Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan

Soziolinguistika

Jaime Altuna Ramirez
Jaime Altuna Ramirez

Urteetan haur eta gazteen heziketan lan egin ondoren, antropologian murgilduta nabil. Agian, Atapuerca mendilerroan hazi zen amonak eta Ataungo amonaren abizenak zerikusia izan dute ibilbide berri honetan. EHUn Antropologia Feminista Ikerketa Taldean nabil, ikasten eta baita ikasitakoa desikasten ere. Egunen gurpilean nire izena agertuko bada ere, gaizki esanak nireak dira, ondo esanak kolektiboak.

Egunen gurpilean

Zenbakiak

Iturria: Berria

Hitzak eta zenbakiak nahasten dira hauteskunde ondorengo egunetan. Hala gertatzen ari da aurtengo udaberrian eta hizkuntza-politika ez da agendan egon den kontua; alderdiek ez dute gaia sobera azpimarratu udaletarako, gobernu eta aldundietarako zein Europako parlamenturako prestatu dituzten programetan. Nafarroa izan da salbuespena; euskara biziberritzearen aurkakoak diren alderdiek kalkulua egin dute (suma izenari ohore eginez), eta euskara faktore ona dela ondorioztatu dute duela lau urteko aldaketaren batuketa oraingoan kenketa bihurtzeko.

Hizkuntza eta zenbakiak uztartu zituen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k, 1979an Fonologiaren matematikuntza liburukian. Abiapuntu horretatik, Xabier Isasirekin batera, hizkuntzen arteko ukipena neurtzeko, ulertzeko eta azaltzeko azterketa matematikoa baliatu zuen hiztunen erabilera eta «leialtasuna» adierazteko. Miren Rubiok idatzi berri duen Txillardegi. Batasunaren pentsalaria liburuan hala jasotzen du:

Txillardegi bera harro zegoen ekarpenarekin, «Einsteinen teoria» ez izan arren, «gutxienez inori kopiatu gabe» asmatutako lana zelako.

Hitz horiek irakurtzean, 2006an Kontseiluak Donostian antolatutako En castellano, por favor jardunaldian Txillardegik eman zuen hitzaldia gogoratu dut. Garai hartan aisialdiko hezitzaileen formazio saioetan soziolinguistika matematikoari tarte bat eskaintzen genion, eta eredu hori proposatu zuenaren aurrez aurreko eskola bat jaso ahal izateak ilusioa eragiten zidan. Nire koadernoaren orri batzuk erabat konprenitzen ez nituen zenbaki, letra eta formulez bete nituen, Txillardegik arbelean idazten zituen formulak kopiatu eta ulertu nahian. Itxaso Ferrerasek hala laburtu zuen Sustatu-n Txillardegiren egun hartako hitzaldia:

Ezagutza eta erabileraren arteko erlazio matematikoak azaldu ditu, izan ere, gaur egun euskararen ezagutza maila %27koa da eta erabilpen-tasa %13,5ekoa da. Halere, hitzaldi honen helburu nagusia egungo egoera soziolinguistikoak erabilerari ezartzen dizkion berezko mugak azaltzea izan da. «Euskaldun elebidunak, nolabait esateko, jarrera militantea hartzen ari gara gero eta nabarmenkiago, beraz, erabilpenak gora egiteko bide bakarra oinarriak aldatzean datza», dio Txillardegik.

Hamar urte geroagoko zenbakiek zioten (2016ko Kale Neurketaren datuen arabera) euskararen kaleko erabilerak antzera jarraitzen zuela: %13 inguruan. Itxuraz, hortaz, goranzko bidean ez gara oraindik abiatu.

Agenda

Gora egiteko bidea baino irabazteko bidea izenburua jarri zion Garikoitz Goikoetxeak 2016an argitaratu zuen liburuari: Euskara irabazteko bidean. Honako hauek ziren sarrerako lehen hitzak:

Bide luzea. Mendi ibilbide bat. Malda. Erronka. Arnasa luzeko bidea da euskara biziberritzekoa.

Liburua osatzeko ehun lagunen iritziak jaso zituen, hizkuntzarekin lotutako jendarte arlo guztiak jorratuz. Hausnarketa ugari, beraz, eta baita zenbaki batzuk ere: hizkuntza gaitasuna eta erabilera datuak, hizkuntza ereduetan dabiltzan ikasle kopuruak, euskaltegietako matrikulazio kopuruak, euskarak Interneten duen presentziaren datuak...

