Asteartea, 2024ko apirilak 23
Gora joan

Soziolinguistika

Jaime Altuna Ramirez
Jaime Altuna Ramirez

Urteetan haur eta gazteen heziketan lan egin ondoren, antropologian murgilduta nabil. Agian, Atapuerca mendilerroan hazi zen amonak eta Ataungo amonaren abizenak zerikusia izan dute ibilbide berri honetan. EHUn Antropologia Feminista Ikerketa Taldean nabil, ikasten eta baita ikasitakoa desikasten ere. Egunen gurpilean nire izena agertuko bada ere, gaizki esanak nireak dira, ondo esanak kolektiboak.

Uda-azkena

Uda-hasiera

Udako ikastaroak gustuko ditut. Giro lasaian gai interesgarrietan murgiltzeko aukera ematen dute. Urtero baten batean egotea egokitu zait, batzuetan entzule besteetan hizlari. Aurtengoan Bilbon izan nintzen Teresa del Valle, bidegile eta gidari ikastaroan aurkezpen bat egiten. Uztail hasiera zen. Udari hasiera emateko modu polita! Jone Miren Hernándezek eta biok 1980ko hamarkadan Teresa del Vallek koordinatu zuen Korrikaren inguruko ikerketa antropologikoaz hitz egin genuen; lan etnografiko aitzindari hartan bildutako elementuak eta gaur egun hizkuntza-antropologian egiten diren gogoeta ezberdinen arteko nolabaiteko elkarrizketa egiten saiatu ginen.

Ikastarorako azken prestaketa lanak egiten ari nintzela, Iñaki Larrañagaren heriotzaren berri izan nuen. Larrañaga Siadeco sozioekonomiaren eta hirigintzaren ikerketarako taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta hari zor diogu, besteak beste, euskararen kale erabileraren neurketa egiteko sistemaren diseinua. Hain zuzen ere, Bilboko udako ikastarorako prest genuen aurkezpenaren laugarren diapositiban, euskal soziolinguistika garaikidearen hasierako mugarri batzuk aipatu genituen, eta horietako bitan Iñaki Larrañagari eta Siadecori erreferentzia egiten genion: «(1) Iñaki Larrañaga. Siadeco sorrera (1967) eta (2) Hizkuntz borroka Euskal Herrian liburua. Siadeco (1979)». Hamarkada hartan gertatu zen euskal soziolinguistikaren hastapena, eta urte horietan planteatu ziren ideia eta egiteko modu haiek garrantzi handia izan zuten gerora etorri diren jarduera teoriko zein aplikatuetan.

Iñaki Larrañagaren heriotzaren berri izan nuen. Larrañaga Siadeco sozioekonomiaren eta hirigintzaren ikerketarako taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta hari zor diogu, besteak beste, euskararen kale erabileraren neurketa egiteko sistemaren diseinua.

Berria egunkarian egindako elkarrizketan, Kike Amonarrizek zioen Larrañaga bidegilea izan zela: «Ikerketa soziolinguistikoan, plangintza soziolinguistikoan, herrietako plangintzan... Arlo horien guztien aitzindariak Iñaki Larrañaga eta Siadeco izan ziren». Horrekin batera, taldean aritzeko zuen gaitasuna nabarmendu zuen. Nik ez nuen Larrañaga ezagutu, baina lan-munduan izan nuen nire lehenengoetako esperientzia Siadecon izan zen. Hogeita bat urte nituen. Euskara merkataritzan sustatzeko Villabona eta Zizurkilgo udalek antolatutako kanpaina batean datuak biltzen aritu nintzen 1994ko udazkenean. Bi herri horietako denda eta taberna guztiak bisitatu nituen. Ez zen lan samurra izan; dendariek eta tabernariek ez zuten denbora handirik niri eskaintzeko, eta zenbaitetan nire bisita erabiltzen zuten administrazioarekiko zituzten kexak eta haserreak deskargatzeko. Lan nekeza iruditu zitzaidan, baina orduan Siadecoko gure koordinatzailea zen Amonarrizek ondo ikasiak zituen taldean lana egiteko onurak, eta kanpaina hartan herri ezberdinetan aritzen ginenok maiz elkartzen ginen. Genituen arazoak eta topatzen genituen trabak konpartitzea eta taldean irtenbidea topatzen saiatzea laguntza handia zen ondoren norberak egin behar zuen bakarkako lanerako. Bilera horiek oso lagungarriak izan ziren lan-munduaren eta soziolinguistika aplikatuaren bidezidorretan ni bezalako hasiberri batentzat.

