Biografia

Julene Azpeitia Gomez 1888ko urtarrilaren 8an jaio zen Zumaian. Lehen eskolak Zumaian bertan hartu ostean, Donostiako eta Bilboko Irakasle Eskoletan egin zituen irakasle ikasketak; horiek bukatutakoan, Aizarnazabalgo eskolan hasi zen lanean, 19 urterekin. 1911n irakasle oposaketak egin zituen Valladoliden; lehenengo han geratu zen, eta ondoren Bizkaiko ikastoletan hasi zen irakasle lanetan. Ezkondu eta gero, Mexikon eman zituen lau urte, 1916tik 1920ra. Hain justu, Mexikon hasi zen euskaraz argitaratzen, bertako euskaldunek urtean behin San Inazio egunean ateratzen zuten aldizkarian. Mexikotik bueltan, ordura arte landu zituen bi esparruetan jardun zuen berriro, haurrei irakasten eta euskara lantzen. Orduan lortu zituen bere lehenengo sariak: Euskaltzaindiarena 1920an, 1925ean Bizkaiko Diputazioak antolatutako lehiaketakoa, KirikiƱo saria 1933an... Garaiko aldizkari ugaritan ere idatzi zuen.

Emakume Abertzale Batzako gainerakoei bezala, 36ko gerrak eta haren ondorenak zuzenean eragin zioten Azpeitiari. Erbesteratu eta hamaika urte eman zituen irakasle lanik gabe. 1947an Bizkaiko Diputazioaren eskoletan irakasten hasi zen arren, bi urtera zigortu eta Burgosko herri txiki batera bidali zuten, irakasle lanetara. 1952an itzuli zen Durangora bizitzera, eta jubilatu aurreko azken urteak Markinako ikastolan eman zituen. Erretiroa hartuta ere, euskal kulturari egindako bere ekarpenak ez ziren eten; hurrengo bi hamarkadetan lan pedagogikoak, haurrentzako ipuinak eta eleberriak ere argitaratu zituen Azpeitiak. Hori guztia dela eta, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1964ean eta 1975ean.

1980ko otsailaren 5ean hil zen Bilbon, 92 urte beteta.

Zumaiako Udala
Bilbao 700 - III Millenium Fundazioak diruz lagunduaMillenium Fundazioa