Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan

Soziolinguistika

Jaime Altuna Ramirez
Jaime Altuna Ramirez

Urteetan haur eta gazteen heziketan lan egin ondoren, antropologian murgilduta nabil. Agian, Atapuerca mendilerroan hazi zen amonak eta Ataungo amonaren abizenak zerikusia izan dute ibilbide berri honetan. EHUn Antropologia Feminista Ikerketa Taldean nabil, ikasten eta baita ikasitakoa desikasten ere. Egunen gurpilean nire izena agertuko bada ere, gaizki esanak nireak dira, ondo esanak kolektiboak.

Kaosa uxatzeko leloak

Paristik natorren artista bat ez naiz ni. Nire burua ez dut artistatzat; jaio eta hazi nintzen herriari garai batean «Le petit Paris» deitzen bazioten ere. Musika tresnekin dudan harreman aktibo bakarra, urtean behin txapel gorri baten azpian, zapi koloretsu bat lepoan eta plastiko beltzen artean partxe bat jotzea da; danborrari partxea esaten baitiote aspaldi bizi naizen herrian.

Baina, gehienok bezala, musika gogokoa dut, eta konturatzen naiz ni baino artistagoak direnentzat musika zerbait esateko modua dela. Hala zioen Libe Garcia de Cortazarrek urte hasieran egin zioten elkarrizketa batean:

Gustatzen zaidana egitea da musika niretzat. Ezkutatu, baina, aldi berean, esan: «Hemen nago, horrelakoa naiz, eta hau da kontatu nahi dudana». Gustatzen zaizuna egin eta erantzun bat jasotzea ederra da. Eta musikaren bidez esatea bestela esaten zailagoa dena.

Musikak norberak esatea, kontatzea, hitz egitea... ahalbidetzen badu ere, musika norbanakoaz haratago doan zerbait da, musikaren bidez kolektiboari zentzua eman nahian aritzen gara. Franco Berardi filosofoak La sollevazione liburuan honela jaso zituen Guattariren hitzak:

Iluntasunari beldurrez haurrak abestu egiten du gauez eta azkarregi deslokalizatzen diren eta kosmosean eta irudimenean ugaritzen diren gertaeren gaineko kontrola berreskuratzen saiatzen da. Modu berean, norbanako bakoitza, talde bakoitza, nazio bakoitza kaosa uxatzeko oinarrizko lelo kopuru batez hornitzen da.

Ziur aski, bizi garen herriaren danbor hotsak ere kaosa uxatzeko baliagarriak zaizkigu. Pron, pron, pron, pron, pron, pron...

Soinuak, zaratak eta musikak

Martxoaren 8ko leloak eta burrunba ozena amatatu gabe zeudela, neke aurpegi alaiak nabaritu nituen goizean goiz Donostiako San Telmo Museo atarian. Ankulegi elkarteak urteroko antropologia jardunaldia prest zuen; programa eta izenburu deigarriak: Soinuak, zaratak, musikak: antropologia eta sonoritatea. Egun osoan zehar oso proposamen iradokitzaileak entzun ahal izan genituen, aurtengoan horixe baitzen gakoa: entzutea.

Xabier Erkizia soinu artistaren ahots grabazio bitxi batek itxi zuen jardunaldia: Léon Azoulay antropologoari ahozko gutun bat. Azoulayk 1900. urtean munduko artxibo fonografikoa sortzeko lehen harria jarri zuen, ziur aski mota honetako historiako lehena. Parisko Erakusketa Unibertsalean 70 bat hizkuntzatan grabatutako hotsak bildu zituen, tartean euskarazkoak. Garai hartan Parisen euskaraz hitz egiten zuen artistarik ere baitzen. Hasierako fonografo haiek, batez ere, hotsak eta zaratak jasotzeko ziren, baina Erkiziak dio ondoren garatu zen ‘zarataren gerra’ beste norabide batean kokatu gintuela, grabatzekoak baino entzutekoak ziren tresnak sustatu baitziren. Bere ustez, kontrolean zegoen gakoa: nork grabatu, eta, areago, noren ahotsa publiko egin.

