Ostirala, 2024ko apirilak 19
Gora joan

Soziolinguistika

Jaime Altuna Ramirez
Jaime Altuna Ramirez

Urteetan haur eta gazteen heziketan lan egin ondoren, antropologian murgilduta nabil. Agian, Atapuerca mendilerroan hazi zen amonak eta Ataungo amonaren abizenak zerikusia izan dute ibilbide berri honetan. EHUn Antropologia Feminista Ikerketa Taldean nabil, ikasten eta baita ikasitakoa desikasten ere. Egunen gurpilean nire izena agertuko bada ere, gaizki esanak nireak dira, ondo esanak kolektiboak.

Libertimenduaren komunitatea

Otsailaren hasiera, Santibate, neguko festa. Amikuzeko zirtzil gazteak eskean dabiltza dantzan eta kantuz. Bertso zahar horietako baten doinua bortuetaraino iritsi da bertan bizi diren hartz esloveniarrak esnaraziz. Haitzulotik atera dira, putza egin eta, zeru ilunari begira, negu amaiera gertu dagoela nabaritu dute: laster datoz inauteriak. Hiru aste geroago hartzak Donapaleun agertu dira beste hainbat pertsonaiarekin batera inauteri giroko libertimenduan parte hartzera. Amikuzeko zirtzilek, bolantek eta musikariek kalea bereganatu dute. Giro argi eta beroa izan dugu eguzki berriaren, udaberriaren, bestaz gozatzera joan garenok.

Libertimendua duela hamar urte berreskuratu zuten Amikuzen. Gazteak dira dantzan, antzezpenetan eta kantuan euskara hutsean aritzen diren guztiak. Euskarak plaza bereganatzen du gazteen ahotsen bidez. Baina ez da egun eta gune soil bateko kontua, urrian hasten baitira prestaketa lanekin. Topatu.eus-en jaso dituzte aurtengo partaideen hitzak, eta antolaketa prozesu osoak euskaraz bizitzeko aukera on bat ematen diela adierazi dute. Dantzan.eus-en iaz egindako erreportaje batean, antzera mintzo zen ospakizun horren bultzatzaileetako bat izan den Mattin Irigoien:

Sakabanaturik eta frantses hizkuntzaz gainditurik dagoen komunitatea lotzeko tresna da libertimendua, funtsezko ideia hizkuntza plazaratzea da. Euskal kulturaren eta hizkuntzaren eszenifikatzea da. Mundu elebidun eta frantsesaren baitan, hitza hartu eta ahalduntze efektuan indarra ikusten diogu libertimenduari. Euskara ikasi dutenentzako, hizkuntza bizitzeko aukera eta espazioa sortzen da.

Komunitatea lotzeko tresna dela aipatzen du Irigoienek Amikuzeko hizkuntza-komunitateari erreferentzia eginez. Baina prestaketa lana eta espazio publikoan egiten den eszenifikazioa praktika-komunitate zehatz baten bidez egiten da: dantza, kantua eta antzerkia atondu eta plazaratzen duen gazteez osatutako komunitate bat. Talde horren barruan sortzen diren (hizkuntza) praktikek berebiziko garrantzia dute, euskara modu kolektiboan eta dinamikoan bizitzeko aukera ematen baitute, hiztunak elkarrekintzan egiten baikara hiztun. Taldean, edo taldeetan, praktika zehatz batzuk konpartituz hiztun bilakatzen gara. Egunerokotasuneko jardun konpartituek hizkuntza-praktikak baldintzatzen dituzte mota bateko edo besteko hiztun bihurtuz, eta baita praktika bakoitzeko hiztun mota bat eratuz ere. Taldean garatzen diren praktikek edo jardunek garrantzi handia dute hizkuntzen bizitza sozial eta kulturalean, eta hori da praktika-komunitatearen kontzeptuaren oinarrian dagoen proposamena.

Penelope Eckert hizkuntzalariak honela definitu izan du praktika-komunitatea: «Modu jarraian ahalegin komun batean parte hartzen duen pertsona multzo bat da». Taldekideek jarduera bat elkarrekin garatzen dute, gune eta une zehatz batean interes komun bat dutelako; praktika-komunitateak, beraz, norbanako batzuk amankomunean duten egoera baten aurrean sortzen dira: nerabe talde bat gustukoa duen rap musika entzuteko eta abesteko, gizon-emakume multzo bat mutxikoak dantzatzeko, gazte batzuk herriko kiroldegian saskibaloian aritzeko edo hainbat neska-mutil libertimendua prestatzeko.

