Asteartea, 2024ko apirilak 23
Gora joan
Erabakitzeko eskubidea

Urriak 1: Kataluniako bidearen mugarriak

2014an Kataluniako prozesuari eskainitako 'Katalunia bidean' monografikoa osatu zuen Jakinek. Sarean dago dohanik eskura

2017-09-24
Egilea: Crist Rei (CC)

Urriaren 1eko erreferenduma askorentzat prozesuaren helmugaren azken txanpa izan da, beste batzuentzat independentziarako bide berri baten hastapena. Edonola ere, orain arte egindako bide baten mugarria da erreferenduma, begi bistan geratu denez.

Mugari horretara iristeko egindako bideari erreparatu zion Jakinek orain hiru urte Kataluniako prozesuari eskainitako Katalunia bidean monografikoan, sarean dagoena denon eskura. Azaroaren 9ko galdeketa ate joka zela, Vicent Partal, Itziar Aduriz, Martin Aranburu, Aitor Arruti, Elisabet Zunzunegi, Aritz Galarraga eta Gorka Knörren analisiak jaso zituen aldizkariak. Kataluniaren prozesuaren urratsak zein izan ziren erakusten zuten. Eta erakusten digute orain ere.

 

Duintasun politikoaren urraketa

2010eko ekainaren 28ra jotzen dute horretarako guztiek. Katalanek erreferendumean onartutako Estatutuaren kontra ebatzi zuen Auzitegi Konstituzionalak, eta independentziaren aldeko «eztanda» eragin zuen, Elisabet Zunzunegiren ustez. Espainiarekiko ikuspegia erabat aldatzea ekarri baitzuen ebazpenak, Martin Aranbururen iritziz: «Auzitegi Konstituzionalaren sententziak garbi erakutsi zion Kataluniako gizarteari bere borondateak ezer gutxi balio zuela eta Espainiak markatzen zituela garapen politikoaren mugak zeintzuk ziren. Paktismoa, hots, itun politikoa ez zen posible».

Auzi ekonomikoaren garrantzia azpimarratzen du Partalek. «Aurrekaririk gabeko harrapaketa fiskal» baten aurrean garela dio, Kataluniako zergetatik urtero 10.000 eta 16.000 milioi euro desbideratzen dituelako Madrilek «inolako justifikaziorik gabe». Katalanen zergen %10, alegia. Gainera, krisi ekonomikoak eta horrek Generalitateari ekarri dion estutasunak areagotu du herritarren haserrea: «Duela 30 urtetik hona, Espainiako Gobernua ulertzen zaila den egitasmotan ari da gastatzen diru katalana. Itxita dauden aireportuak. Sarritan bidaiaririk gabe eta edozein hiritatik Madrilera doazen abiadura handiko trenak. Aitzitik, ez dago Bartzelona eta Valentzia arteko tren azkarrik, Estatuan gehien erabiltzen den trenbidea izan arren. Arrazoia? Espainiar ekonomiaren beste hainbat gauza bezalaxe, soilik politikoa da”. Bat dator Itziar Aduriz. Krisiak «injustiziaren diskurtsoa areagotzea» ekarri duelakoan da. Baina, Martin Aranburuk xehetasuna: uste du prozesua ez dela arrazoi ekonomikoetan oinarritzen, duintasun politikoaren urraketan baizik: «Kataluniako gizarteak bere duintasuna ikusi du azken urteetan erasotua». Eta erasoari erantzuna da prozesua.

 

Gizarte zibilaren eta kalearen garrantzia

Gizartea baita Kataluniako prozesuaren ezinbesteko gakoa. Aho batez diote. 2006koa da lehen manifestazio handia. Antolatzaileen hitzetan, milioi bat pertsona elkartu ziren Bartzelonan erabakitzeko eskubidearen alde. Eta 2009an herriz herri abiatu ziren Kataluniaren independentziaren aldeko galdeketekin hasi ziren lurra goldatzen, Aitor Arrutiren ustez. «Askok uste zutenaren kontra, alderdietatik kanpo antolatu zitekeen (galdeketa). Hori baino harago, alderdirik gabe mugimendua zeharkakoagoa zela. Eta maila nazionalean, gainera. Horrek txip aldaketa sakon bat ekarri zuen gizarteko hainbat sektoretan». ANC Batzar Nazional Katalana 2011n sortu zen, eta 50.000 bazkide gainditu zituen 2012rako. Gizartearen mugimenduaren beste adibide bat, baina ez bakarra, Aritz Galarragaren hitzetan. «Jendea kalera ateratzen da, eta gauzak proposatzen ditu, alderdi politikoei begira egon beharrean. Eta hori da, hain zuzen ere, Katalunian gertatu dena. [...] Gizarte zibila eta ez hainbeste klase politikoa izan da prozesua abiatu duena». Ados dago Gorka Knörr, alderdi politikoen bultzada herria izan dela. Are gehiago Espainiak inolako eskaintzarik egiten ez badu. «Katalunia badoa».

Ezin ahaztu, gainera, Wert legearekin katalanak hezkuntzan izan zuen eta duen «eraso zuzena», Adurizen ustez. Madrildik bultzatu den katalanen kontrako jarreraren beste adibidea hori ere, katalanen duintasuna urratu duena, mugimendua hauspotu duena. Osasun arloko eta lan arloko eskubideen murrizketek eta ustelkeriak nola, Arrutiren iritziz. Kataluniakoa «prozesu soziala izan delako, politikoa baino”. Eta horrek guztiak ekarri du eztandaren segida, urriaren 1eko erreferenduma.

 

Euskal Herrirako bide-orria?

«Elementu komunak badaudela argi dago, azken finean gure garapen politikoa marko estatal berean eman baita; baina, halere, bi herri desberdin izanik, bakoitzak bere bide propioa egin behar du, norberaren ezaugarri soziologikoetan oinarrituko den prozesu propioa». Hala dio Aranburuk. Desberdintasunak ere ikusten ditu Galarragak. Katalunian benetako urratze bat gertatu dela dio Espainiar Estatuaren proiektu politikoarekin. Euskal Herrian, ordea, ez du halakorik sumatzen: «Ez hain sendo, behintzat, Espainiatik aparte beste zerbait eraikitzeko behar hori. Agian euskal herritarrok ez gaude hain deseroso Espainiaren baitan».

Bide propioa urratzeko, gainera, euskal gizartearen aktibazioa ikusten du beharrezkoa Knörrek. Horretarako, alderdi politikoek alde batera egin behar dutelakoan da. «Alderdi politikoek lagundu behar dute, ez protagonista papera jokatu». Abertzale ez direnengana ere iritsi behar garela dio Arrutik: «Euskal Herri independente batek izan ditzakeen abantailak ikusaraztea litzateke momentu honetan bizi den egoerari bultzada bat emateko gakoa, agian, Katalunian gertatu den moduan».

Jakinen monografikoan jasotako iritzi eta proposamen batzuk dira horiek. Baina, oro har, badugu, beraz, Kataluniak egindako bidetik zer ikasi, Zunzunegiren ustez: «Biolentziarik gabe, modu baketsuan gauzak lor daitezkeela; ezberdintasun politikoak alde batera utzi behar dira helburu zehatz bat lortu nahi denean; eta jendearen boterea handia da gauzak ongi antolatuta egiten direnean».

Urriaren 1eko bidean egindako urratsak zeintzuk izan diren sakonago irakurri nahi izatera, hona denon eskura:  JAKIN 201