Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan

Soziolinguistika

Jaime Altuna Ramirez
Jaime Altuna Ramirez

Urteetan haur eta gazteen heziketan lan egin ondoren, antropologian murgilduta nabil. Agian, Atapuerca mendilerroan hazi zen amonak eta Ataungo amonaren abizenak zerikusia izan dute ibilbide berri honetan. EHUn Antropologia Feminista Ikerketa Taldean nabil, ikasten eta baita ikasitakoa desikasten ere. Egunen gurpilean nire izena agertuko bada ere, gaizki esanak nireak dira, ondo esanak kolektiboak.

Normaltasunak eta normalkeriak

Normala

Hauxe galdetu nien ikerketan parte hartzen ari ziren nerabeei: «Kalean zer hizkuntza entzuten da? Nola hitz egiten duzue?». Segituan erantzun zuen batek: «Normala... Ez da euskaraz, ez da erdaraz». Zehaztapen gehiagoren bila, normala zer den galdetu nion. Pentsakor geratu zen: «Normala...», eta ondoan zegoen lagunari begiratu zion laguntza eske. Laguna, ordea, despistatua zegoen: «¿El qué? Ez naiz enteratu...». Hasieran erantzun zuenak azalpena hortxe nuela adierazi zidan: «Hori da normala: el-qué-ez-naiz-enteratu».

Argi ikusi genuen nerabe haientzat lagunarteko hizkera ia beti modu elebidunean garatzen zela. Bi hizkuntzak etengabeko mugimendu dinamikoan nahasten ziren. Gazteen arteko idatzi gabeko araua, norma, gaztelania eta euskara txandakatzea zen.

Ikerketa hartan, antzeko pasadizoak jaso genituen. Argi ikusi genuen nerabe haientzat lagunarteko hizkera ia beti modu elebidunean garatzen zela. Bi hizkuntzak etengabeko mugimendu dinamikoan nahasten ziren. Gazteen arteko idatzi gabeko araua, norma, gaztelania eta euskara txandakatzea zen. Hori zen normal hitz egitea, normaltasuna.

Translanguaging

Duela bost urteko pasadizo horrekin gogoratu naiz Bilbon egin den Hizkuntza Gutxituen XVIII. Nazioarteko Biltzarrean. EHUko Nor ikerketa taldeak antolatuta, munduko hizkuntzen errealitate askotarikoa zein den erakusten zuten 140 ponentzia entzuteko aukera egon zen martxoaren 24tik 26ra. Irekiera hitzaldian, Jasone Cenoz translanguaging-ari buruz mintzatu zen. Zehazki, hizkuntza gutxituetako testuinguruetan translanguaging pedagogikoaren erabilerak eskaintzen dituen aukerak aurkeztu zituen.

Gurea bezalako testuinguruetan hizkuntzen arteko alternantzia edo nahasketa gertatzen denean, gehienetan, euskararen kalterako dela sumatzen baitugu: gaztelaniazko edo frantsesezko esamolde, hitz eta esaldiak euskarazko hizketaldietan gailentzen dira.

Translanguaginga deitzen zaio eleaniztunek beren hizkuntzak komunikazio-sistema integratu gisa erabiltzeko prozesuari. Ikerlerro horretan dabiltzan eta Bilboko kongresuan parte hartu zuten Oihana Leonet eta Eider Saragueta ikertzaileek bi translanguaging mota bereizten direla azaldu ziguten: bat-bateko translanguaginga eta translanguaging pedagogikoa. Lehenengoa ikasgela barruan zein kanpoan ikasle elebidunen hizkuntza erabilera malgua litzateke. Bigarrena, aldiz, estrategia pedagogikotzat har daiteke: irakasleak berak ikasgela barruan planifikatutako hainbat jarduera gauzatzen ditu, bi helburu lortzeko: batetik, eskolako hizkuntzak eta eduki akademikoak garatzeko; eta, bestetik, eleaniztunek dituzten baliabideak erabiliz hizkuntza gutxituen edota gutxi hitz egiten diren hizkuntzen irakaskuntza bultzatzeko.

Euskal Herrian ildo hori jorratzen ari direnek translanguaging pedagogikoaren garrantzia azpimarratzen dute, ikasleek ezagutzen dituzten hizkuntzei ahalik eta etekin handiena ateratzeko, eta euskara bera ere indartzeko eta ikasteko, oso baliagarria dela uste baitute. Saraguetak, iaz Berria egunkarian egin zioten elkarrizketa batean, heziketa tresna horren erabilgarritasuna azaldu zuen:

Translanguaging da elebidunok edo eleaniztunok berez daukagun ezaugarri bat, modu espontaneoan erabiltzen duguna. Esaterako, zinean gazteleraz ikusi dudan film baten laburpena euskaraz konta diezaieket nire lagunei. Nik hizkuntza batean jaso dut, baina beste batean emateko gai naiz. Hori gelara ekartzean, translanguaging pedagogikoa egiten dugu. Aurrez planifikatutako ariketak erabiltzen ditugu. Ikasleek duten hizkuntza errepertorioari ahalik eta etekin handiena atera nahi diogu. Beraiek dauzkaten ezagutza horiek erabili nahi ditugu, ez ingelesa edo gaztelera ikasteko, baizik eta euskara bera ere indartzeko eta ikasteko. Askotan ikasle batzuk trebeagoak dira gazteleraz, eta euskara ikasteko erabili behar dute ezagutza hori. Beste tresna bat ematea da.

Hala ere, Cenozek Bilboko kongresuan ohartarazi zuen translanguaginga ezin dela modu akritikoan erabili. Testuinguru sozialaren ezaugarriak ez badira kontuan hartzen, hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesua kaltetu dezake. Horregatik, jasangarria den translanguaginga erabiltzea iradoki zuen. Proposamen horrek bost ardatz ditu. Batetik, hizkuntza gutxituak erabiltzeko arnasguneak sortu behar dira, euskara bezalako hizkuntzek elebakar diren espazio horiek behar-beharrezkoak baitituzte. Bigarrenik, translanguagingaren bidez hizkuntza gutxituak erabiltzeko beharra garatu behar da. Hirugarrenik, hiztun eleaniztunek dituzten hizkuntza baliabideak erabiltzera bultzatzeko estrategiak sustatu behar dira. Laugarrenik, hizkuntzekiko kontzientzia eta identitate eleanitzak areagotu behar dira hiztunen bizipenetatik abiatuz. Azkenik, bat-bateko translanguaginga jarduera pedagogikora lotzeko ahalegina egitea ere iradokitzen dute.

Hizkuntza Gutxituen Biltzarrean aipatu zen eskoletako irakasleen artean translanguagingak mesfidantza eta zalantzak sortzen dituela. Gurea bezalako testuinguruetan hizkuntzen arteko alternantzia edo nahasketa gertatzen denean, gehienetan, euskararen kalterako dela sumatzen baitugu: gaztelaniazko edo frantsesezko esamolde, hitz eta esaldiak euskarazko hizketaldietan gailentzen dira. Baina ezin da ukatu translanguaging jasangarriaren proposamenak hizkuntzen ikasketa eta erabilera prozesuak ulertzeko bide berriak irekitzen dizkigula. Iradokitzaileak diren ideia berriak zabaltzen ari den normaltasun eta normalkeria berri baten aurrean.

Tentsioak, aldaketak eta erronkak

Elkarrizketa berean hizkuntzak nahastea oso ohikoa da, hemen eta mundu zabalean. Adriana Patiño ikertzaileak aipatu izan duenez, Kataluniako hiztun berri gazteentzat ere «normal hitz egitea» katalana eta gaztelania nahastea da. Patiñok Bilboko Biltzarrean parte hartu zuen Charlotte Selleck, Jone Goirigolzarri eta Jone Miren Hernándezekin batera, ‘Gazteak, hizkuntzak eta aldaketa’ izeneko mahai-inguruan. Hiru errealitate zehatzetatik abiatuz (Katalunia, Gales eta Euskal Herria), hizkuntza gutxituen arloan gazteen artean gertatzen ari diren aldaketen inguruko solasaldi interesgarria suertatu zen.

Ikertzaileek, testuinguru bakoitzeko gazteen hitzetatik abiatuz, hainbat hausnarketa ekarri zituzten. Selleckek, esaterako, azpimarratu zuen halako tentsio bat ageri dela Galesen helduek eskolaren bidez transmititzen dituzten mezuen eta gazteek adierazten dituzten nahien artean. 17 urteko gazte honen hitzekin laburbildu zuen tentsio hori:

Irakasle guztiak arduratzen dira gure galesaren kalitateaz –ez esan hori horrela, ez esan hau honela–, benetan, etengabea da. Utzi lasai guri. Utzi guri hizkuntzarekin bizitzen. Utzi erabiltzen nahi dugun bezala. Gure hizkuntza da, gure etorkizuna.

