Astelehena, 2020ko irailak 28
Gora joan
Menua

Joxe Azurmendiren pentsamendua iturburu hartuta Jakin zenbaki monografikoa eta sareko gunea

Iazko Joxe Azurmendiri eskainitako kongresuko hitzaldiak jaso ditu Jakinek aldizkariarekin eta sarean

2020-06-19

2019ko abenduan Donostiako San Telmo Museoan egin genuen Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren erauntsitik dator Jakinen 237-238. zenbaki bikoitza zein sareko gune berezia. UPV/EHUko Pentsamendu Garaikiderako Joxe Azurmendi Katedra proiektuak eta Jakinek antolatuta, 50 bat hizlarik jardun zuten gogoetan Azurmendiren ekarpenaz eta euskal pentsamenduaz. “Kongresu interesgarri eta beroa izan zen, bai egin ziren ekarpenen aniztasunagatik eta baita eztabaida eta solasaldiengatik ere”, gogoratu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. Hori dela eta, han esandakoak jaso nahi izan ditu Jakinek, bai paperean aldizkari monografikoarekin, eta baita sarean ere hitzaldien bideoei eta artikuluei eskainitako webguneko atal bereiziarekin. Azurmendiren ur-jauziak bere bidea egiten jarrai dezan.

Aldizkaria: hamasei artikulu hautatu

Errotako ur-kanalaren modukoa izan nahi du Jakinen Joxe Azurmendi. Pentsamenduaren ur-jauzia zenbaki monografikoak. Kongresuko hamasei hizlariren ekarpen hautatuekin osatu baitugu Jakin aldizkariaren 237-238. zenbakia: Joseba Zulaika, Idurre Eskisabel Larrañaga, Eduardo Apodaka Ostaikoetxea, Joseba Sarrionandia, Andoni Olariaga Azkarate, Agnès Cugno, Iñaki Soto Nolasko, Antonio Casado da Rocha, Maitane Nerekan Umaran eta Itsaslore Yarza Lopez, Markos Zapiain Agirre, Arantza Etxeberria Agiriano eta Juan Ignacio Pérez Iglesias, Mikel Urdangarin Irastoza, Andoni Eizagirre, Miren Azkarate Villar, Elena Martinez Rubio eta Elixabete Garmendia Lasarekin.

Hain zuzen ere, gerraondoko euskal belaunaldiek bere pentsamenduan eta nortasunean izan dituzten kontraesanen aurrean Azurmendik izan duen testigantza intelektuala aztertu du Joseba Zulaika antropologo eta idazleak 'Arbola beltzaren poema: Azurmendi, euskal mende hautsiaren lekuko' artikuluan. Elixabete Garmendia Lasa kazetariak, berriz, Azurmendiren paisaien arrastoetara jo du 'Zegamatik Arantzazura, pentsalariaren lehen paisaiak' artikuluan.

Idurre Eskisabel Larrañaga kazetari eta UPV/EHUko irakasleak, ordea, feminismoa, naziogintza eta herrigintza elkarrizketan ipini ditu ‘Feminismotik naziogintzara hurbilketa bat Azurmendi bidelagun’ artikuluan. Eduardo Apodaka Ostaikoetxea UPV/EHUko soziologia irakasleak Azurmendi amu hartuta jardun du euskal izatearen bizitasunaren irudikapenaz 'Mamu, momia eta zonbiak. Bizi osteko biziak' testuan. Joseba Sarrionandia idazleak ere Azurmendiren ideia giltzarriak hartuta osatu du 'Azurmendiren inguruko sei-zazpi ideia eta beste hainbeste galdera' artikulua.

Bestetik, Azurmendiren etikaren inguruko planteamenduak aztertu dituzte Andoni Olariaga Azkarate filosofian doktoreak eta Agnès Cugno filosofia irakasleak: 'Nola pentsatu etika orain eta hemen? Zentzu komuna, etika formala eta giza eskubideak' artikuluko galdera erantzuten ahalegindu da Olariaga, eta identitateaz, indarkeriaz eta balioez hausnartu du Cugnok. Antonio Casado da Rocha UPV/EHUko filosofia irakasleak, bestalde, Azurmendiren komunitatean oinarritutako etikaz hausnartu du ‘Pentsamenduaren marruskadura: etika eta praktika komunitateak aroztegiko batzarrean’ testuan, eta Iñaki Soto Nolasko Gara-ren zuzendari eta filosofian lizentziadunak nahiago izan du Azurmendiren Demokratak eta biolentoak, Oraingo gazte eroak eta Euskal Herria krisian liburuetara jo gaur egungo argudio etikoez aritzeko ‘Don’t think of ‘Foro de Ermua’’ artikuluan.

