Asteartea, 2024ko apirilak 23
Gora joan

Soziolinguistika

Jaime Altuna Ramirez
Jaime Altuna Ramirez

Urteetan haur eta gazteen heziketan lan egin ondoren, antropologian murgilduta nabil. Agian, Atapuerca mendilerroan hazi zen amonak eta Ataungo amonaren abizenak zerikusia izan dute ibilbide berri honetan. EHUn Antropologia Feminista Ikerketa Taldean nabil, ikasten eta baita ikasitakoa desikasten ere. Egunen gurpilean nire izena agertuko bada ere, gaizki esanak nireak dira, ondo esanak kolektiboak.

Noka eta tokaz galdezka

Garaiz iritsi gara Miramar Jauregira. Opor garaia atzean utzirik, hirian mugimendua nabari da. Itsasoa, aldiz, lasai dago. Badian ez da igandeko estropaden arrastorik geratzen. Bertan bizi izandako poz, haserre, tentsio eta urduritasunak Kantauri itsasoko kostaldeko herrietara itzuli ziren koloredun kamiseta eta banderekin batera. Errege-erreginak uda igarotzeko izandakoa ikastaroz betetzen den hau ikasturte berria abiatzeko toki ona dela aipatu dugu, eta hitanoa eta generoa jorratuko dituen ikastaroan murgildu gara.

Galdera bat da Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak antolatu duten ikastaroaren izenburua: Hitanoa eta generoa: aberastasuna ala sexismoa? Biak hitanoaren inguruan ikertzen ari dira eta orain arteko euren ikerketen emaitzak aurkeztu dituzte. Bereziartuak Azpeitian egin duen azterketan argi agertzen da hitanoaren erabileran gizon eta emakumeen artean desberdintasun nabarmenak daudela. Mutilen artean hika aritzea ohikoa bada ere, nesken arteko hitanoaren erabilera oso txikia da. Soziolinguistika Klusterrak Azpeitian eta Usurbilen egindako Kale Neurketek berresten dituzte Bereziartuak jasotakoak. Olatz Altunak azaldu duenez, bi herri horietako kaleetan tokaren presentzia handia da; noka, aldiz, oso gutxi entzuten da. Egoera bera deskribatu dute udako ikastaroan hizketan aritu direnek, aspalditik datorren joera dela erakutsiz.

Deabruaren hizkera erreginaren jauregian

Aspaldikoa da Donostiako Miramar Erret Landa Etxea, 125 urte bete ditu aurten. Maria Kristina Espainiako erreginak, Austria eta Hungariako artxidukesa, eraikitzeko enkargua egin zuen bertan oporraldiak igarotzeko. Baina cottage ingeles tankerako etxea egin aurretik, bestelako eraikinak zeuden itsas, hiri eta landa eremuak bat egiten zuten leku eder horretan. Miramar Jauregia eraiki zenean, bertan zeuden Illunbe eta Soldaduene izeneko baserriak. Erraz irudikatu ditzakegu Txolduene baserriko emakumeak noka erabiltzen etxeko senideekin eta auzoko lagunekin. Euren lurretan ekoiztutakoak saltzeko asmoz azokara joaten zirenean, ordea, ez dakigu nola hitz egingo zieten bezeroei: noka? Zuka? Onintza Legorburu EHUko ikerlariak Antzuolan jasotako lekukotza batek merkatuetan gertatu zitekeenaren inguruko pista interesgarria ematen digu:

Baina hika ez, jendiakin enajonan hi ingo [...] erostea etortzen zienekin!

Antzuolako andre horrek oso barneratua zuen merkatuan hitanoa erabiltzea ez zela egokia. Baina hizkuntza-arau horrek ez zuen berdin funtzionatzen gizonezkoekin. Legorburuk jasotakoaren arabera, gizonen arteko azokako tratuak tokaz egiten baitziren. Itxuraz, hitanoaren inguruan urte luzeetan zehar garatu izan den ustea hizkera zatarraren irudia da eta, Legorbururen ustez, irudi zabar eta ezkor hori ez da oso ondo egokitzen feminitate hegemonikoaren ikuspegitik.

