Biografia

Karmele Errazti Saratxo 1885ean jaio zen Bilbon. Familiatik zetorkion abertzaletasun jeltzalearekiko eta EAJrekiko atxikimendua, aita Larramendiko hitzaldi entzutetsuan izan zenetik Sabin Aranaren hurbileko jarraitzailea baitzen. Gerraurrean, emakume jeltzale entzutetsuenetakoa izan zen, Emakume Abertzale Batzako aurreneko lehendakari ere izan baitzen, besteak beste.

1910erako, Bilboko Euzko Gaztedijako kide egin zen Errazti. Jeltzale gazteen talde hartan zeuden Jose Mari Errazti anaia eta Zeferino Jemein Lanbarri ere, Karmelerekin ezkondu zena 1914an. Euskara ere garai bertsuan hasi zen ikasten, Ebaristo Bustintza Kirikiño-rekin Bilboko Institutuko klaseetan. Ondo ikasi ere, gerora Errazti bera arituko baitzen euskara irakasten. Hamarkada hasiera hartan egin zituen prentsarako lehen artikuluak ere, Etxakin izengoitiarekin.

Euskara ikastearekin batera, talde horrek Euzkeltzale Bazkuna sortu zuen, euskal gaiak jorratu eta euskarazko kultura sustatzeko. Ordukoak dira Karmele Erraztiren literatur lanak, 1914ko ¿Amesa? Umientzako ipuñak eta 1915eko Oleskari biyak antzezlana. Literatur lanez gain, Euzkeltzale Bazkunak Euzko Deya euskarazko aldizkaria jarri zuen abian Bilbon, 1916an. Han ere artikulu ugari idatzi zituen.

Hurrengo hamarkadan, abertzaletasuna zabaltzeko lanari ekin zion. 1922an Emakume Abertzale Batza sortu zuten jeltzaleen taldean zegoen, eta kideek erakundearen lehendakari aukeratu zuten. Bera izan zen taldearen buruzagi, bai hasieran, baita Primo de Riveraren diktaduran zehar ere, klandestinitatean. 1932an, berriro jardun publikora itzuli zenean, bigarren aldiz aukeratu zuten lehendakari, baina ez zuen onartu, belaunaldi berriei erreleboa uzteko.

1936ko gerran ihes egin behar izan zuen, eta harrezkero ez zen gehiago Hegoaldera itzuli. Gerra urteetan hainbat artikulu idatzi zituen oraindik, eta, behin Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan ere, Euzko Gogoa-rako testu batzuk bidali zituen.

1954ko ekainaren 23an hil zen Pauen.

Bilbao 700 - III Millenium Fundazioak diruz lagunduaMillenium Fundazioa