Biografia

Juan San Martin Ortiz de Zarate 1922ko ekainaren 23an jaio zen Eibarren. Ama Otxandiokoa eta aita Eibarkoa bertakoa zituen. Eibarren eman zuen umezaroa, harik eta 1936ko gerrak ihes egin beharra ekarri zion arte. Izan ere, aita liberala eta ezkertiarra baitzen, Valentziara joan zen armagintzan Errepublikaren aldeko lanera. Amak, berriz, erbestera jo zuen seme-alabekin, baina Bordelera zihoan itsasontzia kolpistek harrapatu eta Eibarrera itzuli behar izan zuten. Etxea suntsituta aurkitu zuten, eta osabarenean, esku hutsik, ekin zioten bizimodu berriari. Kolpetik amaitu zitzaion haurtzaroa San Martini.

Egunez tornuan lan egin eta gauez eskolan ikasten aritu zen ondoren, baita sarri-sarri mendira joaten ere, mendia beti izan baitzen espazio askeago bat, garai hartan. Bere lehenengo idatziak ildo horretatik etorri ziren, hala Eibarko Kirol Elkartearen buletinean nola Pirenayca aldizkarian. Gaztelaniaz idazten zituen hasierako artikulu horiek, baina pixkanaka euskaraz argitaratzen hasi zen. Izan ere, 40ko hamarkadako diktadura giroan euskaraz egiten jarraitu zuen San Martinek, naturalki, bai etxean, bai kalean lagunekin, nahiz eta beti egon kargu hartzen zien norbait. Soldaduska urteetan piztu zitzaion euskaltzaletasuna, ordea, militarrek gaztelaniaz ez zekiten euskaldunei egiten zizkieten irainak ikusita.

Hortik aurrera, euskarazko aldizkari garrantzitsuenetan hartu zuen parte, eta bere interes eremua zabaldu ahala luzatu zitzaion kolaborazio zerrenda. Mendizaletasunetik arkeologia eta etnografiara, euskaltzaletasunetik literaturaren azterketara, olerkigintzara eta kulturara. Imanol Berriatuaren Anaitasuna eta Jokin Zaitegiren Euzko Gogoa izan ziren kultur gaiei buruzko bere lehen artikuluen plaza 50eko hamarkadaren hasieran, eta Euskal Herrian izan diren aldizkari gehienetan argitaratu zuen gerora: Anaitasuna, Antzerti, Anuario de Eusko Folklore, Arantzazu, Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos, BRSVAP, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, Egan, Eibar, Euskalduna (Buenos Aires), Euskera, Euzko Deya, Euzko Gogoa, Fontes Linguae Vasconum, Hoja del Lunes, Igela, Jakin, Karmel, Muga, Munibe, Olerti, Pyrenaica, RIEV, Speleo (Oviedo), Zeruko Argia...

1957an euskaltzain urgazle eta 1964an euskaltzain oso egin zuten San Martin. Hain justu, bere lehen liburua tarte horretan argitaratu zuen, 1959an: Juan Antonio Mogel eta Urkitza. Bere bizitza ta lanak. Garai bertsukoak dira Otsalar ezizenarekin sinatzen zituen poema gehienak, eta arrastoa utzi zuten 60ko hamarkadako poemagintzan. Poeta ugariren olerkiak ere ekarri zituen euskarara, Rilke, García Lorca, Brecht, Espriu eta Shakespearerenak, besteak beste.

Euskaltzale autodidakta gisa hasi zena Euskaltzaindiko idazkari lanetan aritu zen 1967tik 1978ra. 1968an Arantzazuko Biltzarrean Koldo Mitxelenak euskara baturako proposatu zuen bidearen defendatzaile sutsua izan zen, eta jarrera horrek h-aren inguruko eztabaida mingotsetan protagonismo handia izatera eraman zuen. 1988an euskaltzainburuorde aukeratu zuten, baina hurrengo urtean kargua utzi behar izan zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Ararteko izateko. 1994tik 1995era Europako Ombudsman (Ararteko) Erakundeko buru ere izan zen, ondoren. Ordurako Eibar utzi eta Hondarribian bizitzen jarrita zegoen.

Lan horiek guztiek iraun zuten bitartean ere berdin jarraitu zuen San Martinek bere intereseko gaiak jorratzen eta liburuak argitaratzen. Ez da harritzekoa, beraz, erretiroarekin batera etorri zitzaizkion aitortza eta omenaldien zerrenda. 2001ean, Eibarko Udalak, Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin, Juan San Martin beka sortu zuen, ikerketa sustatzeko eta Juan San Martin eibartar euskalari eta ikertzailea omentzeko. Urte berean, 36. Durangoko Liburu eta Disko Azokan, Gerediaga Elkarteak 2001eko Durangoko Argizaiola omen-saria eman zion. 2003ko urrian, Koldo Mitxelena Kulturuneak San Martinen omenezko jardunaldiak antolatu zituen, Konpromisoa eta lekukotza euskal kulturaren zerbitzura izenburupean. 2003ko abenduan, Hondarribiko urrezko domina eman zioten eta seme kuttun izendatu. 2004an, Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Giza, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria eman zioten.

2005eko maiatzaren 30ean hil zen Hondarribian, 82 urterekin. Ez ziren omenaldiak amaitu, hala ere: 2006ko azaroaren 17an, Eibarko seme kuttun izendatu zuten.