Karlos Aretxabaleta Deustuko Unibertsitateko ikerlariak Arratian jasotako hainbat lekukotzak ideia hori baieztatuko lukete. Dimako andre bati jaso zion herriko abadeak hitanoa deabruaren hizkera zela esaten zuela. Antzeko ezaugarriak deskribatu zituzten Igorre, Bedia edo Zeanuriko emakumeek: bekatua, gordinkeria, mari-mutilen moldea, baldarra... Garbiñe Bereziartuak jasotako hainbat iritzik uste horiek bizirik mantentzen direla adierazten digute:

Txikitatik gurasuek semiei hika hitz eiteko ohiturie daola iruitze zat ta neskai ez, matxismuen baitan daon iruipena daket, betire hitanue bastuo dan ustie (ustela) badaola ta neskiek txukune izen beharko lukenez, hari zuka.

Kidetasuna eta boterea

Hizkera zatartzat jotzen den hitanoa, beraz, hobeto moldatu izan zaie maskulinitateari egozten zaizkion ezaugarriei edo gizonak transgresiorako dituen aukera handiagoei. Dena den, gaia aztertzerakoan badugu kontuan hartu beharreko beste gako bat: kidetasuna. Bereziartuak jasotako beste lekukotzak hala azaltzen digu:

Heteropatriarkatuan duela sustraia uste dut. Gizonen (gehiengoetan heterosexualak) arteko ‘kolegismoa’ indartzeko erabili ohi izan dela. Ezingo nuke zehatz-mehatz azaldu, baina hortik datorrela ziur nago.

Hitanoaren formen erabilerak bizirik dirau zenbait ingurunetako gazteen artean, eta, aipatutako ikerketez gain, beste ikerketa batzuek (Josu Ozaitak Tolosaldean edo Iñigo Beitiak Eskoriatzan egindakoek, adibidez) baieztatzen digute kasu guztietan emakumezkoaren forma desagertzeko bidean dela: neska gazteen artean hikaren erabilera oso txikia baita, eta erabiltzekotan gizonezkoen toka forma erabiltzen dutela. Testuinguru horietako mutilen artean, aldiz, hika erabiltzen da lagunarteko hizkera ez-formal gisa.

Begoña Echeverriak 2001ean idatzitako ‘Privileging masculinity in the social construction of Basque identity’ (Nations and Nationalism 73, 339-363) artikuluan hauxe ondorioztatu zuen, euskal ‘benetako’ identitatean, kultura eta maskulinitatearen artean harreman ikoniko bat sortzen dela hika formaren erabileraren bidez: «hika is primarily a marker of male-male solidarity» (hika gizonen arteko solidaritatearen oinarrizko marka da). Hitanoa maskulinitatearen bereizgarri den indarrari lotuta agertuko litzateke eta, batez ere, mutilen arteko txantxa edo eztabaida solasaldiei. Emakumeen kasuan, ordea, hitanoaren erabilerak gizarte espazio anbiguoagoan kokatzen du.

Euskararen biziberritze prozesuan, hitanoaren sustapena oso interesgarria izan daiteke adiskidetasun adierazpen horrek lagunarteko hizkera edo ahozko hizkuntza ez-formala zabaltzeko bidea eman dezakeelako. Baina kidetasun alderdi hori soilik mutilen arteko harremanei lotuta agertzen bazaigu, Robin Lakoff hizkuntzalariak antzeko auzi baten aurrean aspaldi esan zuen bezala, bi aukera ditugu: mutilen arteko lotura behar hori murriztea edo emakumeen arteko lotura edo, oro har, pertsona guztien artekoa sustatzea.

Hain zuzen, Eli Pagola bertsolariak, Hernaniko beste lagun batzuekin batera, joan den urtean emakumeentzat noka ikastaroa antolatu zuen ahalduntze ariketa gisa. Kidetasuna ez baita hitanoarekin jokoan dagoen gizarte elementu bakarra. Iñigo Beitiaren ustez, elkartasunezko harremanarekin batera, boterezko harremana ere zehazten da hika erabiltzerakoan. Pertsona bakoitzak, adinez, generoz, senidetasunez edo maila sozialez duen gizarte-kokapenaren arabera, aurrean dagoenarekin hika hitz egiteko arau batzuk bete behar ditu. Andoni Egañaren hitzetan, hika erabiltzeak hurbiltasuna edo gainetik jarri nahia adieraz dezake. Gauzak horrela, noka erabiltzea ahalduntze prozesua izan daiteke emakumeentzat? Hernanin egindako ikastaroa zabaltzeko moduko esperientzia litzateke?

