Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan
Menua

Joanmari Larrarte: 'Euskalgintzaren erreferentea'

Joanmari Larrarte Jakin Fundazioko lehendakariordeak Joan Mari Torrealdairen heriotzaz idatzitakoa

2020-07-31

Duela 30 urte, euskalgintzan hasi berritako gazteak ginen garaian, Jakin eta Joan Mari Torrealdai erreferentzia ziren guretzat; euskalgintzako pertsona ezagun eta balio handiko gisa ikusten genuen Joan Mari.

Frankismoari aurre eginez eta euskara helburu hartuta lan egin zuen belaunaldia zen gure aurreko hura, eta haiek abiatutako lanari jarraitzea zegokigun guri. Miresmenez ikusten genuen aurrekoek egindako bidea, erabateko idortetik euskal kultura berpizteko egiten ari ziren lan ikaragarria, eta ilusioa genuen haien lanari jarraipena emateko, haiekin batera lan egiteko, haien bidea egiteko.

Eredu ziren guretzat. Eredu ziren euskalgintza sozial bat artikulatzeko egin zuten ahaleginagatik. Argi zuten euskarak eta euskal kulturak ekimen sozialetik, gizarte zibiletik egin zezakeela aurrera, hura izan zela frankismoan argia pizten hasteko bidea, eta bide hori ezin zela eten Euskal Herrian erakunde propioak sortuagatik, mugimendu sozialak euskara eta euskal kulturaren dinamizatzaile izatea oso garrantzitsua zela, ordura arte egindakoa eten ez zedin. Are gehiago, oso argi zuten ekimen berriak ere gizarte zibiletik lideratu behar zirela, erakundeen laguntzarekin eta haiekin ahalik eta elkarlan handiena eginez, baina independentziatik, erakunde, enpresa edo alderdi politikoen esanetara ibili gabe.

Belaunaldi horretan, euskara eta euskal kulturan euskalgintzako erreferente nagusietako bat izan da Joan Mari: hitzez eta ekintzez erakutsi digu gizarte zibiletik nola eragin eta nola egin lan. Politikoki polarizatuta zegoen gizarte batean, eta herri erakundeek zalantzaz ikusten zutenean gizarte zibilean, euskalgintzan ernatutako ekimena, haren aldeko apustua egin zuen, hitzez eta ekintzez. Hori nabarmena da haren izena Jakin, Egunkaria, Elkar eta ezinbesteko beste hainbat proiekturi lotuta ikusten dugunean.

Herri ekimenaren indarra eta balioa defendatu izan ditu Joan Marik, eta ordaindu zuen hautu hori. Zorionez, egindako ekarpenarekin geratuko gara, baina ezin dira ahaztu bere ibilbidean zehar euskalgintzaren alde egindako hautuak ekarri zizkion ondorio latzak ere, haren independentzia auzitan jarria –beste askorenarekin batera– eta bera  atxilotu, torturatu eta kartzelatua izateraino, Egunkaria itxi zutenean, bertako beste hainbatekin batera.

Ukaezina da ikerketan zein ekintzailetzan egindako ekarpena.

Ikerketari dagokionez, bereziki aipatuko nituzke zentsuraren gainean egindako azterketa lana, euskararen soziologian egindakoa eta 40 urtetik gora urtero-urtero euskal liburugintza aztertuz egindakoa. Lan horiek atentzioz irakurrita, agian gure gizartearen gaur egungo gako asko ulertuko genituzke. Dokumentuz jositako azterlan ugari utzi digu, eta eskura ditugu, jakintza hori gal ez dadin.

Baina Joan Mari ez da soilik intelektual ikertzailea izan: ekintzailea ere izan da. Anaitasuna aldizkariko zuzendari izan zen hiru urtez. Jakin aldizkaria berpizteko ardura hartu zuen, eta urteetan berak zuzendu zuen, gogoeta sozialerako izan den euskal aldizkaria ezinbesteko bihurtuz. Berak eta Jakin Talde historiko osoak –Azurmendi, Agirrebaltzategi, Intxausti– argi izan zuten aldizkariaren jarraipena nahi zutela, eta belaunaldi berri baten eskuetan utzi zuten segida ziurtatzeko. Elkar taldeko kide ere izan da, argitaletxean parte hartuz hasieratik eta Elkar Fundazioko lehendakaria ere izanik hiru urtez –azken egunetaraino bertako Batzorde Eragileko partaide aktiboa izan da–. Garrantzitsua da, bestalde, Euskaldunon Egunkaria, XX. mendearen amaieran herri ekimenetik sortutako azken proiektu nagusia euskararen normalizazioari begira. Egunkariaren sorrera prozesuan parte hartu zuen, eta bertako lehendakari ere izan zen hura bortizki itxi zuten arte. Eta ezin aipatu gabe utzi Martin Ugalde Kultur Parkea, euskal kulturaren gune sustatzaile izateko sortutakoa, zeinaren ideian Joan Marik parte hartze handia izan zuen, eta zeinaren balioa inork baino hobeto ikusi izan duen gaur egun arte. Euskal kulturaren habe ezinbesteko askotan buru-belarri aritu izan da, beraz; betiere proiektu bakoitzaren independentzia aldarrikatuz eta elkarlana sustatuz, proiektuen artean, eta bakoitzaren barruko dinamikan.

Joan Marik herri ekimenean sinesten zuen, gizarte zibilaren ekimenean sinesten zuen, eta  ideia horri lotuta eman du bizitza, hitzetan zein ekintzetan. Uste dut badugula nondik ikasi.

Esku artean zuen azken lana amaitu gabe utzi du Joan Marik; nahi zuen, baina ez du indar nahikorik izan bukatzeko. Aurreratutako lan hori bukatzeko enkargua utzi digu, eta saiatuko gara ahalik eta txukunena egiten. Hori izango da haren inguruan ibilitakoek zerbait ikasi dugula erakusteko aukera. Asmatuko ahal dugu, hori eta gehiago ere merezi ditu eta!!

Azken urteotan harreman estua izatea egokitu zait niri, eta aitortuko dizuet plazer handia izan dela. Ea orain gauza garen haren bideari behar bezala segitzeko!

Ez adiorik, tokaio!

Joanmari Larrarte
Jakin Fundazioko lehendakariordea


 

Joan Mari Torrealdairen omenezko testuak:

 

Lorea Agirre Dorronsoro: 'Euskararen Amairu honetan'

Garazi Arrula eta Andoni Olariaga: 'Joan Mariri esker onez'

Jon Zarate Sesma: 'Joan Mari Torrealdairi Euskal Herriko Unibertsitateak esker onez'