Bizitzaren zentzua du hizpide Markos Zapiain Agirre filosofia irakasleak izenburu bereko artikuluan. Beste hainbeste egin dute Maitane Nerekan Umaran eta Itsaslore Yarza Lopez filosofia irakasleek heriotzaren zentzuaz mintzatzeko ‘Heriotzarekin bizitzen ikastea’ testuan.

Azurmendiren gizabere kooperatiboaren oinarri biologikoei erreparatu diete, bestalde, Arantza Etxeberria Agiriano UPV/EHUko filosofia irakasleak eta Juan Ignacio Pérez Iglesias UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna eta Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak ‘Gizaberea, eboluzioa eta kooperazioa’ artikuluan. Mikel Urdangarin Irastorza filosofian lizentziadunak ere aztertu du Azurmendiren gizabere kooperatiboa, baina zaurgarritasunaren, interdependentziaren eta erantzunkizunaren ertzetatik begiratuta landu du ‘Gizabere kooperatiboa krisian bizitzeko mito gisa: zaurgarritasuna, interdependentzia eta erantzukizuna’ idazkia. Ildo berean, Andoni Eizagirre Mondragon Unibertsitateko irakasleak Arizmendiarrietaren pentsaera eta jokabidea aztertu ditu ‘Pertsona burujabea Arizmendiarrietaren asmoan eta egitean’ artikuluan.

Azkenik, hizkuntzaren hari-muturrari heldu diote Miren Azkarate Villar hizkuntzalari eta euskaltzain osoak eta Elena Martinez Rubio idazle eta filosofian doktoreak. Euskara batuari Azurmendik egindako ekarpenaz idatzi du Azkaratek 'Azurmendi: euskara batuaren bilbe eta irazki' artikulua, eta hizkera filosofikoaren auziari erreparatu dio Martinez Rubiok 'Hizkera filosofikoa hizkuntza gutxiagotu baten testuinguruan' artikuluan.

Sarean hitzaldiak ikusgai

Era berean, kongresuaren erauntsi osoa jasotzeko osatu du Jakinek Ur-jauzia webguneko gune berezia. Erabiltzaileak bertan topatuko ditu ia 50 hizlariren hitzaldiak, bai ikus-entzunezko moduan eta baita artikulu bihurtuta ere, doan deskargatzeko moduan.

Aldizkarian aipatutako egileez gain, honakoak ere badaude webgunean: Xabier Barandiaran, Jose Maria Ripalda Crespo, Jose Mari Larramendi Kaltzakorta, Iñigo Martinez Peña, Ignazio Aiestaran Uriz, Beñat Irasuegi Ibarra, Jon Mentxakatorre Odriozola, Fito Rodriguez, Jon Umerez, Oxel Azkarate-Iturbe, Jose Ramon Vitoria, Aitor Aritzeta, Jonathan Lavilla de Lera, Xabier Insausti Ugarriza, Aitor Sorreluz Aginaga, Víctor Gómez Pin, Javier Aguirre Santos, Ekai Txapartegi Zumeta, Mirene Zufiaurre, Jokin Bergara Eguren, Ibai Iztueta Azurmendi, Ander Iturriotz Lauzirika, Juan Ramon Makuso Mujika, Aitzpea Leizaola, Egoitz Urrutikoetxea Laskibar, Aritz Aramendi, Pako Sudupe Elorza, Pruden Gartzia, Unai Bayon Aranburu, Maialen Etxebarria, Irati Zubia Landa, Lorea Azpeitia Anta, Haritz Garmendia Iturria, Alaitz Aizpuru Joaristi eta Haritz Azurmendi Arrue.