Talde horiek guztiek jarduera bat elkarrekin garatuko dute, gune eta une zehatz batean interes komun bat dutelako, eta elkarrekintza horretatik sortuko dira praktikak: gauzak egiteko moduak, sinesmenak, balioak, botere harremanak eta baita hitz egiteko moduak ere. Jone Miren Hernandez antropologoak idatzi izan duen moduan, praktika-komunitatearen baitako elkarrekintzan sortzen dira hizkuntza-praktika batzuk, talde horietan hizkuntza ez baita elementu aske eta isolatu bat: hizkuntzak jarduerarekin bat egiten du eta gizarte egiturarekin jartzen da harremanetan.

Libertimenduan ere euskarak jarduerarekin bat egiten du eta, era berean, euskaraz bizi nahi duen hizkuntza-komunitate zabalarekin harremanetan jartzen da. Donapaleuko bazkarian izan dugun solasaldian hala baieztatu digute festa hori barrutik ezagutzen dutenek. Asteburuetako prestaketa lanetan euskarak eta jarduerak (dantza, kantua, antzezpena...) bat egiten dute protagonistak diren Amikuzeko gazte multzo horretan, eta besta egun nagusian gainontzeko herritarrekin lotura birsortu egiten da: bazkariaz arduratzen diren ikastolako gurasoekin, Zabalik elkarteko euskaltzaleekin, ikusle diren herritarrekin...

Gizarte ordena irauliz

Libertimendua Baxenabarren egiten den inauteria da, baina aurtengoan hegoalderantz zabaldu da, lehen aldiz Iruñean antolatu eta egin baitzen Iruinkoko izeneko jaia. Argia aldizkarian Irati Majuelok kontatu zuen Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki, Karrikiri eta Duguna elkarte euskaltzaleen ekimena izan dela, eta Iruñean ere libertimenduaren prestaketan komunitate euskalduna eta, bereziki, gaztea aritu izan da: praktika-komunitate gaztea. Gazte horietako batek, Ihitz Iriart Casenavek, hala zioen Argia-n:

Aukera polita izan daiteke aurtengo proposamena, euskara plazara ekarri eta inauteriei beste buelta bat emateko. Izan ere, urteari errepaso satirikoa egiteaz gain, libertimenduak inauterien jatorriari egiten dio keinu: boterea kolokan jarri, mugak zeharkatu, gizartearen ordena irauli. Eta hori, gazteek euskaraz sortua, euskaratik eta euskararendako. Iraultza txiki bat, azken finean.

Iruñean eta Amikuzen komunitate gazte bana euskaraz, euskaratik eta euskararendako aritu da iraultza txiki bat sortuz. Ahotsaren bidez gizarteari kritika egin diote, plaza erdira ekarri dituzten hitz zorrotzekin jendartearen hainbat gai zalantzan jarriz. Donapaleuko plaza dotorea hartu duen zirtzil bihurri, ilun eta basati horietako baten hitzetan: «Manera batez politika egiten dugu egiazki eta gainera bakarrik euskaraz».

Aurtengoan Amikuzeko zirtzilek migratzaileen aurkako politiken gaia ekarri dute plazara, eta eskualdeko kirolaz eta kulturaz aritu dira. Jaka horiak eta agintariak agertu dira. Euskaraldirako Ahobizi eta Belarriprest-ekin batera Beharrik-ez rola proposatu dute, eta Fermin Muguruzak klika abestu du. Zirtzil gazteak belaunaldien arteko harremanari buruz begirada kritikoarekin aritu dira, euskaltzale beteranoak eta politikariak modu irrigarrian antzeztuz. Esloveniako hartzen herri-minak, ardien beldurrak, ekologisten diskurtsoak eta artzainen haserreak hitz bihurtu dituzte, bizikidetza hitza hainbeste errepikatzen dugun garaian esaldi zorrotz batekin laburbilduz: «Elkarbizitza, elkarbizitza... baina nola atera bizitza?».

Plazako eszenifikazioan egitura zehatza errepikatzen da. Zirtzilen antzezpen kritiko horietako bakoitzaren ondoren dantzariek ordena berreskuratzen dute dantza dotore eta ederren bidez. Bolanten eta zirtzilen arteko lehia horren erdian, bertsolariek tarteko papera jokatzen dute. Irigoienek dio libertimenduan bertsolarien papera garrantzitsua dela, hirugarren populazioa irudikatzen dutelako, zirtzilen eta bolanten arteko sintesia:

Bertsolariek elea dute bolantek ez bezala, zirtzilek ere badute elea baina kontrolaezina da. Bertsolariek kontrola dute hitzean, baina badute libertatea ere.

