Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan
Menua
Historia bizia

Jakin 236: Amuriza Amurizari begira

Idazleen konpromisoez eta autonomiaz aritu da Miren Rubio kazetaria, bestetik, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez eta Kirmen Urbierekin

2020-02-24

«Xabier Amuriza bertsolari eta idazleari elkarrizketa ugari egin izan zaizkio», gogorarazi du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, «baina honako honek badu berezitasun kasik determinante bat, ispilua aurrean jarri dion elkarrizketatzailea ispiluaren beraren parte den bat baita: Miren Amuriza». Amuriza Amurizaren aurrean ditugu Jakinen 236. zenbakian, beraz, Historia bizia atalean. «Amuriza aita eta Amuriza alaba, elkarri begira: bi belaun, bi bertsolari, bi idazle; adinekoa eta gaztea, gizona eta emakumea. Biak galde-erantzunean, elkarrizketan, memoria harilkatzen, bizitzaz pentsatzen, izandakoa gogoetatzen, datorkeena begitantzen, eta, tarteka, baita ezbaian ere».

Harkaitz Cano, Eider Rodriguez eta Kirmen Uribe idazleak itaundu ditu, bestetik, Miren Rubio Iturria kazetariak. «Orain berrogei urte idazle konprometituaren auziak kultur munduan zuen zentralitaterik ez du egun; baina auzia hor dago, besteak beste errelatuaren borroka betean bizi garen honetan. Hor jarri du begia Rubiok, eta konpromiso artistiko, sozial eta kultural-linguistikoa bere egiten duten hiru idazle horien pentsamenduarekin berritu du auzi zahar-berria». Artikuluan jaso ditu solasaldiek emandakoa.

Azkenik, bueltan dira Egunen gurpilean ataleko hirurak: Itziar Ugarte Irizarrek kulturaz, Jaime Altuna Ramirezek soziolinguistikaz eta Alba Garmendia Catañosek pentsamenduaz hausnartu dute.

 

'Xabier Amurizari elkarrizketa'
Miren Amuriza

Aita-alabak solasean, bi belaunaldi memoria ariketan, grabagailua piztuta: «Zu, grabagailua frogatu beharko dugu, ezta? Martxan dabil? Bai. Seguru? Ez dugu froga bat egingo, ea entzuten den?». Xabier Amuriza alabari mintzo zaio, eta Miren Amuriza aitari galdezka da, elkarri kontatutakoa birkokatzen eta Xabierrek bizi izandakoak egungo begietara elkarrekin ekartzen: Torreburuko baserri bizitza, seminarioa, gose-grebak, Zamorako kartzela, Egin, bertsolaritza, txapelak, kantugintza, lehia, herrigintza... baina baita ama ezagutu zuenekoa ere, aitatasuna, lotarako bertso-jolasak, heriotza, seminarioaren bortitza, plazako agurra, alaba nerabearen «buru konplikazioa», beldurrak...
Euskal Herriko pasarte esanguratsuak gurutzatzen dira solasaldian etxekoekin. «Zelan dago, ba, mundua? Lehertzear! Eta Euskal Herria? Bizirik! Ez da gutxi...». Batzuetan Xabier kontalari, besteetan Miren alabarekin eztabaidan, feminismoaz, amaren rolaz, sentipenez. Anboto menditik gertu, Andikoako baserriko talaiatik atzera begira ipini da Xabier Amuriza.

 

'Idatzi munduari lotzeko'
Harkaitz Cano, Eider Rodriguez eta Kirmen Uribe autonomia literarioaz eta konpromisoaz

Miren Rubio Iturria

Hiru hamarkada pasa dira Txillardegiren eta Bernardo Atxagaren idazlearen funtzioaz eta literatur jardunaren autonomiaz izandako eztabaida mugarritik. Aldaketa soziopolitiko eta kultural esanguratsuak izan dira geroztik, eztabaida bera birkokatzeko adinakoak. Horregatik, aldaketa horietan ondutako Harkaitz Cano, Eider Rodriguez eta Kirmen Uribe idazleen iritziak eta bizipenak jaso nahi izan ditu Miren Rubio Iturria kazetariak, idazlearen konpromisoez, betebeharrez, kontzientziaz zein zapalketez duten ikuspegia jasotzeko. Ondorioa argigarria da: ez dago konprometituta ez dagoen euskal idazlerik.