Deigarria bada ere, zenbakiak hain maiteak dituen ekonomiaren atalean apenas ageri zen daturik. Lan munduaren inguruko kapituluan argi geratzen zen arlo sozioekonomikoaren azterketa zabal eta sakonik ez dagoela, ezta lanketa eta planifikazio bateraturik ere. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria den Rober Gutierrez kexu ageri zen:

Proiektuak egin izan dituzte lan mundua euskalduntzeko, baina mugatua izan da eragina. Bakoitza bere aldetik aritu izan da. Sindikatuetan hasi dira hausnartzen, baina sindikatuen artean ere arazoak daude. Enpresarientzat ez da lehentasunezko kontua izan, ez da inoiz haien agendan egon. Eta administrazioa saiatu da neurriak zehazten, baina ausardia falta izan zaio. Beste alor batzuetan egon dena falta izan da hemen.

Aurtengo apirilaren hasieran, Berria-ko ‘Euskararen mozkinak’ erreportaje luzean, datu batzuk egon badaudela aipatzen zen: 400 enpresak daukate Bikain ziurtagiria eta 1.353 konpainiak daukate Bai Euskarari ziurtagiria, hau da, Euskal Herrian dauden 96.000 enpresetatik %2k besterik ez. Karmelo Aiesta automozioko aholkulariak enpresak oso pragmatikoak direla azpimarratzen zuen: «Gai bat agendan ez badago, ez dago zereginik, baina agendan sartzen bada jarriko dute martxan, ez izan zalantzarik». Hain zuzen, martxoan egunkari berean egindako elkarrizketa batean, euskara lan eremuko agendan sartzeko proposamena egin zuen Jon Sarasuak. Datozen hamarkadetan zentraltasuna eduki behar duela aldarrikatuz, operazio erraldoi bat martxan jartzeko deia luzatu zuen:

Erabileraren gaia gutxiago aipatu behar da, eta gehiago egin: batetik, gogoa eta nahia elikatuz eta, bestetik, erabiltzeko egiturazko aukerak sortuz. Lan mundua zentrala da hor. Munta handiko inbertsioa da. Pentsa liteke helburu handiegia dela, bada nagitasun mental gisako bat azkenaldian, baina uste dut ortzimugaren angelu egokira begiratzen duela, eta amets doitua dela. Gauza zailagoak egin ditugu.

Agenda sozioekonomikoan euskararen biziberritzea letra larriz jartzeko garaia omen da. Ez da erraza izango lan mundua irabazteko bide malkartsu horretan gora egitea, baina Annie Smith Peck irakasle eta mendizaleak zioen bezala: «Alpinismoan ez da gauza askorik behar, erresistentzia fisiko pitin bat, adimen ona, praktika asko eta arropa beroa, besterik ez».

Ardatzak

Baina mendian bezala, ardatz sozioekonomikoan ere inguruari erreparatu behar zaio. Ez da nahikoa fabriketan, zaintzan, bulegoetan, eskoletan, nekazaritzan, gizarte zibilean, langabezian edo prekaritatean ari diren pertsonen gaitasunei, beharrei eta prestakuntzari begiratzea, gizarteak eskaintzen dien testuinguruak ezarriko baitizkie bidea egin ahal izateko baldintzak. Nancy Fraser filosofo feministak kapitalismoa modu zabalagoan hartzeaz hitz egin zuen Maite Asensio kazetariak udaberrian egin zion elkarrizketan:

Kapitalismoa sistema ekonomiko bat baino gehiago da: ordena sozial instituzionalizatu bat da, mundua antolatzeko modu bat. Kapitalismoa ulertzeko modu tradizionalak klase menderakuntza jarri du erdigunean, baina uste dut ikuspegi mugatua dela egungo krisia ulertzeko, besteak beste, ontzat jotzen duelako kapitalismoak ekonomia gisa definitu duena, eta kanpoan uzten duelako erreprodukzio soziala, hau da, ekonomia kapitalista posible egiten duten harreman eta prozesu sozial guztiak.

Iradokitzailea iruditu zitzaidan Fraserren kapitalismoaren inguruko ikuspegi zabalago hori. Hizkuntzen arteko menderakuntzak jorratzeko lagungarria izan daitekeela pentsatu nuen, kapitalismoak berezkotzat hartzen duen bereizketetako bat hizkuntzen artekoa baita, hizkuntza batzuei eta besteei balio ezberdina emanez.