Txakur baten pare irudikatu gintuzten altabozari adi. Haien aurrean haur edo basatien gisa imajinatu gintuzten eta hein handi batean hala jarraitzen dugula dirudi. [...] Orain altabozak eta mikrofonoak gurekin eramaten ditugu. Poltsikoan. Baina soilik gutxi batzuk erabiltzen dira prefabrikatuak ez diren soinuak entzun eta, are gutxiago, jasotzeko.

San Telmon, Erkiziaren hausnarketekin batera, Parisen 1900ean jasotako gizon eta emakume haien kantu eta irrintziak entzun ziren. Azoulayren lana oraingoz ezagutzen dugun euskarazko lehen grabazioa izan zen, eta, Erkiziak aipatu zuen moduan, han geunden «118 urte beranduago, antropologia jardunaldi baten aitzakian, gure zaratek gutaz zer eta zenbat eta nola konta dezaketen ikasi nahian».

Elkarrekin dar-dar

Gure zaratek, gure doinuek, gure hitzek gutaz asko konta dezakete, norbanakoak eta talde bakoitzak oinarrizko lelo multzo bat osatzen du-eta. Donostiako antropologia jardunaldian horri erreferentzia egin zioten hainbatek. Nader Koochaki-k estetika elkarrekin dar-dar egitea dela aipatu zigun, Mari Luz Estebanek Kantujiran elkarrekin kantatzean komunitatea sortzen dela, euskaratik eta euskaraz, eta Markel Ormazabalek musikaren bidez nortasun kolektiboari zentzua eman nahi horretan adinak garrantzia duela gogorarazi zuen.

Ormazabalek hard core eszenaren inguruko ikerketa egin du, ondorioztatuz musika estilo horrek zarata hartu duela identitate-eraikuntzaren osagai berezitu bezala. Hori aurreko belaunaldiarekin haustura gisa uler daiteke:

Gure aurrekoentzat gure musika zarata da eta ondorengoen musika guretzat zarata izango da. Zarata beti besteek egiten dute, baina musikan zarata egiten da zerbaiten kontra, protesta moduan.

Belaunaldi bakoitzak nolabaiteko soinu banda eraikitzen du, aurrekoez bereizteko identitate berria sortzen da musikaren bidez, eta, jakina, musika doinua, ahotsa eta zarata da, baina horrekin batera hitza ere bada. Jacqueline Urla antropologoak aspaldi azaldu zuen 90eko hamarkadan hizkuntzaren ikuspegitik Negu Gorriak taldeak eszenaratu zuena: «Negu Gorriak-ek ez zuen soilik ozenki esaten, euskaraz ari zen esaten». Urlarentzat, talde horren hautuak aukera batzuk ireki zituen hainbat gazteren euskal nortasun berri bat esploratzeko eta definitzeko:

Negu Gorriak adibide bat da; gazte jendea tradizioari buruzko elkarrizketa dinamikoan nola parte hartzen ari den, gazteak nola ari diren beren baitan esploratzen eta definitzen gaur egun euskalduna izatea zer den.

Bi hamarkada pasa dira eta badirudi musikaren bidez zabaltzen diren hitzen hautua aldatu dela. Ingelesez abesten duten Belako moduko talde interesgarriak ditugu, edo euskara, ingelesa eta gaztelania tartekatzen dituzten estilo ezberdinetako kantari eta talde arrakastatsuak (Izaro, Glaukoma...). Duela bi urte Agurtzane Elorduiri irratian entzun nion egungo gazteen hizkuntza-ideologian ez dagoela funtzio guztietarako hizkuntza on bakarra. Elordui desestandarizazioaz mintzo da, eta ez du uste hizkuntza hibidrazio hori soilik eremu elebidunen kontua denik; sormen kontua ere omen da, ludikotasunarekin lotutako sormena. Interesgarria litzateke aztertzea gazteen hizkuntza hautu horiek aurreko belaunaldiekin haustura gisa autodefiniziorako bide bezala erabiltzen ote diren.

