Biografia

Paulo Agirrebaltzategi Kortabarria Araotzen (Oñati) jaio zen 1942ko abuztuaren 18an. Frantziskotarra da. Hamaika urterekin joan zen Arantzazura, fraidegai. Foruan jarraitu zituen humanitate ikasketak, bi urtez. 1959an Erriberrira jo zuen, filosofia ikasketak egitera. 1962an itzuli zen Arantzazura, teologia ikastera. 1966an apaiztu zen.

Erromako Antonianum Unibertsitatean sakondu zituen teologia ikasketak 1966 eta 1970 urteen artean. 1970ean doktoratu zen teologian, kultur antropologia-eklesiologia alorreko tesiarekin: Configuración eclesial de las culturas tesiarekin. 1976an argitaratu zuen Deustuko Unibertsitateak.

Ikasketak amaituta, Euskal Herrira itzuli eta Jakin Taldean sartu zen, Joseba Intxaustiren eskariz. Jakineko lankidetza eta teologiaren irakaskuntza aldi berean eraman zituen hainbat urtez: 1971-1975 urteen artean Erroman aritu zen irakasle, eta 1973-1978 urteen artean, aldiz, Deustuko Unibertsitatean. 1971n hasi zen, halaber, hainbat aldizkaritan idatziak argitaratzen: Anaitasuna, Jakin, Jaunaren Deia... 1973an hasi zen herri eta hizkuntza gutxituen aldeko ekimenetan parte hartzen, CIEMEN (Centre Internacional Escarré per a les Minories Ètniques i les Nacions) eta CONSEU (Conferència de Nacions Sense Estat d’Europa) erakundeen baitan. Era berean, Europa de les Nacions aldizkariaren erredakzioko kidea izan zen. 1995ean, CIEMEN nazioarteko saria jaso zuen.

1977an, UZEIren sorreran parte hartu zuen, eta bertan hasi zen lanean, hiztegi tekniko-berezituetako lantaldeen koordinatzaile. 1983an EKB (Euskal Kulturaren Batzarrea) koordinakundea antolatuta, bertako lehendakaria izan zen 1995era arte; horren baitan sortutako Bat. Soziolinguistika aldizkaria-n erredaktore jardun zuen erakundearen lehendakaritza utzi zuen arte.

1978an Herria 2000 Eliza aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen, eta bertako erredakzioko eta lankide izan da 2018an aldizkaria itxi arte.

1990ean, Ekialde Hurbilean, Israelen eta Palestinan urte sabatikoa burutu ondoren, Euskal Entziklopedia Orokorra proiektua diseinatu eta lantzeari ekin zion, UZEItik eta Elkar argitaletxearen babespean; ondorengo hamabi urteetan, 2002ra arte, EUSENOR enpresan jardun zuen, I+G arloaren arduradun.

Geroztik edizio lanetan aritu da Arantzazu argitaletxearen euskarazko sailean, eta euskal literatura ondareko idazlan hainbaten edizio kritikoak prestatzen: nabarmenki, Bitoriano Gandiagarena eta 2018an hamar liburukitan argitaratutako Arantzazuri buruzko literatura poetikoa biltzen duen Arantzazu dut kantagai bilduma.

2014an ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak.