Biografia

Julia Fernandez Zabaleta 1898ko urriaren 9an jaio zen Iruñean. Emakume Abertzale Batzako lehendakari izan zen Nafarroan, eta euskarazko eta eredu pedagogiko aurrerakoiko irakaskuntza sustatu zuen Iruñean. 1936an, erregimen berriaren aurkakoa zelako, egotzi egin zuten bere irakasle lanetik eta jazarria izan zen EABko kide izateagatik.

1916an amaitu zituen irakasletza ikasketak, San Jose plazan zegoen ikastetxean. Eskoletarako joera berritzaileen egarriz, Bartzelonan Maria Montessori pedagogo ezaguna ematekoa zen ikastaro batera joan zen, Iruñeko Udalaren laguntza bati esker. Handik bueltan, Iruñeko Udalaren ardurapeko nesken eskolan hasi zen lanean.

1920ko hamarkadan, irakasle lanekin batera, ekitaldi publikoetan hitzaldiak eta propaganda mitinak ematen hasi zen han eta hemen. Garai bertsuan egin zen Iruñean Jesus Aranzadik zeukan Euskal Katedrako ikasle ere. Euskaltzale eta abertzale zela, eta emakumeak politikan zeregina zuela konbentzituta, Nafarroako EABko sustatzaile nagusia izan zen, baita bertako lehendakaria ere.

Gerrak eten zituen bere jardun guztiak, ordea. Iruñeko eskolatik botata, bere jardun politikoa debekatuta, inguruko abertzaleen eta euskaltzaleen umeei eskola pribatuak emanez atera zuen ogibidea. 1958an itzuli ahal izan zuen ofizialki irakasle lanetara.

1961ean hil zen Iruñean, 62 urte zituela. Hiletan EABk omenaldia eta bere ibilbidearen aitortza egin zizkion.

Bilbao 700 - III Millenium Fundazioak diruz lagunduaMillenium Fundazioa