2017ko azaroak 19
Gora joan

Parte hartze plataforma herritarrak

2016-03-16

Espainiako Estatuko hiri handiek parte hartze eta gardentasun tresnak jarri dituzte martxan. Hiritarrekin harreman fisikotik harago ere, leiho birtual bat ireki nahi izan dute jendearen ekarpenak jaso eta erabakiak hartzen laguntzeko. Madrid Decide (https://decide.madrid.es) izan zen horietako bat, eta orain Bartzelonak ere (https://decidim.barcelona) bide berari ekin dio.

Biek Consul softwarea erabiltzen dute, hiri handientzat garatutako software libreko tresna. Horri esker, hiri ezberdinetan egiten diren garapenak partekatu eta berrerabili ahal izango dituzte, kostuak murriztuz eta tresna etengabe hobetuz. Bide interesgarria dudarik gabe, erakundeen arteko trukea posible egiten duen eredua baita. Administrazioaren norabide politikoak egin du posible oraingoan, baina hori gabe ere software libreak ateak irekitzen ditu arlo ezberdinetako jendeak ekarpenak egin eta baliatzeko, nahiz eta kolore politiko ezberdinetakoak izan.

Softwarearekin, aldiz, ez dago dena konponduta; horrela balitz, aspaldi konponduta genuke parte hartzearen gaia. Madril eta Bartzelonaren bideak oso ezberdinak dira kasu honetan. Madrilek tresnan bozka kopuru minimo bat lortzen duten ekimenak hartzen ditu kontuan. Bartzelonak, aldiz, prozesu parte hartzaile bat jarri nahi du martxan, fisikoa eta digitala aldi berean, ondoren hortik ateratakoekin aurrera eraman daitezkeen ekimenak bideratzeko.

Argi dago bultzada politikoa ere beharrezkoa dela bi kasuetan, baina baita jendearen parte-hartze kultura sakon bat ere. Komunikazio tresna ugari eta zuzenagoak ditugun garaian, jendartearen eta erakundeen artean urruntasun handia nabari da. Hori konpontzea zaila da, denbora hartuko duen ahalduntze prozesu baten parte ere bada.

Akatsa litzateke, aldiz, tresna horiek zuzenean aztertu gabe ere gurera ekartzea. Herri eta hiri bakoitzak bere izaera dauka eta bertara moldatu beharko genituzke, edo berriak proposatu. Kontraesan handietan ez sartzeko garrantzitsua da, hori bai, software hori librea izatea eta nahi duenak egiaztatu, aztertu, erabili eta hobetu ahal izatea.

Bide horretatik sortu dira Sharetu.eus eta Ask-e Euskal Herrian. Parte hartzera bideratutako tresna horien bidez, erakundeek egin behar dituzten ekimenak jarraitu edo herritarrek beraiek egin ditzaketen proposamenak jasotzeko Herritarren Parte Hartze Plataforma bat sor daiteke. Erakundeek egiten dituzten ekimenei buruzko iritziak aurretik jasotzeko edo ondoren egiten direnei buruzko kexak eta proposamenak biltzeko helburua dute biek.

Sharetu (http://sharetu.eus) herrietako gaiei buruz mintzatu ahal izateko sare soziala eta herritarren partaidetza sustatzera bideraturiko tresna da. Herritarren eta udalen arteko zubi bat, denon eskura, webgune publiko batean edozeinek erabiltzeko moduan.

Ask-e (http://aske.eus), aldiz, udalek berezko udal webgunean edo azpiegituran txertatu ahal duten tresna librea da, herritarren partaidetza sustatzeko. Herritarren ekarpenak jasotzea, bideratzea eta erantzutea ahalbidetzen duen IKT tresna propioa behar dutenentzat da. Sharetu atariak eskaintzen dituen aukerez gain, barne kudeaketan laguntza eta azpiegitura propioetan ezar daitekeen sistema oso bat da, alegia.

Gero eta gehiago izango dira era horretako ekimenak arlo guztietatik. Posible da arlo pribatuetatik ere sustatu eta arrakasta izatea. Hobe arlo publikotik indarrak bildu eta software librean oinarritutako ekinbide publikoari ekitea. Arrakastaren gakoak herritarren parte hartzea eta herri erakundeen sostengua izango dira beti, baina ausardia ere behar da, eta hori indar politiko publikoek jarri beharko dute.