Tene Muxikaren eragina alor bat baino gehiagotan nabari daiteke. Gerraurreko abertzaletasun jeltzalearen eskutik politikan, literatur modu ugaritan nahiz euskararen aldeko lanean nabarmendu zen, batez ere. Urteen joanean, bere jardunak Emakume Abertzale Batzako kide ospetsuenetakoa bilakatu zuen.

Emakume abertzaleak antolatzeko eta politikan euren jarduera zilegiztatzeko lan eskerga egin zuen EABren baitatik, besteak beste. Horretara bideratu zituen gerraurrean hainbat aldizkaritan argitaratu zituen idatziak, eta mezu horiekin osatu zuen bere lan ezagunenetakoa: Miren Itziar’i idazkiak eta olerkiak.

Iritzi artikuluetan bakarrik ez, literatur munduan ere pisuzko ekarpena egin zuen. Beste zenbait emakumek egin bezala, garaiko euskarazko aldizkari gehienetan idatzi zituen olerkiak eta kontakizun laburrak. Hainbat sari jaso zituen, bai gerraurrean, bai gerraostean. Ez ziren sariak izan Muxikak jasotako onarpen bakarrak, bere ‘Udazken ala’ ipuina ingelesera itzuli eta European Elegies bilduman argitaratu baitzuten 1928an. Ipuin eta olerkigintzaz gain, antzerkiak eta bakarrizketak ere arrakastaz aurkeztu zituen. Sortzaile nekaezina eta polifazetikoa, inondik ere.

Abertzaletasunarekin eta sorkuntzarekin batera, euskara izan zen Muxikak landu zuen esparru nagusia. Gerraurrean EABn bideratu bazituen indarrak euskarara, gerraostean Kardaberaz Bazkunako eta Euskerazaintzako kidea izan zen. Gerraurreko tradizio jeltzaleari lotu zitzaion, beraz, euskara batuaren auzian. Horrek ez zion eragotzi, ordea, jaioterrian bertan pizten ari ziren mugimendu gazteei laguntza ematea. Gazte Elkartearen, ikastolaren eta beste zenbait kultur talderen laguntzaile izan zen 60ko hamarkadan.

Bizitza osoan zehar egindako lanagatik, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 1975ean. 1984an, berriz, Muxika zendu eta hiru urtera, Debako Udalak bere omenezko literatur lehiaketa jarri zuen abian. 2006an lehiaketa hori Tene Mujika Beka bihurtu zuen, Euskal Herriko historia hurbila ezagutarazteko xedez.

Debako Udala
Bilbao 700 - III Millenium Fundazioak diruz lagunduaMillenium Fundazioa