Biografia

Miren Etxabe Aldai 1903an jaio zen Zarautzen. Gaztetatik hasi zen euskarazko kulturaren inguruan mugitzen, 1924ko Zarauzko lehenengo Euskal Jaietan jada animatzaile lanetan agertzen baita. Gerora, gerraurreko beste emakume asko bezala, kulturaren eta politikaren esparruan aritu zen.

Antzerki munduan egin zituen bere lehenengo lanak. 1929an idatzi zuen lehena: La Virgen de las Angustias gaztelerazko antzerki-obra itzuli zuen Itziarko ama izenburuarekin, eta, behin saritua izan ostean, Azpeitian estreinatu zen. Zarauzko Naste Borraste antzerki taldeko kide ere izan zen, bere ahizpa Juanitarekin batera. Kide soilik ez, tarteka zuzendari lana ere hartu zuen obraren arabera.

El Día aldizkari abertzalean kolaboratu zuen 1930tik aurrera, Lau Uxo ezizenarekin. Garai bertsuan hasi zen hitzaldiak ematen Euskaltzaleak taldeak antolatutako ekitaldietan. Errepublika garaiko mugimendu abertzalearen sare horretan, Zarauzko Emakume Abertzale Batzako burua eta herriko Batzokia sortu zuen taldeko emakume bakarra izan zen. Ardura horiek izanda, gerra hasi zenean Bilbora jo zuen lehenengo, arriskuaz ohartuta, eta erbesteratu egin zen.

Ez zen geldirik egon Iparraldean ere. Lehenengo, Eusko Jaurlaritzako kideen sukaldari lanetan aritu zen. Eresoinkaren eskutik etorri zitzaion gero kulturgintzara itzultzeko aukera, kantari lanetan. Behin gerra amaitu zenean, Zarautza itzuli eta familiak zeukan dendaren ardura hartu zuten Miren, Juanita eta Karmen ahizpek. Lan horrekin batera, herriko euskaltzaleei laguntza ematen jarraitu zuen, ikastolaren hastapenetan, besteak beste.

1993ko maiatzaren 3an hil zen, Zarauzko bere jaiotetxean, 90 urte beteta.

Zarauzko Udala
Bilbao 700 - III Millenium Fundazioak diruz lagunduaMillenium Fundazioa