Beste mota bateko tirabiraz mintzatu zen Patiño. Katalunian egindako ikerketetan nerabeek etorkizunari begira dituzten proiektuen arabera, hizkuntza bati edo beste bati ematen diotela garrantzia ondorioztatu zuen. Baziren lan aukerei begira katalana jakitearen garrantzia seinalatzen zutenak, baina gazte askok ingelesa ondo ikastearen beharra azpimarratzen zuten. Nerabe horietako batek hala adierazi zion:

Nire ustez praktikoa da ingelesez egiten duguna, etorkizunerako ari zarelako, lortuko duzun lanari begira. Hau da, zuk maila on bat eduki behar duzu. Pentsatzen dut ingelesez ikasgaiak egitea etorkizunean egingo dugun horretarako prestatzea dela.

Argi dago, beraz, ingelesa egungo «hizkuntza-ekuazio sozialean» derrigor sartu beharreko faktorea dela, nahiz eta oraindik ez dugun erabat garbi euskara edo katalana moduko hizkuntzetan horrek zer eragin izango duen. Hernándezen ustez garrantzitsua baita hiztun belaunaldi berriak hizkuntza merkatu handi batean hazten ari direla kontuan hartzea, baina ahaztu gabe hizkuntza guztiak ez daudela egoera berean, eta hiztun guztiek ere ez dutela kokapen bera ere.

Ezin jaso hemen Bilboko solasaldi hartan mahaigaineratu ziren hausnarketa guztiak, baina Goirigolzarrik laburpen ederra egin zuen ideia nagusiak jasoz. Batetik, azken hamarkadetan globalizazio indarren norgehiagokan bizi izan ditugun askotariko aldaketek gazteen bizitzan zein hizkuntza ideologia eta praktiketan eragin sakona izan dutela. Bestetik, hizkuntza gutxituen biziberritzean aurrerapausoak eman nahi baditugu, gizarte testuinguru aldakorra eta gazte kulturak biak ala biak eta elkarreraginean aztertzea komeni zaigula. Izan ere, gazte garaia urrun sumatzen duten hizlariek erronka bat izan zuten hizpide: gazteak beraien errealitatean ezagutzeak dakarren erronka. Hala, gazteekin egon, gazteak ikusi, gazteak entzuteko nahia eta beharra aldarrikatu zuten mahai-inguruko parte-hartzaile guztiek, eta horretarako etnografiak bide emankorra izan dezakeela iradoki zuten.

Tipi-tapa, tipi-tapa, eserita

Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Biltzarra Bilbon egin zela idatzi dut goiko lerroetan, baina ez nago oso ziur hala izan ote zen. Bilbon baino, espazio birtualean garatu baitzen. Normalkeria berrian, ideiak, ikerketak eta hausnarketak trukatzeko modua aldatu da, eta «normal hitz egitea» pantaila bati hitz egitea da. Aldatu zaizkigu hitz egiteko eta elkartzeko formak. Baita aldarrikatzeko eta ospatzeko moduak ere, eta 2021eko lehen hilabete hauetan Korrikaren falta nabaritu dugu. Utzitako hutsunea betetze aldera, AEK-k 80 ekitaldi baino gehiago egin zituen Euskal Herriko txoko anitzetan.

Hondarribian erramu igandeko eguerdiko kanpaien eta rap musikaren arteko nahasketak ekitaldiaren hasiera adierazi zuen, eta Irati Alcantarilla bertsolariak euskara irakaskuntzan ari direnen garrantzia gogorarazi zigun:

Hizkuntza baten ardatza
denez jaso eta pasa
euskaltegiak ematen digu
behar dugun arnasa.

Baina arnastea zailtzen ziguten maskarek eta eserita egon beharrak normalkeriaz ohartarazi gintuzten. Korrika eserita ospatzea? Oximoron handi samarra dirudi. Izan ere, Teresa del Vallek Korrikaren azterketa sinbolikoa egin zuenean, talde izaerarekin batera ekimen horren beste elementu garrantzitsuena mugimendua zela jaso zuen. Korrika eginez hizkuntzaren izaera dinamikoa azpimarratzen baita: korrika ez da geratzen, lekukoa herriz herri dabil, eskuz esku, bidea eginez. Hala ere, pazientzia eta irudimena ez zaigunez falta, Hondarribiko ekitaldia indarrez bete zuten The iiingles musika taldeko neskek erakutsi ziguten eserita ere dantza egin daitekeela: «Denak gaude eserita, baina gerritik gora dantza egin dezakezue!».

Gazteak normaltasuna eta normalkeria apurtzen. Aurtengoa geldiune txiki bat besterik ez dela izan eta, Ibil Bedi taldeak abesten duen bezala, sasoi berria datorrela gogoratuz:

«Hitza hitz» dio zeruko pintada handiak,
hastear da ikastear dugun garai berria.