Gora joan
Menua

"Goretsi gutxiago eta irakurri gehiago"

2023-12-08

Haritz Azurmendi, Alba Garmendia eta Mikel Urdangarin filosofo gazteek Joxe Azurmendiren pentsamendua gaurko begiradatik aletu dute, Lorea Agirreren gidaritzapean. Egun puri-purian dauden zenbait auzi pentsatzeko hari-muturrak aurkitu dituzte gazteek Azurmendiren obran, hasi partikular-unibertsal auzitik eta gizaberetxoaren kontzeptura. 

Jakinek eta Gerediaga elkarteak sinatutako hitzarmenaren bidetik urtero solasaldi bat antolatzeko ardura hartu du Jakinek, eta aurten Joxe Azurmendiren azken liburua (Europa bezain zaharra, topoi nazional eta nazionalistak Erdi Aroa eta Ernazimentua ezkero) aitzakiatzat harturik, Joxe Azurmendiren pentsamendua aztertu dute egungo hiru doktore tesiren oinarritik abiatuz. 

Lorea Agirre Jakineko zuzendaria aritu da gidari lanetan, eta gaur egun Joxe Azurmendiren pentsamenduak zertarako balio digun galdetu die hiru filosofo gazteei: Haritz Azurmendi, Joxe Azurmendiren nazioaren ideiaren gainean doktore tesia egina; Alba Garmendia utopien inguruko ikertzailea eta  doktorea; eta Mikel Urdangarin doktoregaia, Joxe Azurmendiren gizabere kontzeptua landu duena, besteak beste.

Nazioez hitz egiteko beste modu bat

"Joxeri nazioez hitz egiteko beste modu bat ikasi diot, gauzetan baino ekintzetan kokatuz". Halaxe laburbildu du Haritz Azurmendik, ohikoan nazioen azterketa topikoen gainean egiten baita, eta filosofo zegamarrak  horiek deuseztatu edo bistaratzeko lana egin baitu. Euskaldun zertarako galdetu zuen Joxek bere obran, eta euskalduntasuna hautu, posizionamendu eta praktika batzuekin lotzen du, ez ezaugarri jakin batzuekin. Hortaz, galdera dakar albizturgo Azurmendik: "badugu naziotasun hau erreproduzitzeko gaitasunik, edo badugu nazio bagina bezala jarduteko botererik?". 
Joxeren obran kultura eta hizkuntza ez dira gure identitatearen pintzeladak, mihise osoa baizik. Eta hain zuzen ez gaitu ixten, munduarekin komunikatzeko abiapuntua ematen digu. Joxe irakurri eta gero Haritzi sortutako galdera honakoa da, beraz: Zer prozesu, ze dinamika politiko, sozial, material eta sinbolikok egiten dute naziotasuna toki eta une batean? Nazio hegemonikoak oso erraz erreproduzitzen dituzte euren narratibak Azurmendiren ustez, eta egun Netflixen ikusi litekeen Barbarians telesaila aztertu du adibide gisa.

Utopia nazionalak eta partikularrak
Alba Garmendiak "gauza asko ulertzeko eta kritikoki irakurtzeko leku bat" ikusten du Joxe Azurmendiren testuetan, eta luze irauten dutenak. Bere kasuan, utopiaren inguruan egindako ikerketetan zegamarrak proposatutako unibertsal-partikular auzia
eta nazio-estatu auzia txertatuta, utopia guztiak partzialak direla ohartu da. Ez dago partikularretik abiatzen ez den unibertsalik, eta herritasun eta nazioa ere unibertsala da, askotariko praktika partikularretan gauzatzen dena. Ondorioz, Garmendiaren aburuz "ez dago denontzat betiko desiragarri izango den utopiarik". Utopiaren pentsalariak Azurmendirekin elkarrizketan jarrita, bistan da utopia batzuk ez daudela urrun nazio eraikuntzatik. Eta Garmendiak argi du "mundua aldatu nahi duena da utopikoa eta nazionalista, mundu ordena mantendu nahi duena neutraltzat aurkezten zaigu, marka duena bestea da". Horixe aurkitu du Garmendiak Azurmendiren obran: "teoria ustez neutralaren atzean dagoena arakatzen eta bistaratzen daki Joxe Azurmendik, norbere ikerketara ekartzeko etengabeko tresna gisa".

Solaskide pribilegiatu bat
Mikel Urdangarin doktoregaiak, Joxe Azurmendi filosofian dabiltzan gazteontzat "solaskide pribilegiatu bat" dela azpimarratu du, nola edukiz hala moduz, bere jarreraren muina delako "filosofoak erantzunekoa baino entzunzalea izan behar duela". "Betiko arazo gazteak" lantzen ditu Joxek, belaunaldiz belaunaldi, tokian toki, garaian garai berrikusi, eguneratu, aberastu eta birpentsatzeko gaiak zaizkionak Urdangarini. "Sekulako obra jaso dugu oinordetzan, baina ez era itsuan jarraitzeko, baizik elkarrizketa kritikorako eskaintza irekia". Askotan, Joxe eta nazioa berdintzen dira xinpleki, baina beasaindarraren ustez nazio kontzeptu orok barnebiltzen du gizatasuna ulertzeko eta artikulatzeko modu oso bat. Gaur egungo auzi eta ezinegonen argitan, gizaberetxo zaurgarri eta interdependentearen irudiak egungo gorpuztasunaren aldarrikapenarekin elkarrizketan jartzeko balio duela adierazi du Urdangarinek, eta zaurgarritasuna eta aberetasuna lurrari lotuz galdera luzatu: "beste abereekiko eten erradikalik ez dugula dioen heinean, nola uztartu dezakegu ekodependentziaren inguruan sortzen ari diren gogoetekin?".

Amaieran, Joxe Azurmendik bere obra eztabaidan eta elkarrizketan osatu duela gogoratu dute filosofo gazteek, eta Urdangarinek egungo eztabaidetan txertatzeko premia azpimarratu du. Haritz Azurmendik, gaur egungo pentsalariek duten erantzukizuna ekarri du hizpidera, "bestela badirudi belaunaldiro ari garela deskubritzen mundua". Bere ustez, gaur egun, ez da zilegi Euskal Herrian, "belaunaldi horretaz paso egitea, ezagutzen ez dugulako edo deskubritzeko ahaleginik egin ez dugulako... bestela, pentsamendu deserrotu bat geratzen zaigu". 

Joxe Azurmendiren obra goraipatzen ari direla ohartuta, Haritz Azurmendik gogoratu du berak nahiago lukeela "interesgarria dela esatea baino irakurri eta dioena kritilatzea". Bide berean segi du Urdangarinek, Joxe Azurmendik elkarrizketa batean berarekin ados ez zegoela esan zion solaskideari erantzun ziona gogoratuz: "hori espero diat, nik bezala pentsatzeko ni nahikoa nagokā€. Horixe gomendatu dute, "goretsi gutxiago eta irakurri gehiago". 

Entzule baten eskariz, Joxe Azurmendiren liburu bana gomendatuz itxi dute hitzaldia: Mikel Urdangarinek, Azken egunak Gandiagarekin hautatu du; Alba Garmendiak, Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk; Haritz Azurmendik azkena argitaratu duen Europa bezain zaharra, topoi nazional eta nazionalistak Erdi Aroa eta Ernazimentua ezkero aipatu du eta Lorea Agirrek, "Joxeren beste aurpegi bat bistaratzeko" Hitz berdeak poema liburua.