Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan
Menua

Historia bizia

Historia bizia du izena aldizkariko sailak, eta bertan egindako elkarrizketak biltzen dira hemen. 1996an hasi ginen formula honekin, eta geroztik urteko bana egin ohi da.

Hurbiltasuna da ezaugarri nagusietako bat, hots, elkarrizketa bidezko hurbilketa da; elkarrizketatuak kronologikoki Jakinen garaikoak dira, eta filosofikoki edo kulturalki edo linguistikoki Jakinen tradizioaren gertukoak dira gehienak edo guztiak. Elkarrizketatua beti da euskal kulturan aritu izan dena. Baina ez kulturan bakarrik nahitaez.

Kulturgilearen ibilbide integrala jasotzen da protagonistaren beraren bertsioan. Elkarrizketaren transkribapena idatzizkoa da beti. Solasaldi dezenteren audioak ere ematen dira, kasu guztietan bien arteko lotura eginez, gaiez gai edo gertakariz gertakari audioa eta transkribapena uztartuz, alegia.

Orain arte elkarrizketatuak honoko hauek dira: Piarres Xarriton, Federiko Krutwig, Juan San Martin, Jesus Atxa, Antonio Zavala, Jean Louis Davant, Xabier Gereño, Iñaki Beobide, Gotzon Garate, Imanol Urbieta, Jose Antonio Arana Martija, Balendin Lasuen, Ander Manterola, Joseba Intxausti, Jean Haritxelhar, Ramon Labaien, Luis Iriondo.

Elkarrizketagilea Imanol Murua Uria izan da gehienetan, zortzi aldiz; Miel A. Elustondok hiru elkarrizketa egin ditu, eta bana gainerakoek: Aitor Zuberogoitia, Joxerra Gartzia, Lucien Etxezaharreta, Patxi Sarriegi, Hasier Etxeberria.