2017ko urriak 22
Gora joan

Errealitate birtuala (VR), areagotua (AR) eta mistoa (MR)

2016-11-09

Errealaren eta birtualaren mugetan indarrak jarri nahi dituenik bada ere, zatiketa hori egitea gero eta zailagoa dela frogatzen dugu egunero. Mundu ustez birtualean egiten ditugun gauzek etengabeko eragina dute gugan, eta alderantziz. Errealitatea zer den, teknologiak nola eraldatzen duen argi ez, eta orain errealitate birtualarekin, areagotuarekin eta mistoarekin ere lehiatu beharko dugu.

Horietan zaharrena Errealitate Birtuala da (ingelesez Virtual Reality, VR). Betaurreko moduko gailu batzuen bidez, birtuala den edo errealitatea guztiz ordezkatzen duen mundu batean murgiltzen gara. Mundu horretan elkarreragiteko aukera dugu, aurrera mugituz gero aurrera, albo batera edo bestera eginez. Gailu konplexuagoak ere erabil daitezke gure mugimenduak kontrolatzeko, baina orokorrean birtuala den mundu batean murgiltzen garelako deitzen zaio horrela.

Errealitate Areagotuak (ingelesez Augmented Reality, AR), aldiz, errealitate fisikoan dagoenari gauza gehigarriak eransten dizkio, pantaila baten bitartekaritzaren bidez. Errealitate birtuala bezala 360 graduko bistako gailuen bidez ikus badaiteke ere, nahikoa da –murgiltze sentsazio berdina eskaintzen ez badu ere– mugikor baten pantailarekin eta horrek daukan kamerarekin, adibidez. Elkarrekintza kasu hau errealitatearen gainean ikus daitezkeen objektu digitalekin gertatzen da, nolabait ikusten dugun errealitateari informazio digitaleko kapa bat gaineratuz.

Errealitate Mistorako (ingelesez Mixed Reality, MR), aldiz, gailu berezituagoak behar dira, errealitatearekin integrazio osoa bilatzen baitu. ARn bezala, informazioa edo objektu digitalak kokatzen dira gure aurrean; baina erabateko integrazioa gertatzen da, horiek bertan egongo balira bezala ikusten ditugu, gurekin elkarreragin dezaketelarik. Betaurreko moduko gailuen bidez, errealitatea ikusteaz gain gure ingurua guztiz aldatu eta bertan elkarreragiteko aukera ematen digu teknologia honek.

Mugimendu naturalagoen bidez elkarrekintza ‘errealagoa’ izatea ere espero da. Oraindik aurrerapen maila horretara iritsi ez bagara ere, zenbait baliabide fisikok gure ekintzen aurrean erreakzionatzeko aukera ere izan dezakete, baldin eta horretarako prestatuak badaude.

Teknologia horiek guztiak erabiltzeko gailuak jada gure artean daude. Lehen pilotu kasko batean pentsatzen bagenuen, orain sakelakoa bere baitan sartzeko aukera ematen duten Googleren Cardboard kartoizko betaurreko merkeak, Samsung Gear VR edota Oculus Rift betaurreko aurreratuak erabil daitezke. Horiek denek errealitate berri hauetan esperimentatzeko aukera ematen badute ere, MR-ra iristeko bidea falta da oraindik.

Errealitate mistoa ikerketa fasean dago. Emaitza batzuk laster ikusten hasiko garen arren, oraindik denbora bat beharko dugu era honetako teknologiak hedatzen hasteko. Microsoft HoloLens eta bereziki Magic Leap ekimenak dira oraintxe garatuen daudenak, nahiz eta bigarren horren informazio askorik ez egon. Jasotzen ari diren inbertsioei begiratuz gero, apustu izugarriak egiten ari dira batzuk teknologia horien alde. Aldaketa ez da berehalakoa izango, baina teknologia horrek aldaketa handia suposa dezake.

Ingurune itxietan, lantokietan edo etxeetan edonon pantaila bat izatea bezala litzateke, baina pantailen beharrik gabe. Ingurunea ere erabat alda dezake, tresna birtualak eta orain arteko konputagailuetako lan tresnak batera erabiltzeko aukera emanez, bideokonferentzia elkarreragile errealistagoak eginez edota atseginagoak zaizkigun inguruneak sortuz lanerako edo, besterik ez bada, egoteko.

Ingurune irekietan, aldiz, zailtasun gehiago izan ditzakete. Kontrolatzeko zailtasun gehiago dituen ingurunea izateaz gain, jendarteak dituen erresistentziak gainditu beharko ditu; baina, gaindituz gero, sakelako telefonoen pantailak ere desagerraraz ditzake.

Frogatuta dago teknologia horiek guztiek errealitatea hautemateko daukagun eraren antzeko sentsazioak sortzeko gaitasuna dutela; gero eta errealagoak badira, gero eta zailagoa izango da errealitate fisiko eta birtualen arteko alde hori bereiztea. Bereizi behar ditugun edo tarteko kategoriak behar ditugun pentsatzen hasteko unea ere izan daiteke.

Teknologia ezberdinek etengabe aldatu izan dute gure jendartea; Internetek, aldiz, dena aldatu zuen. Orain arte ditugun gailuek esku artean jarri digute une oro Interneteko ezagutza guztia. Teknologia horiek, orain, une oro gutako bakoitzaren begi aurrean izango ditugu. Gure garunetik gero eta gertuago, gugan sentsazioak sortzeko gaitasun gero eta handiagoarekin.

Beti bezala, oraingoan ere zientzia fikzioak aurreratutako pasarte gogoangarriak eskaini zizkigun gaiari buruz. Neal Stephensonen Snow Crash eleberrian metabertsoak (unibertso birtualak) ezagutzeko aukera izan bagenuen, Vernor Vinge-ren Rainbows End liburuak, aldiz, errealitate areagotu eta mistoaren egunerokotasuna nolakoa izan daitekeen erakutsi zigun.

Filosofian edo pentsamenduan ere zer pentsa ematen duten erreferentziak aurkitzea ez da zaila. Vladimir Vernadskik plano zientifikoago batean eta Pierre Teilhard de Chardinek plano filosofiko-teologikoagoan erabili zuten Noosferatik gero eta gertuago gaude. Geosferaren (materia bizigabea eta bere garapena) eta Biosferaren (izaki bizidunak eta beren garapena) ondoren Noosferaren fasea datorrela zioten. Gizakiak ezagutzaren bidez, ezagutzaren trukearen eta interkonexioaren ondorioz eta horren aplikazioaren kontroletik sortutako fase berri bati buruz hitz egin zuten.

Urrun joan bagara ere, ‘inteligentzia’ artifiziala ere badela onartuta eta ‘errealitate’ hitzaren esanahia aldatu edo lausotu behar dugula sentitzen badugu, aldaketa handi bat bidean da.