Hizkuntza performatiboa

Judith Butler filosofoaren arabera, performatibitatearen bidez subjektu bihurtzen gara etengabeko errepikapen eta bazterketa prozesu baten bidez. Gizarte egiturek behin eta berriro gogorarazten digute «neska jokatu behar dugula eta ez mutil» edo «mutil jokatu behar dugula eta ez neska». Amelia Barquínek komunak horren adibide direla azaldu digu: «Komunen ateetan jarritako ikurrek bi orduro gogorarazten digute zer garen eta zer ez garen».

Hitz horiek entzunda, Juan Carlos Etxegoien Xamar-ekin udaberri hasieran izandako elkarrizketa batekin gogoratu naiz. Xamarrek zioen hitanoak etengabe gogorarazten digula mutil edo neska garen, ez du inporta hizketa-gaia zein den, esaldi guztietan zer haizen eta zer ez haizen gogorarazten digu. Anne-Marie Lagarde antropologoaren ustez, hori horrela da hitanoak euskara hizkuntza performatiboa bihurtzen duelako. «Parekidetasuna eta sexu-identitateen eraketa euskal artzain-nekazari jendartean» artikuluan (Uztaro 92, 2015, 5-24) dio euskal gizartearen sistemaren giltza euskara dela...

... historiaurretik HI bigarren pertsonako izenordainari lotutako hizkuntza performatibo bati esker. Performatibotasun horrek sexu-identitateak eratzen laguntzen du, eta horiek gabe ezin da jendarterik eratu.

Baina, binarismo zorrotza (neska/mutil, emakume/gizon...) zalantzan jartzen ari den garaian, hain banaketa binarioa etengabe performatzen duen hizkera ‘zaharrak’ galdera berri batzuk sortzen dizkigu. German Urteaga bertsolariak, adibidez, hala itauntzen digu:

Nola egin behar diozu, hika egiten badiozu, ez polo batean ez bestean identifikatzen ez denari?

Butlerrek, apirilean Bartzelonan emandako elkarrizketa batean, honela hausnartzen zuen:

Kontua ez da genero kategoriak guztiz desagerraraztea, hori zientzia-fikzioa da, baizik eta binarismo normatibo hegemonikoa arintzea, ‘gizon’ eta ‘emakume’ kategoria ideal horietan erabat sartzen ez diren pertsona horien sufrimendua ekiditeko.

Beraz, hain performatiboa den hitanoarekin zer egin? Moldatu edo egokitu al daiteke hitanoa binarismo hegemoniko normatibo hori arintzeko?

Zertaz hausnartu behar den gogoratzeko galderak

Miramarko ikastaroaren izenburua galdera bat zen, Hitanoa eta generoa: aberastasuna ala sexismoa?, eta erantzun biribil askorik ez da eman, baina egun hitanoaz egin beharreko galdera batzuk plazaratu ziren. Amelia Barquínek, Eli Pagolak eta nik neuk botatako itaun horietako batzuk jaso zituen Onintza Iruretak Argia aldizkarian:

Hitanoa egin daiteke ez bitarra ala ez dago ihesbiderik? Nola erabili hitanoa bere burua binario izan nahi ez duenarentzat? Gizonak prest daude beraiei noka egiteko? [...] Neutroa aukeratuko dugu? Toka aukeratuko dugu denentzat? Edo noka? Bakoitzari galdetuko diogu nola nahi duen? [...] [Binarismo zorrotza] arintze horretan balia dezakegu hitanoa? Tokaren erabilera murriztu behar dugu? Noka indartu behar dugu? Noka denontzako aukeratu behar dugu?

Antton Olariagaren aspaldiko zinta batean, bi gizonen arteko honako elkarrizketa ageri da:

–Erantzunak? Zertarako behar dituk hik erantzunak?

–Zertarako? Galderak gogoratzeko!

Galderak mahai gainean jartzeak zer hausnartu behar den gogoratzeko ere balio du. Loretope gaineko belardian eseri naiz, Ondarreta eta Kontxako hondartzek bat egiten duten lekuan. Koadernoa ireki dut eta Karlos Aretxabaletak Igorreko andre bati jasotako galdera idatzirik ikusi dut:

Geaoten in bea june, eztona?