Elbire Zipitria euskarazko irakaskuntzaren erraldoietako bat da. Gerraurrean euskal eskoletan irakasteaz gain, eredu pedagogiko propio bat sortu zuen, gerraosteko ikastolen eredu izan zena. Eskola moldea aurrerakoia izan zuen: mistoa, neskak eta mutilak bereizita ikasten zuten garaian; Frenet, Montessori, Piaget eta abarrak aztertuak zeuzkan, irteera ugari egiten zituen umeekin... Berritzailea izan zen Zipitriaren ikuspegia. Horri buruzko ikerketa lanak ere partekatu zituen Eusko Ikaskuntzak antolatutako ikastaroetan.

Euskarazko eskola gehiago irekitzeko lanetan ere buru-belarri ibili zen, bai irakasleak prestatzen, baita ikastola proiektuak bultzatzen ere. Gerraurrean abian zeudenei bultzada eman zien, Donostiako Ikastetxeari edo Tolosako Euskal Ikastolari, adibidez. Gerraostean, Euskal Herri osotik etortzen zitzaizkion ikastoletako irakasleak eta sustatzaileak, eta 60ko hamarkadako ikastolen loraldiaren oinarrizko erreferentzia da.

Irakaskuntza arloko lanak ez du agortzen Zipitriaren ekarpena, ordea. Bere belaunaldiko emakume jeltzale askoren gisa, Emakume Abertzale Batzatik egin zituzten lanek arrastoa utzi zuten garaiko gizartean. Mitinlari ezaguna izan zen Gipuzkoan, eta sarri biltzen zen herrietako gazteekin, euren abertzaletasuna pizteko. Abertzaletasun hori lotu-lotua ikusten zuen euskararekin, gainera. Haurrei ez ezik helduei ere euskara irakatsiz, euskarazko abestiak zabalduz eta kazetetan euskarazko artikuluak idatziz saiatu zen hizkuntza jasotzen. Hori gutxi ez eta, berea da euskal aditza azaltzeko nor-nori-nork sistema.

Azken finean, Zipitria gerraurreko euskal eskolak eta gerraosteko ikastolen mugimendua lotzen dituen haria da. Baina hori baino gehiago ere bada; abertzaletasun jeltzalearen sustatzaile izan zen, gerra baino lehen modu agerikoan eta, behin erbestetik bueltan, klandestinoki. Ibili zen arlo guztietan, euskara landu eta zabaltzea izan zuen azken jomuga.

Bilbao 700 - III Millenium Fundazioak diruz lagunduaMillenium Fundazioa