Biografia

Elbire Zipitria Irastortza 1906ko maiatzaren 28an jaio zen Zumaian. Aitaren hargin lana zela eta, umetan Donostiara aldatu zen familia. Zipitriak berak esan ohi zuenez, etxean ikasketetarako dirurik ez zen arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako beka bati esker hasi zituen irakasletza ikasketak, 1922an.

Behin titulua aterata, 1926an, Donostian hasi zen maistra, Migel Muñoa jeltzale ezagunak sortutako ikastetxean. Ikastetxe berezia zen hura garaiko Euskal Herrian, euskaraz irakasten baitzen dena. Han hasi zuen, beraz, Zipitriak euskarazko irakaskuntzaren bidea, sei urteko haurren gelan. Eskolak emateaz gain, ordea, eskola horiei buruz gogoeta pedagogikoan ere aritu zen maistra gaztea, Eusko Ikaskuntzan.

Irakaskuntza arloko lanak jardun politiko eta kultural biziarekin bateratzen zituen gerraurreko urteetan. Jeltzale sutsua izanda, Emakume Abertzale Batzako kide egin zen, eta 30eko hamarkadan mitinak ematen ibili zen hainbat herritan barna. Lizardi, Aitzol, Orixe eta abarrekin lanean ere aritu zen garai berean, Euskaltzaleak taldearen baitan. Ordukoak dira El Día egunkariaren Euskal Orria-n Ira ezizenez argitaratutako prentsa artikuluak.

Beste askori bezala, 36ko gerrak ordura arteko bizimodua errotik aldarazi zion. Ihesi joan behar izan zuen Iparraldera, eta Labaien-Sansinenea familia tolosarrarekin batera igaro zituen gerra urteak, lehenengo Ziburun eta ondoren Saran. 1942an itzuli zen berriro Donostiara.

Frankismo gogorrena izanik ere, familia abertzaleetako haurrei euskarazko eskolak ematen hasi zen berriro, partikular gisa, eta lau urteren buruan bere etxean ireki zuen gerraosteko lehen ikastola izango zena. Ikastola hartan trebatuko zen gero Zipitriarekin, 50eko hamarkada amaieran, ikastolen mugimenduko lehen irakasle belaunaldia. Ikastolen mugimendu hori sustatzen jarraitu zuen gero ere: 1968tik aurrera Donostiako Orixe Ikastola sortzeko lanean ibili zen, eta bertan erretiratu zen 1971n, 65 urterekin.

Erretiroa hartu ostean ere, borroka euskaltzalean jarraitu zuen. Euskerazaintzako kide sutsua izan zen, euskara batuaren kontrako jarrera gogorra agertuz, h-aren auzian batez ere.

1982ko abenduaren 26an hil zen Donostian, gaixotasun luze baten ondoren.

Bilbao 700 - III Millenium Fundazioak diruz lagunduaMillenium Fundazioa