Hitza, hortaz, gizarte ordena iraultzeko, berreskuratzeko eta birdefinitzeko tresna bihurtzen da. Aimar Karrika bertsolariak Donapaleun abestu duen moduan, gazteek «herriarekin hizkuntza eta hizkuntzarekin herria uztartzen jarraitzen dute».

Eman dezagun umore

Iruinkokoan eta libertimenduan hitzaren bidez jendartea irauli egiten da. Hitz horrek, baina, badu beste ezaugarri nagusi bat: umoretsua da. Iriartek dio umorez egiten den kritika soziala dela, eta antzera mintzo da Amikuzeko gazte bat Topatu.eus-en:

Gai horiek umorez ekartzen dute, ulertarazteko zer gertatu den eta beste ikuspuntu bat izaten ahal dela jendea ez dena ausartzen erraten, beraz, kritika bat bezala izan ahal da.

Azken urteetan, umoreari buruzko eztabaidak ohikoak bihurtu zaizkigu, eta Euskal Herrian Uxoa Anduaga soziologoak sakonki landu zuen gaia Herri barrez: Umore bidezko euskal nazioaren eraketa prozesua izeneko tesian. Bertan, umorea politikoa dela azaltzen du, eta duela bi urte Jakin aldizkarian lan horretan oinarritutako hausnarketa interesgarriak utzi zizkigun.

Martxoaren amaieran Anduagak ‘Eman dezagun umore!’ izeneko solasaldian parte hartu zuen Hondarribian Ane Labakarekin batera. Anduagak zioen umorea errealitatearen isla dela, baina, era berean, eraikitzen diren umore diskurtso mota ezberdinek gizarte errealitatea eraikitzen dutela. Labakak bertsolaritzan garatu izan den umoreak aztertu zuen Bertsolaritzan garatutako umorea(k) aztergai, genero ikuspegitik izeneko ikerketa-lanean, eta Hondarribian ondorio batzuk azaldu zizkigun. Biek argi ikusten dute umorean kokapena garrantzitsua dela. Labakaren ustez:

Umorea zapaltzea da goitik beherako noranzkoan; behetik gora (edo parez pare) gauzatzean, aldiz, askatzea izan daiteke, erresistentziarako arma.

Eta Anduagaren iritziz:

Umorea ez da zuria, ez dago ezer esaten ez duen umorerik, umoreak beti esaten du zerbait, agian ez modu esplizituan baina bai zeharka. Beti ematen du iritzi bat, beti hartzen du posizio bat.

Inauteriek iritzi eta posizio kritiko umoretsu hori plazara ekartzen laguntzen dute, erritu horietan satira publikoa baimenduago izan ohi delako. Baina bestelako herri ekimenek ere erabili izan ohi dute ironia, irria eta barrea hegemonikoa den boterea zalantzan jartzeko. Umorea emozioa ez ezik gizarte prozesua ere badelako: diskurtsoa transmititzeko tresna eta baita erresistentziarako arma ere. Beharbada, euskalgintzan lanabes hori gehiago erabili beharko genuke modu kolektibo eta publikoan mugak zeharkatzeko, (hizkuntza) ordena iraultzeko eta (hizkuntza) boterea kolokan jartzeko.

Kokoteroak eta koko-beltzak

Umoreari buruz Anduaga eta Labaka aritu ziren aste eta leku berean, Xanti Zabala Lexo bertsolariari omenaldia egin zioten haren bertso errepertorioa gogoratuz. Umoretik ironia handiz kantatutako 1989ko Euskal Herri tropikala bertsoaren zatitxo bat da ondorengoa:

Euskal Herria ez da oraintxe elbarri

Hasi da zorionak ematen elkarri

Klima honek jendea nola ez ekarri?

Turismo-lur sakratu izango da sarri.

Karibean antzeko behar dugu jarri.

 

Kokotero artean lehoiaren ehizak.

Safariak komeni direla deritzat.

Atsedenleku ona sendatzeko gaitzak.

Euskal Herrira datoz Mallorca-Ibizak.

Hemen sartuko dira munduko dibisak.

Hogei urte geroago, kokotero askorik ez, baina Iruinkokon aritutako koko-xuri eta koko-beltzek ez dute hotz handirik pasa, negua eta inauteri aroa lehor joan baitzaigu dagoeneko turismo-lur sakratu bihurtu zaigun Euskal Herrian. Giro horrek bortuetako hartz esloveniarren herri-mina areagotu du, eta Ptuj hiriko inauteriarekin ametsetan hasi dira. Agian, datorren urteko eguzki berriaren bestarako koko-beltz eta zirtzilekin batera kurentiak ere ekar genitzake hartz turista horien zorionerako.