Karmele Errazti abertzaletasun jeltzalearen sustatzaile sutsua izan zen gerraurreko urteetan. Bere bizitzaren ardatz nagusia izan zen hori, bai euskararen esparruan, eta baita politikarenean ere.

Euskara sabindarra ikasi eta irakatsi zuen, gerraurrean euskara estandarizatzeko proposamenetako bat. Abertzaletasunari lotutako pizkunde kulturalaren baitan eman zituen bere literatur lanak, umeentzako ipuin bilduma bat eta antzerki-komedia bat. Euskarazko kazetaritza modernoaren hastapenetan, hizkuntza esparru berri horretara zabaltzeko ere egin zuen lan, Euzkadi, Euzko Deya, Euzkerea eta Euzko Gogoa aldizkarietan, besteak beste.

Aldizkarietarako idatzitako artikuluetan, garaiko jeltzaleen iruditeria eta pentsamendua zabaltzen aritu zen. Aipatzekoa da Euzko Deya-n zeukan Euzkeldun neskatillai atala, abertzaletasun jeltzaleak emakumeei helarazi nahi zien mezua zabaltzen zuena. Behin Emakume Abertzale Batza osatu zenean, haren jardunaren berri ere eman izan zuen aldizkarietan.

Horixe baita bere ekarpenik handiena, ziur aski. Euskal abertzaletasunaren baitan sortu zen lehen emakume taldearen gidaritza hartu zuen Errastik. Hasieran, artikuluen bitartez zabaldu zuen bere ustez emakumeak zer leku eta zeregin zituen. 1922tik aurrera, EABren bitartez jarraitu zuten emakume abertzaleak antolatu eta jarduera kultural nahiz politikoetara lotzen.

Bilbao 700 - III Millenium Fundazioak diruz lagunduaMillenium Fundazioa