Biografia

Sorne Untzueta Landeta Utarsus 1900eko azaroaren 27an jaio zen Bilboko Abando auzoan. Gurasoak euskaldunak izan arren, etxean gaztelania jaso zuen, eta irakasletza ikasketak egin bitartean ikasi zuen euskara, giro abertzalean ibiltzen hasi ostean. Eskola Normalean irakasletza ikasketetara sartu aurretik, Atxuriko eskolan hartu zituen lehen klaseak.

1920an, Bizkaiko Foru Aldundiaren aginduz auzo eskolak ireki zirenean, Untzueta lehenengo irakasleetako bat izan zen. Eskola horietan euskaraz irakastea baimenduta zegoen, baldin eta auzoko hizkuntza ohikoa euskara bazen. Horrela, umeak euskaraz heziz lan egin zuen, gerra hasi bitartean, Bizkaiko hainbat herritan: Errigoitin, Plentzian, Gorlizen, Lemoan, Bedian, Berangon... Ezkondu ere garai hartan egin zen, 1925ean, Gregorio Errazti bilbotar abertzalearekin.

30eko hamarkadan, Primo de Riveraren diktadura bukatzearekin batera, Emakume Abertzale Batzako kide aktibo gisa ageri zaigu. Gainerako kideen modura, hainbat diziplinatan arituko da abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren mezua zabaltzen. Ordukoak dira bere artikulu gehienak, euskaraz, Euzkerea eta Euzkadi agerkarietan batez ere. 1932a mugarritzat har liteke Untzuetaren jardun politikoan: emakumezkoen botoa legalizatuta, urte horretatik aurrera emakume ugari atera zen jendaurrean mitinak ematera. Untzueta dugu horien artean nabarmenetakoa.

Horrek ekarri zion 36ko gerra hasi zenean erbesteratu beharra. Gorabehera batzuen ostean, Frantzian jarri zen bizitzen familia osoa, eta nola hala atera zuten bizimodua. Egoera zailak ez zien adorerik kendu, ordea: Bigarren Mundu Gerran Erresistentziarekin kolaboratu zuen bikoteak, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta. Untzueta Frantzia libretik okupatura mezuak pasatzen aritu zen. 1953an Euskal Herrira itzuli ziren denak, senarra hilurren baitzen. Alargundu ostean, frantses eta kultura orokorreko eskolak ematen aritu zen erretiroa hartu arte.

Trantsizio garaiko urteetan, berriro idazteari ekin zion. Ordukoa da bere bigarren artikulu multzo handia, oraingoan Zer aldizkarian. Gerraurrean bezala, olerkia eta ipuingintza landu zituen batik bat.

2005eko urtarrilaren 13an hil zen Urdulizen, 104 urterekin, bizitza luze eta emankorra izan ondoren.

Bilbao 700 - III Millenium Fundazioak diruz lagunduaMillenium Fundazioa