Biografia

Robustiana Muxika Egaña Tene 1888ko maiatzaren 24an jaio zen Deban, dendari familia batean, herriko janari denda handienaren jabe baitziren gurasoak. Herriko eskolan egin zituen lehen ikasketak. Nerabezaroa dendan lanean eman zuen, eta geratzen zitzaizkion tarte libreetan irakurriz iritsi zen literaturaren mundura eta euskaraz alfabetatzera. Gainera, dendarako salerosketak egin beharrak areagotu egin zion herrikide jantziekin harremana izateko aukera (Lorenzo Boneta apaiz euskaltzalearekin edo Joxe Markiegi apaizgai abertzalearekin).

Hogei urte zituela bizkarreko minak heldu zion, eta hamarkada batean etxetik ia atera ezinik geratu zen. Dendako zereginari erabat uko egin gabe, baina geldi egon beharrak bultzatuta, bere literatur zaletasunerako tarte gehiago hartu zuen garai hartan. Hamarkada horretan zehar, olerki eta ipuingintzan nabarmenduz, garaiko euskarazko aldizkari nagusietan idatziz eta EAJra hurbilduz joan zen. Bizkarrezurreko arazoa konponduko zion operazioa etorri zenerako, ezaguna zen Tene Muxikaren sinadura.

Osasuna berreskuratuta, ekintzarako prest agertu zen. Idazki politikoagoak argitaratzeari ekin zion, emakumeei zuzenduak. Abertzaletasun jeltzalearen proiektuan emakumeek zer leku zeukaten zabaltzeko idatziak ziren, Emakume Abertzale Batza sortzen ari zen garaian. EAJren eta Comunión Nacionalista Vascaren arteko zatiketa urteak ziren, ordea, eta, Muxikak CNVren alde egin zuenez, ez zuen EABra sarbiderik. Arrakasta handirik gabe, emakumeen erakunde jeltzale propioa sortzen ahalegindu zen, Abertzale Atzarri Batza. Azkenean, Primo de Riveraren diktadura amaitu ostean, Errepublika garaian batu ziren EAJ eta CNV. Harrezkero, Gipuzkoako emakume ezagunenetako bat izan zen gerra lehertu artean. Politikarekin batera, jarraitu zuen aldizkarietan idazten ere. Horri, ordea, beste genero bat gehitu zion 30eko hamarkadan: antzerkia.

36ko gerrak asmo guztiak eten zizkion, ordea. Erbestera joan behar izan zuen hasieran; ondoren, Ziburun jarri zen bizitzen gerra bukatu arte. Handik bueltan ere, Nafarroan denboraldi bat pasatu zuen, herritik egotzita. Debara itzultzea lortu eta gero ere, geratzen zitzaion indarrik herriko euskaltzaleei laguntzeko, 60ko hamarkadan ikastolako irakasleei laguntzen ibili baitzen, besteak beste. Bizi guztiko jardunaren ezagutza ere orduan etorri zitzaion: 1975ean euskaltzain ohorezko izendatu zuten.

1981eko irailaren 16an hil zen Deban.

Debako Udala
Bilbao 700 - III Millenium Fundazioak diruz lagunduaMillenium Fundazioa