Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Unamuno 1864-2014. Euskararen eta abertzaletasunaren kontrako antidotoa

2014-11-11

2014ko irailaren 29an bete ziren 150 urte Miguel Unamuno pentsalari eta idazlea (Bilbo, 1864 - Salamanca, 1936) jaio zela. Euskararen pizkundearen eta euskal abertzaletasunaren etsai gogorra izanagatik, itzal handia izan zuen Unamunok frankismoaren urteetan euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna biziberritzen aritu ziren idazle eta intelektualen artean. Salbatore Mitxelena, Txillardegi, Jorge Oteiza, Koldo Mitxelena, Joxe Azurmendi...

Ezagunak dira oso euskararen gainean esan zituenak 1901ean, Bilbon egindako Lore Jokoen ospakizuneko presidente zela. Unamunok hautsak harrotu zituen euskarari hileta duina egin behar zitzaiola esan zuenean:

Zuk egiten duzun hizkuntza hori, jende euskalduna, euskara hori zurekin batera galtzen ari da: ez du ardura, zure antzera, hark ere galdu beharra duelako; beraz, hil ezazu bera lehenbailehen eta ehortz ezazu ohorez; mintza zaitez espainieraz!

Etika, fedea eta sinesmen erlijiosoaren krisia; Schopenhauer, Kierkegaard eta Bergsonen pentsamendua; herrien ‘intrahistoriaren’ kontzeptuaren defentsa, tradizionalismo huts eta arruntaren aurrean; gizabanakoaren eta gizartearen arteko tentsioa eta ideia existententzialistak; espainiar arraza eta nazioa, Errepublika eta 1936ko altxamendua... Izan ere, argilunez eta paradoxaz jositako ibilbide eta pentsamendua da Unamunorena; horrexek galarazi zion sistema filosofiko koherente bat osatzea, eta literaturaren bitartez kanporatu zituen bere barne gatazkak.

Dosier honetan, Joxe Azurmendik eta Txillardegik Unamunori buruz idatzitako testu ugarietatik esanguratsuenak ekarri ditugu. Txillardegiren hiru artikuluak 50 eta 60ko hamarkadetan idatzitakoak dira; Azurmendiren artikulu, liburu eta liburu zatiak, aldiz, azken 30 urteetakoak dira guztiak.

Azkenik, Imanol Unzurrunzaga, Juan San Martin eta Xabier Kintanak Jakinen idatzitako artikulu bana erantsi ditugu.

      

Txillardegi eta Unamuno

Joxe Azurmendi eta Unamuno

Unamuno Jakin aldizkarian