Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan
Artikuluak ELKAR SARIA 2017

Jakinen XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa proiektuak jaso du 2017ko Elkar Saria

Txillardegiren lana hedatzeko ikus-entzunezkoak, liburuak eta web orrialde propioa osatuko ditu Jakinek

2017-04-05
Lorea Agirre Jakineko zuzendaria, Jone Forcada Txillardegiren alarguna, eta Joxemari Sors Elkar Fundazioko burua

Etenak josteko eta zuloak betetzeko. Euskal pentsamenduaren transmisioa sustatzeko XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa proiektua jarriko du martxan Jakinek 2017ko Elkar Sariari esker. Hala iragarri du prentsa agerraldian Joxemari Sors Elkar Fundazioko lehendakariak, Lorea Agirre Jakineko zuzendaria eta Jone Forcada Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren alarguna alboan zituela. Izan ere, proiektuaren lehen urratsa Txillardegiren obra ezagutzera ematea izango da. 10.000 euroko diru laguntza jasoko du horretarako Jakinek sariarekin, eta Txillardegiren inguruko liburu bilduma, ikus-entzunezko laburrak, eta haren obra digitalizatuarekin web atari berezia osatuko ditu Jakinek.

 

Umezurtz gaudelako

«Ez ditugu ezagutzen euskalgintza, kulturgintza eta herrigintza eredu propioa garatu ahal izateko ezinbesteko izan diren autore eta ekimen berritzaileak», ziurtatu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. «Horiek ezagutu gabe umezurtz geundeke. Horixe da egitasmo honen oinarrizko abiapuntua». Bat dator Joxemari Sors Elkar Fundazioko lehendakaria. «Belaunaldien artean transmisio falta dago, euskal kulturan ere bai, eta euskal kultur pentsamenduari dagokionez, zer esanik ez». Horregatik erabaki du Elkarrek Jakinen proiektua saritzea. «Transmisioa lantzen duen egitasmoa izatea baloratu dugu».

Jakinek 60ko hamarkadatik gaur egun arte, Euskal Herriko pentsamenduaren eta kulturaren garapenean berebiziko garrantzia duten hainbat euskal autoreren lana berreskuratu, transmititu eta dibulgatuko du proiektu honen bidez, gaur egungo errealitate sozio-politikoa eta kulturala ulertzeko ezinbestekoa dela uste baitu Jakinek. Gainera, etenak josi eta hutsuneak betetzeko ariketa horretan, gazteengana iristeko ahalegin berezia egingo du. Euskal pentsalarien inguruko liburu sortak, ikus-entzunezkoak eta sareko atari bereziak plazaratuko dira horretarako.

 

Txillardegiren obra, lehen urratsa

Hiru urte eman ditu Jakinek Txillardegiren obra osoa digitalizatzen Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin. Guztira, 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde. Elkar Sariaren bultzadarekin obra hori herritarren eskura jarriko du Jakinek. Alde batetik, maiatzaren erdialdean obra osoari eskainitako sareko atari berezia zabalduko du Jakinek. Eta bestetik, bere obra dibulgatzeko liburu bilduma eta ikus-entzunezko sorta osatuko du. Gazteak eta dibulgazioa jomuga direnez, formatua helburura egokituko da. Liburuen kasuan honela antolatuko da bilduma:

  • Txillardegi eta hizkuntzaren filosofia
  • Txillardegi eta euskararen batasuna
  • Txillardegi eta euskalgintza
  • Txillardegi eta hizkuntza minorizatuak
  • Txillardegi eta soziolinguistika
  • Txillardegi eta hezkuntza
  • Txillardegi eta gizarte auziak
  • Txillardegi eta nazio arazoa
  • Txillardegi eta existentzialismoa

 

Sari banaketa ekitaldia

2017ko Elkar Saria apirilaren 27an jasoko du Jakinek Martin Ugalde Kultur Parkean, 19:00etan. Iaz jarri zuen abian Elkar Saria fundazioak, eta bigarren edizioa du.