanaren –edo langabeziaren– presioa jasaten jarraitzeko ihes-balbula. Gezurra badirudi ere, lehentasunak beste batzuk izan daitezke.

Denona bada kalea, denon artean erabaki beharko dugu harekin zer egin. Kontua ez da esaneko hiritar akritiko izatetik nork bere kontzientzia libreki jarraitzera pasatzea, erabakiak hartzen diren mahaian leku bat izatea baizik. Gure kasa pentsatzeko ahalmenari hautsa kentzen hasi beharko dugu, eta bizitzaz okupatzen kapitalak hustutako lekuak. Lehentasunak aldatzea eskatzen du horrek: enpresarien esaneko izateari utzi beharko dio gobernuak ere, bizi –eta hiltzen– garenon zerbitzura egoteko. Ez dago, noski, kontsentsuzko panazearik; iritzi publikoa bat eta bakarra izatetik urrun egon da beti, eta ez dago denon adostasuna ekarriko duen hitzarmen magikorik. Baina hortxe dago koska. Eztabaidatu egin beharko dugu, kontraesanean dauden iritziak kontrajarri, elkarren beharrei erreparatu, entzuten ez diren ahotsak entzunarazi... eta botere publikoa kalez nahasten denean, zuzendu.

Ez gaitzatela limurtu sorgin-kantuekin. Ez ote dugu, salbuespen neurrien izenean, betiko etsiko etxean... Ederra litzateke, jabetzetatik plazetara aterata, geratzen zaigun denbora nola igaro elkarrekin irudikatzea; eta irudikatutakoa, egitea. Geroak, gaurkotu dadin, lanean topatu behar du bat, ordea; kontsolamenduzkoa izango ez den kultura sortzen, bizitza lehenesten duen ekonomia egikaritzen, eztabaida eraikitzailea helburu duen politika aberasten... Horixe galtzea litzake galtzea dena.


Erreminta gehiago...

Jule Goikoetxea Mentxakaren erremintak

Trumoitik ekaitz perfektura? Aitor Zuberogoitia Espilla

Izurria nola geldiarazi Harkaitz Zubiri Esnaola

Materialismo gehiago Jokin Bergara Eguren

Borrokan eta bakean Edur Epelde Pagola

COVID-19a eta euskara Jone Goirigolzarri Garaizar

Ekai Txapartegi Zumetaren erremintak

... eta astero gehiago.