Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

'Kultur artikulazioa: nondik zertarako eta nola?'

Azpeitiko Sanagustin Kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak eta Jakinek elkarlanean antolatutako nazio jardunaldia ikusgai dago osorik. 2021eko maiatzaren 28an egin zen Sanagustin kulturgunean eta 80 lagun bildu zituen aurrez aurre (streaming bidez ere eskaini zen). Lorea Agirreren aurkezpen eta sarreraren ostean Harkaitz Zubiri eta Maialen Akizuk hartu zuten hitza kultur aditu gisa. Jarraian, bost artikulazio esperientzia praktiko azaldu zituzten, hainbat dinamikatako kideek: Enekoitz Esnaolak Azpeitiko kultur komunitatea artikulatuaz hitz egin zuen; Ihintza Orbegozok 'Plateruena, ta gero zer?' Durangoko herri dinamika aurkeztu zuen; Eneko Gorri, Baiona-Angelu-Biarritz hiri eremuan euskararen sarea ehuntzeko lanaz aritu zen; Miren Artetxek Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko aniztasunaren artikulazioa azaldu zuen eta Ihintz Iriart komunitatea, kultura eta euskara uztartuz aritu zen, Alozetik Iruñera bidean izandako esperientzia oinarri. Amaitzeko, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Inazio Arakistain Herri Batzordeko kideak eman zioten itxiera. Udazkenean plazaratuko dira jardunaldiaren ondorioak.