Intxaustiren ekarpena

Orrialde asko dituzte Joseba Intxaustiren curriculumak eta bibliografiak. Asko, eta mamitsuak. Historialaria da, baina historialarienak ez diren hamaika lanetan ere nabarmendu da. Aitzindaria izan da euskararen historia sozialaren eta Euskal Herriaren historia erlijiosoaren ikerketan, baina aitzindaria izan da historiatik kanpo ere, bereziki euskararen terminologiaren arloan, oso gazte zela Jakin aldizkari sortu berritik garbizalekeriari aurre egitera ausartu zenean, edota UZEIren sorrera bultzatu eta zuzendu zuenean, gerora.

Euskalgintzan egin duen ibilbide luzeko lehen pausoak Erriberrin eman zituen, artean ikasle zela ikaskideei alfabetatze eskolak emanez, batetik, eta ikasleek urtean behin argitaratzen zuten Gure izarra aldizkarian hainbat lan argitaratuz, bestetik. Geroztik hainbat aldizkaritan argitaratu ditu bere lanak, Jakin, Anaitasuna eta Arantzazu-n, batez ere.

Garai hartan euskal letretan nagusi zen jatorrismoak euskara itoko ote zuen kezkatuta zegoen ordurako Intxausti, eredu harekin ezinezko ikusten baitzuen euskaraz arlo guztiei buruz aritzea, besteak beste zientziari eta teknika modernoei buruz irakurleek ulertzeko moduan idaztea. 1959an Jakin-en argitaratutako ‘Illobira bultzaka’ artikulua da Intxaustik arlo horretan izandako aitzindaritzaren lekuko.

Azken urteotan bi iker lerro nagusiri jarri die arreta Intxaustik. Batetik, euskararen historia sozialaren ikerketa sistematikoa abian jarri eta jarraipena segurtatu du Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri proiektuaren bidez, eta Euskal Herriko historia erlijiosoaren ikerketan aitzindari lana egin du, lekukoa hartu nahi dionarentzat oinarriak jarriz.