Rapean omen dago asuntoa

Martxoaren 13an telebistako Ur handitan programan, Berri Txarrak talde arrakastatsuaren Gorka Urbizuri hitz paradoxiko hauek entzun genizkion: «Gaur egun rocka infrasoinua da, rapean dago asuntoa». Handik lau egunetara Barakaldoko BECa hamar mila lagunekin bete zuten, eta hiru orduko kontzertu hartan entzundako abesti batek hala dio: «Beude Hori Bai, Psilocybe eta Lekunberriko Kantina. Beude Ttattola, Akelarre eta Bilboko Kafe Antzokia...». Bezperan, «gure kulturaren birika» diren areto horietako bat, Hondarribiko Psilocybenea, hip hop musikaren agertokia bilakatu zen oilar-borroka baten bidez.

Ez da gauza berria rapa, ezta euskaraz egindako rapa, baina azken urteetan gazteen artean zabalkunde handia izaten ari da, eta geroz eta ohikoagoak bihurtu dira kalean egiten diren inprobisazio lehia berezi horiek. Igor Elortzak Durangon oilar-borroka ikusi eta Twitterren hala idatzi zuen: «oilar-borrokak arrasatzen Durangon; eta beste herri batzuetan. Polla, culo eta nahi duzuena, baina kalea galtzen ari gara». Ez dakit bertsolaritzaz edo musikaz ari ote zen. Euskarari buruz ari zela iruditu zitzaidan.

Glaukoma taldeak, ordea, «2zio bat da euskaraz rapeatzen aritzea» kantatzen du, eta hor ditugu Norzzone, La Basu, Aneguria edo 2zio bezalako raperoak. Oiartzungo Alain Mendizabal Txilly rapero gazteak elkarrizketa batean dio euskarazko rapa bere une onenean dagoela. Bere ustez, rapak duen gauza garrantzitsuena letra da, eta «euskarak gramatikalki eta estrukturalki duen aberastasun horrek milaka aukera ematen ditu gauza ezberdinak egiteko, edozein neurri eta denboran».

Aukerak aukera, esango nuke, beste musika estiloetan bezala, gaztelania dela nagusitzen den hizkuntza, baina ikusi beharko da zer garapen duen gazte mugimendu horrek. Antropologian, maila mikroan gertatzen direnak osotasuna ulertzeko interesgarriak direla esan ohi da, eta niri Oiartzungo Txilly raperoaren hitz hauek zer pentsa eman didate:

Azkenean rapa gazteek eskura dugun estiloa da. Asko mugitu gabe, musika egin dezakezu. Nik mikrofono eta txartel batekin disko bat egin dut, ez da gauza handirik behar, beraz. Oiartzunen gure kabuz gauzak egiteko mugimendu hori azaleratzen ari da azken aldian. [...] Raparekiko zaletasun handia dago herrian. Orain arte eman den punk mugimenduaren antzekoa izan daiteke. Lehen kontzertu guztiak betetzen zituzten, eta orain gazteak rap kontzertuetara animatzen dira. Aurreko astean, adibidez, Potte tabernan jendetza elkartu ginen, Oiartzungo ia rapero guztiak, eta sekulako festa antolatu genuen. Bertan lagun batek bota zidan: «Niri eta dena ematen dit gogoa oholtza gainera igo eta rapeatzen hasteko!».

Gaiteiroak, rockeroak eta raperoak

Oiartzunen, beste herri askotan bezala, rapa zabaltzen ari da. Oiartzunen dago Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa, eta urtero bezala martxoaren amaieran jardunaldia antolatu dute. Aurtengoan, emakumeek herri musikan izan duten papera aztertu dute, eta bertan izan genuen aukera Carme Campo eta Chus Caramés galiziarrak ezagutzeko. Ezagutzen ez genuen generoaren araberako musika banaketa bati buruz hitz egin ziguten: Galizian gaiteiroak gizonezkoak izan ohi dira eta pandereteirak emakumezkoak. Herriz herri ibiltzen zirenak gaiteiroak ziren, espazio publikoan garrantzia zutenak, protagonistak. Pandereteiren egin beharra askoz domestikoagoa zen, etxean egiten ziren lan kolektiboen ondoren aritzen ziren. Campok eta Caramések topatu dute beti ez dela hala izan eta XIX. mendean Aurea Rodríguez moduko emakume gaiteirak izan zirela. Edozein kasutan, banaketa desegiteko garaia badela aldarrikatzen dute.