Hala ere, Euskal Herrian hizkuntzen eta aldagai sozioekonomikoen arteko harremana gehiegi ez da landu, ezta ikertu ere. Horregatik, gustura entzun nuen Eta Kitto! elkarteak Eibarren antolatu zuen euskararen transmisioari buruzko aurtengo mintegian Gorka Moreno soziologoaren ‘Euskara eta immigrazioa. Errealitate eta usteak’ izeneko hitzaldia. Morenok euskara, immigrazioa, klase soziala eta enplegua bezalako aldagaiak gurutzatu zituen, eta 2015ean Xabier Aierdik argitaratutako ‘Hizkuntza praktikak hiri mundu eta mundu hirietan: Anbibalentziaren presentzia’ artikuluari erreferentzia egin zion. Idatzi horrek intereseko hausnarketa ugari ditu; baina interesgarriena, nire ustez, klase sozialek euskararekiko zer gizarte posizio hartzen duten azaltzeko egiten duen proposamena da. Aierdik «euskararen gizarte geografia» irudikatzen du kapital ekonomikoa, kulturala eta soziala kontuan hartuz. Ardatz horien arabera bost sektore bereizten ditu: goi klaseak ia ez luke euskararekiko hurbilpenik; hiri klase ikasiko kideek erdizkako gertutasuna lukete; euskaldungoa deituriko sektoreak erabateko hurbilpena luke eta ia erabatekoa behe klaseko sektoreak; immigrazioaren gertutasuna ere txikia litzateke. Dena den, artikuluan Aierdik berak onartzen duenez:

Egoera hau zientifikoki aztertzear dago, eta ez legoke txarto sektore hauetan –klase eta azpiklaseetan– euskararekiko zer-nolako diskurtsoak eratu eta mantentzen dituzten ezagutzea.

Hor dugu, beraz, bidea egiteko behar dugun maparako zorrotz marraztu beharreko ardatzetako bat.

Mapak

Gaur egun ezagutzen dugun kapitalismoa lehen pausoak ematen ari zen garaian, Prusiako goi-klaseetako bisitari bat gure bazterretako bideetan gora eta behera ibili zen: Wilhelm von Humboldt. Iñaki Zabaletak Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria liburuan jasoa duen anekdota honi erreparatuta, ez dirudi prusiarrak maparik erabili zuenik:

Hemen agur esan genion gure lagunari, mendia zeharkatzeko gidari gisa landatik hartu genuen mutikoari. Honek ez zekien hitz bakar bat ere espainieraz. Gu saiatu ginen gure euskara guztia erabiltzen, baina soilik gutxitan lortu genuen berari erantzun ulergarri bat ateratzea. Gehienetan bere eztaquit goibelarekin konformatu behar genuen.

Humboldtek hizkuntzalaritza modernoan paper garrantzitsua jokatu duela esan ohi da, eta, Euskal Herrian hizkuntza ikertzeaz gain, folklore biltzaile aitzindarietako bat izan zen, XIX. mende hasieran ipuin, kondaira, dantza, kanta, doinu eta beste hainbat kultur adierazpen jaso baitzituen (UEUk bere lan horri buruzko udako ikastaroa antolatu du uztailerako, W. von Humboldt gurean: hizkuntza, kultura, herria izenekoa).

Wilhelmen anaia ere, Alexander, natura zientzialari ezaguna zen. Bere izena duen katedra Enrique Zuazua matematikariak jaso zuen maiatzaren 9an Berlinen. Erlangen-Nurenbergeko Friedrich Alexander Unibertsitatean ariko da lanean matematika aplikatuan egiten duen ikerketa garatzeko. Egin dizkioten elkarrizketetan Zuazuak azpimarratu du matematikak aurrera begira jarrita, konponbideak proposatu eta kuantifika ditzakegula, eta niri berehala sortu zait galdera: matematika aplikatua erabili al dezakegu euskara biziberritzeko bidean? Matematikaria hala mintzo da:

Matematikaren abstrakzio nagusietariko batean, infinituan, gauza asko gorderik daude. Munduaren konplexutasunaren mapa berriak nahi ditugu. Infinituaren mapa berriak sortu behar ditugu.

Zuazuaren hitzak entzundakoan, Txillardegiren arbela ikusterakoan edo Jone Uriaren artikulu zoragarriak irakurtzean, maiz Pasaiako mutiko hura bezalaxe sentitzen naiz: eztaquit goibel bat ahoan dudala, adierazten duten guztia erabat ulertu gabe. Baina badaquit gauza bat; badakit matematikari batzuk hizkuntzen kudeaketaren auziari begira pentsatzen jarriz gero, euskararen biziberritzearen goranzko bidean aurrerapauso sendoak emateko moduan egongo ginatekeela. Mapa berriak marrazteko eskatuko al diegu matematikariei?