Julene Azpeitiaren ekarpena bi arlotan sailka daiteke, batez ere: haurren irakaskuntza eta euskara. Bi arlo horietara, ordea, ertz askotatik eta lan askotan iritsi zen bere bizitza osoan zehar. Aldizkarietarako artikuluak idatzi, liburuak eta irakurgaiak sortu, irratian jardun, eskolak eman, ikastolak bultzatu, bertako eta nazioarteko euskaltzale ezagunenekin harremanak mantendu, Emakume Abertzale Batzan ibili... XX. mendean euskararen berreskurapenean jardun duen kulturgile nekaezinen multzokoa da Azpeitia, pentsamenduz tradizionala eta ekintzaz modernoa.

Irakasle izateko hautua gaztetatik egin zuen, eta inoiz ez zuen erakutsi damutu izanaren zantzurik. Bizitza osoan zehar egindako lanek erakusten dute bere ardura pedagogikoa inoiz ez zela itzali. Irakaskuntza izan zuen ogibide gerra aurrean nahiz ondorenean, eta, euskaraz irakasteko material pedagogiko falta lehen eskutik ezagututa, hutsune hori betetzeko aritu zen lanean. Hortik etorri ziren irakurtzen ikasteko metodoak eta haurrentzako irakurgaiak. Materialgintzaz gain, ikastolen bultzatzaile nekaezina ere izan zen, eredu pedagogiko berritzaileak abian jarri eta haurrek euskaraz ikasteko baldintzak sortu zituena, Euzko Ikastola Batzan.

Euskaltzaletasuna, berriz, etxetik jaso zuen, aita bertsozalearengandik. Euskara etxeetatik kanpora atera zedin egin zuen lan Azpeitiak, eskura zeuzkan lanabes guztiekin. Eskolan euskara sartzea izan zen bere helburuetako bat, baina, handik kanpora ere, esparru gehienetan eman zion bultzada hizkuntzari. Hizkuntzaren garapenerako ikuspegi zabal horren erakusgarri da Azpeitiak 1968ko Arantzazuko Batzarrera bidali zuen proposamena. Euskara zabal zedin, eskolaz gain, literatura eta irratia zeuzkan oinarrizko baliabidetzat, eta horietan jardun zuen gazte-gaztetatik hil artean.

Zumaiako Udala
Bilbao 700 - III Millenium Fundazioak diruz lagunduaMillenium Fundazioa