Autozentratutako uda-amaiera

Datu-biltzaile moduan egin nuen lan hura baino bederatzi urte lehenago, Argia aldizkarian elkarrizketa luzea egin zioten Larrañagari. Garai hartako errealitate soziolinguistikoaren berri ematen duen dokumentu interesgarria da: hiztun kopurua, eskola, familia, helduen alfabetatzea eta euskalduntzea, lan-mundua, administrazioa... Elkarrizketan, esparruz esparru errepaso zabala egiteaz gain, indarberritze prozesuaren inguruko hausnarketa sakonak egiten ditu. Besteak beste, elebitasunaren tranpaz mintzo da. Bere ustez, elebitasunaz fenomeno indibidual gisa hitz egitea egokia da, baina ez elebitasun sozialaz:

Ateratzen dudan beste ondorio bat, munduko beste esperientziak ikusirik, elebitasun sozialaren tranpa da. Elebitasun orekatu eta baketsuaren istorio hori kontu bat dela.

Eleaniztasun autozentratu bateranzko bidea egitera gonbidatzen gaitu Vilak: «Berma dezala herrialdeko berezko hizkuntzen iraunkortasuna eta guztion hizkuntzen ezagutza». Ez zait bide-orri txarrik iruditu.

Hogeita hamasei urte geroago, Euskal Herrian askotan ibili den Xavier Vila Kataluniako Hizkuntza Politikako idazkari berriak antzeko hitzak bota ditu Vilaweb-ek aurtengo uda amaieran argitaratutako elkarrizketa batean:

Elebitasunak, adjektiborik ez badu, hainbeste esanahi ditu, ezen ez duen ezer esan nahi. [...] Elebitasun gehiagori eta elebitasun gutxiagori buruzko eztabaida nominalistetan galtzen gara eta etiketa oparitzen diogu elebitasuna ‘seskilinguismo’ gisa interpreta dezakeen jendeari: zuek elebidun izateko betebeharra duzue, nik elebakarra izan nahi dut eta beti nire aldera eman behar duzue amore. Iruzurra da. Hori elebitasuntzat hartzea onartzen baduzu, diru-zorroa lapurtu dizute. Elebitasuna eta eleaniztasuna tresna ezegonkorrak dira, maneiatzeko oso zailak. Inork ez du zalantzan jartzen. [...] Niri eleaniztasun autozentratua etiketa gustatzen zait. Edo, nahi baduzu, hizkuntza-subsidiariotasunaren printzipioa: tokiko hizkuntzan egiten duzuna ez egin lingua franca-n.

Ez da harritzekoa Larrañaga eta Vilaren arteko hausnarketen antzekotasuna, biak Lluís Vicent Aracil i Bonet (beste aitzindari bat) soziolinguista valentziarraren ideietan oinarritzen baitira. Eleaniztasun autozentratu bateranzko bidea egitera gonbidatzen gaitu Vilak: «Berma dezala herrialdeko berezko hizkuntzen iraunkortasuna eta guztion hizkuntzen ezagutza». Ez zait bide-orri txarrik iruditu.

Gurera ekarrita, hauxe litzateke eleaniztasun autozentratuaren oinarria: euskaraz egiten duzuna ez egin erdaraz (gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez). Printzipio horren aplikazioaren (edo aplikazio ezaren) adibide ugari bururatzen zaizkigu denoi. Euskal Herrian egiten ditugun jarduera ugariri ingelesezko izenak jartzearen moda litzateke horietako bat. Edo uda honetan epaileek zalantzan jarri duten Toki Erakundeei buruzko Legea, zeinetan udalei aukera ematen zaien euskara hutsean komunikatzeko. June Fernández kazetariak udazken hasiera honetan Argia aldizkarian kontatutakoak ere ‘autozentratzeko’ beharra dugula erakusten du.

Fernándezek parte hartzen duen Berbalagun feminista taldekoek Nora filma ikusteko plana egin dute. Lara Izagirrek zuzendu eta Ane Pikaza aktorea protagonista duen filmean lau hizkuntza entzun daitezke: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Berbalagun taldekoei ez zaie batere erraza suertatu Bilbon filma gaztelaniara bikoiztu gabe ikustea, eta, Fernándezen hitzetan, «[Nora] euskaraz ikusteko, road movie aktibistan murgildu behar izan gara, zeinak hizkuntza zapalkuntzaz kontzienteago egin gaituen». ‘Nora euskaraz ikusteko bidaia’ izenburua jarri dio Fernándezek bere artikuluari. Eleaniztasun autozentratuan, Berbalagun feministako kideek ez lukete inongo auto bidaiarik egin beharko euskal film bat euskaraz ikusteko.

