Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan
Artikuluak Nafarroako Euskararen Legea

Lagundu vs Eskubide bilakatu: ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko (azken?) aukera

Amaia Alvarez Berastegi zuzenbidean doktore eta EHUko kazetaritza saileko HGH taldeko ikerlariak laburtu ditu Euskararen Lege berria eratzeko dauden oztopo eta aukerak

Nafarroako hizkuntza zonifikazio mapa (2017)

Euskara batua ala euskalkiak. Herrigintza elebakarra ala eleanitza. Eleaniztasun euskalduna ala euskalduntasun eleanitza. Asko idatzi, hausnartu eta eztabaidatu dugu euskararen inguruan. Nafarroan, gai horiez gainera, euskararen aurkakotasun historikoa ere izan dugu betidanik eztabaidagai, eta, behin eta berriz, 1986ko Euskararen Legeak sortu zuen zonifikazio bidegabea salatu dugu. Dagoeneko aldarrikapen klasikoa bilakatu zaigu zonifikazio hori hautsi eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora, Iruñea barne, zabaltzeko aldarria. Eta orain, hilabete hauetan hain justu, aldarrikapen horri erantzun bat emateko aukera daukagu parean. Beste modu batera esanda, teorizatzeari utzi eta euskara laguntzen eremutik eskubideen alorrera eramateko unea iritsi zaigu.

Nafarroako Parlamentuan Euskararen Legea aldatzeko batzordea otsailean eratu zuten. Legea aldatzeko proposamenak aztertzea izan da batzordearen eginkizuna, eta orain lege berria proposatzeko fasean sartu dira bete-betean. Erlojua, ordea, kontra dute, 2019ko maiatzaren 29an hauteskundeak egingo baitira. Beraz, datozen hilabete hauetan lege berria adostu, egin eta onartu beharko dute. Gobernua babesten duen laukoak legea adostea ez badu lortzen, edo epeak betetzen ez badituzte, baliteke euskararen ofizialtasuna zabaltzeko urrezko aukera hau, aukera bakarra agian, betiko galtzea. Presioa handia da. Laukoa osatzen duten lau alderdiak (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra), printzipioz, hizkuntza eskubideak babestearen alde daude. Zein da, orduan, zonifikazioa hautsi eta ofizialtasuna zabaltzeko oztopoa? Gutxienez hiru arazo daude: Nafarroako errealitate soziopolitikoa, laukoaren baitako oreka konplikatuak eta legediak dituen eremu gris edo ilunak.

 

Oztopo eta arazoak

Nafarroako errealitate soziopolitikoaren berezitasunak aski ezagunak dira. Nafarroako zati handi bat euskararen kontra dago, nahiz eta azken urteetan euskararen ezagutza eta erabilera asko handitu den. Ekainean bertan, euskararen kontra 10.000 lagun inguru bildu ziren manifestazio batean. Eta masa hori guztia txikitzen ari den arren (ez batzuek uste duten bezain arin, hala ere), errealitatea da oraindik ere agendak markatzen dituela eta jardun politikoan eragiten duela. UPNk eta PPk hasieratik erabaki zuten euskararen legeari buruzko batzordean parte ez hartzea, eta PSN ere ofizialtasuna zabaltzearen kontra agertu da. Gainera, laukoaren barruan ere jarrera ezberdinak daude zonifikazioari dagokionez. Ezkerrak euskararekiko diskurtsoa asko gogortu du 2015etik, eta euskararen lege berriaren eztabaidan ere bere aliatuekiko distantziak markatzen saiatuko da. Irakaskuntzan zerrenda bakarra sortzearen kontra agertu zen bezalaxe. Podemos-en jarrera ere erabat argitzeko egongo da, euren arteko ika-mikak direla eta. Teorian, edonola ere, laukoa osatzen duten alderdiek lege berri bat adosteko gai izan beharko lukete.

Hirugarren oztopoak arlo juridikora eramaten gaitu. Izan ere, legea adostearekin soilik ez da aski izango, lege on bat egitea ere beharrezkoa baita. Alegia, errekurtso bat jarriz gero (eta jarriko dituzte) epaitegiek bertan behera utziko ez duten lege bat egin behar da. Legea aurrera ateraz gero, hortxe egongo da gakoa. Foru Hobekuntzak (1982) biltzen du euskararen markoa, eta, bederatzigarren artikuluan zehazten duenez, gaztelania izango da hizkuntza ofiziala Nafarroan, euskara ere ofiziala izango dela eremu euskaldunetan. Egoera hori erregulatzeko, Estatuaren lege orokorrak oinarri hartuta, euskararen lege bat hartu behar dela ere aipatzen du. Foru Hobekuntzak ez ditu, beraz, eskubideak aipatzen. Bederatzigarren artikulu hori interpretaziorako irekita dago eta Estatuko jurisprudentzia ere bai. Hau da, euskararen lege berri on bat egitea, errekurtso baten aurrean deuseztatuko ez duten lege bat egitea, ez da erronka erraza.

 

Balizko bideak

Egoera horren aurrean, euskararen lege berria lortzeko hiru bide daude. Existitzen diren arazo eta oztopoak ikusita, lege berria ez egitea erabaki dezakete eta ofizialtasunaren afera indar harreman indartsuagoa daukaten unerako utzi dezakete. Aukera hori erabakiz gero, ordea, nafar guztiek eskubide berdinak izateko aukera albo batean utziko lukete, eta trena galduko da, betirako agian. Bigarren aukera ofizialtasuna zabaltzen duen legea adostea da. Hau da, aldarrikapen historiko horri heldu, zonifikazioa ezabatu eta ofizialtasuna lurralde osoan zabalduko duen lege argia egitea. Hirugarren aukera ere bide horretan doa: ofizialtasuna zabaltzeko modu konplexuago bat bilatu daiteke, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuz eta horiekiko laguntza maila udalerrien esku utziz, betiere gutxiengo batzuk bermatuz. Legezko arkitektura handia eskatzen du hirugarren bide horrek, baina euskalgintzak urteak daramatza buruari eragiten eta ofizialtasuna zabaltzeko bideak bilatzen. Orain, eztabaida luze horien fruitua lortzeko unea iritsi da.

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak euskara lagundu dute 2015etik, eta ordura arte zegoen kontrako jarrera instituzionalari buelta eman diote. Adibidez, euskara ikasteko eta euskarazko hedabideentzako diru laguntzak handitu dituzte, euskara Administrazioan erregulatzeko dekretu berria egin dute eta D eredu publikoa Nafarroa osora zabaldu dute. Neurri horiek guztiek, hala ere, hizkuntza eskubideen osagarri izan behar dute, azken helburua euskararen ezagutza eta erabilera handitzea bada.

Lorpenak handiak izan dira azken hiru urteetan, baina laguntzen eremutik eskubideen alorrera pasatzeko azken urratsa falta da.