Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan

Telepolis

Gorka Julio
 Gorka Julio

Ikastolan lehenik, EHUko informatika ingeniaritza fakultatean eta UOCen Software Libreko masterrean ikasia; gradu eta graduondoko irakasle ere banaiz. Orain, Talaios kooperatibako partaidea eta bertan bereziki web garapenaz, informazio analisiaz eta estrategia teknologikoen diseinuaz arduratzen naiz. Jendartea eta teknologia uztartzea da nire pasioa, horregatik aspalditik hainbat hedabidetan parte hartzen dut.

Tesla mugikorrean

2015-02-25

Nikola Tesla asmatzaile, ingeniari elektriko, ingeniari mekaniko, fisikari eta futurista izan zen. Korronte alternoaren asmatzailea izan zen, eta doako elektrizitatea guztiontzat izateko aukerarekin amesten zuen. Berak asmatutako korronte alternoko motorrak, adibidez, bigarren industria iraultzan murgildu gintuen.

Beste hainbat mito eta istorio harrigarriri ere lotzen zaio; irakurri, adibidez, 1908an Tunguskan (Siberia) gertatutako leherketa eta suntsipenari buruz. Doako elektrizitatearen ingurukoak ere gaizki-ulertu edo gehiegikeria moduan uler daitezke.

Mito ez dena, aldiz, haririk gabeko elektrizitate garraioarena da. Irratiaren patenteak berarenak dira, nahiz eta gehienok Marconirekin lotzen dugun asmakizun hura. Hori bezalaxe, elektrizitatea ere haririk gabe garraiatzeko asmakizunak eta proiektuak bazituen. Mugikorraren bateriaren agortzea ‘arazo’ bihurtu den honetan, Tesla aitzakia bezala hartuta, horren haritik tiraka berarenak izan litezkeen mugikorretarako zenbait tresna aurkeztuko dizkizuegu.

Denak gelditu gara noizbait bateriarik gabe gure gailuetan; horren aurrean, gure lehen gailu hauek –bateria eramangarriak, alegia– soluzio azkar bat dira. Era eta tamaina askotarikoak daude, baina ezaugarri garrantzitsuena, kasik, beren biltegiratze ahalmena da. Neurtzeko erabiltzen den unitatea mAh-a da; gure bateriak 2.600 mAh-ko ahalmena badu eta gure bateria eramangarriak hori baino gehiago, karga osoa egiteko aukera emango luke, beraz. Horietako batzuk mugikorreko bateria lau-bost aldiz betetzera iristen dira. Gero eta merkeagoak dira, vending dendetan ere ikus daitezke, tren geltoki eta leku estrategikoetan.

Karga izatearekin batera, karga hori azkar egiteko aukera ere garrantzitsua da. Horregatik, karga azkarreko bateriak eta sistemak ere garrantzitsu bihurtzen ari dira. Gailu mugikor gehienek USB bidezko karga estandarra erabiltzen dute, baina badira ere karga azkarrago burutzeko sistemak. Horietako batzuk –Pump Express (Mediatek), Quick Charge 2.0 (Qualcomm), VOOC (Oppo)...– mugikor berri askotan presente dauden teknologia berriak dira. Karga abiadura bikoiztu edo hirukoiztu egiten badute ere, ezaugarri bereziak dituzten gailuetan erabil daitezke soilik; batzuetan kargadore berezia behar izaten dute, gainera.

Qi haririk gabeko kargarako teknologia aspaldikoa bada ere, nahiko ezezaguna da oraindik. Gailu batek Qi karga onartzen duen jakiteko, gailuan bertan edo bere kutxan Qi teknologiaren logoa bilatu beharko dugu. Aurkituz gero, haririk gabeko kargadore hauek erabil daitezke kargarako. Kable baten bidez entxufatu beharrik gabe, mugikorra kargadorearen plataformaren gainean jarri eta kargatzen hasten da gailua. Mugikor berrienetan teknologia hori hedatzearen ondorioz, beren prezioa ere asko merkatu da.

Epe luzerako soluzioek, aldiz, paradigma berrietan oinarritutako baterietatik etorri beharko dute. Azken ikerketetan, grafenoak paper garrantzitsua izan dezakeela frogatzen ari dira. Badirudi litioz eta grafenoz osatutako bateriek iraupen gehiago eta karga denbora baxuagoa izango dutela. Grafenoarekin bakarrik ere hainbat ikerketa martxan daude, baina emaitza komertzialak ez dira berehalakoak izango.

Teslaren ideiek aurrera egin izan balute, beharbada elektrizitatearen eskuragarritasunak eragindako arazo horiek guztiak gaindituta egongo lirateke; baina, momentuz, elektrizitatea eskura izateak berebizikoa izaten jarraituko du gure jendartean. Pakistanen ondo dakite: urtarrilean zentral elektriko batean gertatutako arazo baten ondorioz, herrialdearen %80 elektrizitate gabe gelditu zen. Horren ondoan, gure mugikorrak noizean behin bateria gabe gelditzea huskeria bat da.