Osteguna, 2024ko apirilak 18
Gora joan

Biografia

Joseba Intxausti Rekondo 1936ko uztailaren 29an jaio zen Seguran (Gipuzkoa), Espainiako Gerra Zibila piztu berritan. Orrialde asko dituzte Joseba Intxaustiren curriculumak eta bibliografiak. Asko, eta mamitsuak. Historialaria da, baina historialarienak ez diren hamaika lanetan ere nabarmendu da. Aitzindaria izan da euskararen historia sozialaren eta Euskal Herriaren historia erlijiosoaren ikerketan, baina aitzindaria izan da historiatik kanpo ere, bereziki euskararen terminologiaren arloan, oso gazte zela Jakin sortu berritik garbizalekeriari aurre egitera ausartu zenean, edota UZEIren sorrera bultzatu eta zuzendu zuenean, gerora.

12 urte zituenerako garbi zuen fraide izan nahi zuela eta, horretarako, Arantzazura joan nahi zuela. Frantziskotarren santutegiko seminario txikian hasi zituen, beraz, ikasketak 1948an. Handik hiru urtera Forura jo zuen, Imanol Berriatua zuzendari zuen apaiz ikastetxera. Han beste hiru urte egin ondoren, Zarauzko nobizio etxean urtebete egin zuen. Eta 1955ean Erriberriko seminario nagusira iritsi zen, Filosofia ikasketak egitera.

Euskalgintzan egin duen ibilbide luzeko lehen pausoak Erriberrin eman zituen, artean ikasle zela ikaskideei alfabetatze eskolak emanez, batetik, eta ikasleek urtean behin argitaratzen zuten Gure Izarra aldizkarian hainbat lan argitaratuz, bestetik; azken urtean, gainera, bera izan zen aldizkariaren zuzendaria. Jakin aldizkari sortu berri baina itzal handiagokoan aritzeko aski trebatuta zegoela iritsi zen Arantzazura, Filosofia ikasketak bukaturik Teologia ikastera etorri zenean, 1958an. Jakineko sortzaileek erreleboa behar zuten, eta zuzendaritza hartzea egokitu zitzaion.

Garai hartan euskal letretan nagusi zen jatorrismoak euskara itoko ote zuen kezkatuta zegoen ordurako Intxausti, eredu harekin ezinezko ikusten baitzuen euskaraz arlo guztiei buruz aritzea, besteak beste zientziari eta teknika modernoei buruz irakurleek ulertzeko moduan idaztea. 1959an Jakinen argitaratutako ‘Illobira bultzaka’ artikulua da Intxaustik arlo horretan izandako aitzindaritzaren lekuko.

Teologia ikasketak burututa, apaiz frantziskotar bihurturik, Foruko apaiz ikastegian irakasle aritu zen 1962tik 1964ra. Ondoren, Kataluniara jo zuen, Bartzelonako Unibertsitatean ikasketak osatzera: Historia Garaikide eta Modernoko lizentziatura egin zuen. Historia irakasle egin zuen urtebete Bartzelonan; jarraitzeko aukera ere eman zioten, baina aldaketa sakonen zurrunbiloan sartua zegoen Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen 1970ean.

Jakin zuen berriro zain, nahiz eta ez izan baldintzarik onenetan: Espainiako Gobernuak aldizkaria argitaratzea debekatu egin zuen 1969an, eta geroztik liburuak argitaratzea izan zen Jakinen irtenbidea; seminarioak ordurako husten hasiak zirenez, garai bateko harrobia guztiz urritua zegoen; eta ordura arte Jakin egin zutenak sakabanatuta zeuden, Europako unibertsitateetan barreiatuta gehienak. Bide berri bati ekin zion Jakinek, Intxaustiren zuzendaritzapean: Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi, Manolo Pagola eta horiek bezala atzerrian ziren beste hainbatekin lankidetzan, aldizkariaren ordez liburuak argitaratzen jarraitu zuten, baina horretan ari ziren bitartean, haiek guztiak Tolosako frantziskotarren etxean bildu eta han idazle etxe modukoa antolatzeko bidea bultzatu zuen Intxaustik. 1972an egitasmoa onartu zuten frantziskotarrek, eta geroztik han bildu ziren jakinkide izango zirenak euskal kulturaren aldeko lanerako. 1973-1974 urteetan Anaitasuna aldizkariaren zuzendaria ere izan zen.

Frankismoaren bukaerak aukera berrien garaia ekarri zuen, eta Jakin Taldeak bide berriei ekin zien. Batetik, aldizkaria berriro argitaratzen hasi ziren, Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean. Eta, bestetik, euskararen terminologia arazoari irtenbidea ematen hasteko garaia zela erabakita, UZEIren sorrera bultzatu zuen, Joseba Intxaustiren gidaritzapean. Hamar urte eskaini zizkion Intxaustik UZEIko lanari, lehenengo bost urteak zuzendari, eta ondorengoak langile.

Historialaritzaren ikuspuntutik ere hurbildu da kulturgintzaren alorrera: besteak beste, Euskal Herria lan entziklopedikoa zuzendu eta koordinatu zuen 1984-1985ean (Lan Kide Aurrezki Kutxa, bi liburuki), Ikastolen Artxibo Historikoaren proiektuaren zuzendari-sortzailea izan zen (Historia baten bila, 1990), eta euskararen historia sozialarekin zerikusia duten hainbat lanetan ere jardun zuen: Euskaltzaindiaren Euskararen Liburu Zuria-n parte hartu zuen, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Hitz eta Nafarroako Gobernuaren Euskara Denona erakusketen arduradun izan zen, eta Bidegileak bildumaren aurreneko zuzendaria ere bai, besteak beste. 1994tik, Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioko idazkari da.

Azken urteotan bi iker lerro nagusiri jarri dio arreta Intxaustik. Batetik, euskararen historia sozialaren ikerketa sistematikoa abian jarri eta jarraipena segurtatu du Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri proiektuaren bidez, eta Euskal Herriko historia erlijiosoaren ikerketan aitzindari lana egin du, lekukoa hartu nahi dionarentzat oinarriak jarriz.

Euskaltzain urgazlea da 1961etik, eta euskaltzain ohorezkoa 2004tik.