Tori!

«Bik ez dute hitz egiten batek ez badu nahi», esan dio dantza taldeko irakasleak entseguko ariketak egiten zituzten bitartean hizketan ari zen gazteetako bati. Irakasleak isiltzeko eskatu die, nerabe batek erantzun dio berak ez duela hitz egin eta orduan bota dio esaera zaharberritua: «Bik ez dute hitz egiten batek ez badu nahi», zenbait hizkuntzatan ezaguna den «Batek gura ez badu, bi haserretzen ez» esamoldearen aldaera.

Idatzi ditudan pieza guztietan hizkuntza gaietan lanean ari den jende ugariren hitzak eta jakintzak jaso ditudalako. Aurretik aritu izan direnen (aitzindariak eta ondorengoak) ezagupenak ekarri ditudalako. Eta artikuluak irakurri dituztenen iritzietatik ere asko ikasi dudalako.

Irakaslearen esaldia landa koadernoan idazten nuen bitartean, barre txikia atera zait. Baina etxean apunteak errepasatu ditudanean, moldatutako esaerak zentzua duela iruditu zait. Askotan errepikatu izan dugun legez, hitz egitea jarduera kolektiboa baita, taldean egiten dena (binaka, gutxienez). Elkarreragina da hiztun bihurtzeko prozesuaren oinarria. Taldeko praktika jakin batzuk partekatuz hiztun bilakatzen gara prozesu dinamiko eta jarraitu batean. Eguneroko jarduera partekatuek sortzen, aldatzen eta eraikitzen dituzte hiztunen hizkuntza-praktikak. Hizkuntza eman, hizkuntza jaso, hizkuntza itzuli eta hizkuntza gorde. Harremana.

Harreman. Hitz ederra iruditzen zait. Adierazi nahi duena oso modu bistakoan adierazten duena. Hartu eta eman.

Andoni Egañak idatzitako hitzak dira eta oso ados nago. Berria-n idatzitako ‘Tori!’ izenburua duen zutabean, Jorge Valdano entrenatzaileari entzundako kontu bitxi bat jaso du Argentinako kaleetan futbolean aritzen diren haurren inguruan:

Jokoan ari direla, umeak baloia daraman taldekideari pasa diezaion nola eskatzen dion kontatu zuen Valdanok: «Tomá!, tomá!, tomá!» egiten dute oihu. Eskatzeko modu xelebrea iruditu zitzaidan. Ez dute «eman niri!, eman niri!» esanez baloia eskatzen. «Tori!, tori!, tori!» esanez eskatzen dute. Xelebrea dirudi, kontraesankorra. Ez daukan zerbait eskaintzen ari da umea. Baina jarrera adimentsua ere bada. Baloia daramanari esaten ari zaio, berari pasatzen badio, han izango duela noizbait bueltan, eta bien arteko harreman horri esker errazago egingo dutela aurrera.

Antzeko zerbait sentitu dut nik Jakin aldizkarirako Egunen gurpilean lau urte hauetan idatzitakoekin. Halakoetan irakurleari «tori nik idatzitako artikulua» edo «tori nire hausnarketa» esaten zaiola iruditu arren, ni haur argentinarren «tomá» horrekin askoz identifikatuago sentitzen naiz. Idatzi ditudan pieza guztietan hizkuntza gaietan lanean ari den jende ugariren hitzak eta jakintzak jaso ditudalako. Aurretik aritu izan direnen (aitzindariak eta ondorengoak) ezagupenak ekarri ditudalako. Eta artikuluak irakurri dituztenen iritzietatik ere asko ikasi dudalako.

Udazkena iritsi da, eta baita orri hauetan egunen gurpilei eragiteko emango ditudan azken pedalkadak ere. Aurretik aritu direnen lekukoa jaso nuen duela lau urte «tori!», eta, orain, beste bati pasatzeko unea iritsi da «tori!». Gustura irakurriko ditut hemendik aurrerakoak, noski. Oso pozik jasoko ditut idatziko direnak. Hizkuntza, zerbait bada, hartu-emana delako, eta, gurean bezalako komunitateetan, hizkuntzaren inguruko jakintza eta hausnarketa ere etengabeko hartu-emanetan oinarritzen direlako.

Ez dadila haria eten!

Tori!