Musika berrienetan ere, genero desberdinkeria mantentzen da. Rock eszena oso maskulinoa da, eta 2010ean Mailen Altunak egin zuen Emakumeak punk-rock taldeetan ikerketan parte hartu zuten musikariek hala gogorarazi ziguten. Iaz, Topatu gazte proiektu komunikatiboak plazaratu zuen Emakumeak oholtzara bideoan, elkarrizketatuek (Izaro Andres, Ane Bastida, Onintza Rojas eta Olatz Salvador) gauza bera baieztatu zuten, eta aurten Gasteizko Azkena Rock jaialdian emakume musikarien ausentzia salatu dute berriro ere. Altunaren ustez, rocka maskulinitatearekin erlazionatuta dago, eta, ondorioz:

Rock musikari bezala identitatea eraikitzen duten emakumeek identitate erresistente bat eratu beharko dute, emakumeak izerditu dezaketela aldarrikatzen duena, salto egin dezaketela, garrasi egin dezaketela.

Raparen protagonistak ere gizonezkoak dira eta maskulinitatearen ezaugarri hegemonikoak goraipatu egiten dira. Hip hop-a ikertu duen Nuria Alabao kazetari eta antropologoak dio gizonkeriaren erakustaldia, batez ere, oilar-borroka jokoetan agertzen dela:

Hip-hoparen bidez euren burua berrasmatzeko modu hori asko bizi izan duen pertsona indartsu batekin dago lotuta, bere buruaren hauskortasuna jendaurrean inoiz agerian utziko ez lukeena. Tradizionalki gizonei egotzitako balioen mundua. Lehiaren bidez elkar lotzen eta elkar aitortzen dute.

Gure kaleetan oilar-borroka horietako bat ikusteko aukera baduzue, konturatuko zarete, itxurazko norbanakoaren goraipamena baino, mutilen edo oilarren arteko elkar aitorpena eta lotura gailentzen dela. Hori bai, nortasun kolektibo horretan genero rolen banaketa argia da: mutilak erdian, neskak alboan. Mutilen gorputz eta ahots oilartuak protagonistak dira; nesken gorputzak bazterretan geratzen dira, isilik baina ikusgai. Belaunaldi, haustura eta musika ‘berriak’, baina behin eta berriz emakumeenak dira isildutako ahotsak.

Hitzak ezin dira kaiola batean itxi

Emakume artisten ahotsak isildutako hitzak dira, eta musikaren hitzak artazien jomuga nagusia dira. Las Vulpes punk taldea duela 35 urteko udaberrian polemika handienetako baten protagonistak izan ziren, eta geroztik zentsurak darrai.

«Les paraules no es poden tancar dins una gàbia. Volen soles» (Hitzak ezin dira kaiola batean itxi. Bakarrik hegan egiten dute). Montserrat Roig-ek idatzitako hitz horiek zituen kamiseta jantzita agertu zen Valtonyc rapero mallorcarra (Miquel Arenas Beltrán) joan den urteko martxoan Kataluniako Parlamentuan bere aurkako epaiketa salatzen. Urtebete geroago, espetxera joan beharko duelako notizia iritsi zaigu. Hain zuzen, otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi zutela 15 urte bete direnean eta Fermin Muguruzaren hitzak kaiolan itxi ez, baina txistuen bidez Espainiako Musikaren Sarietan Madrilen isilarazi nahi izan zituzten musika munduko artista horiekin gogoratu naiz. In-komunikazioa abestiagatik jaso zuen saria, eta txistu hotsak, ezjakintasun eta inkomunikazio arazoa baino, botere arazoa direla esango nuke. Boterean daudenek gustuko ez dituzten hitzak debekatu nahi dituzte, ezagutzen ez dutenek ere: berea ez den hizkuntza bakar horretan mintzo ez direnen hitzak eta beren elebakartasun hori zalantzan jartzen duena kontrolatu nahia.

Valtonycen epaiaren ondoren, Pablo Hasel rap kantariak bi urte eta egun bateko espetxe zigorra jaso du. Hitzak eta hizkuntzak isilarazi nahia berrindartu dela dirudi. Maite ez dituzten hitzak zigortzeaz gain, hizkuntza hegemonikoan aritzen ez direnen mintzoa ‘traba hutsa delako progresoarentzat’. Euskaraz aritzea ‘baldarra, insolidarioa, txokoan bizitzeko gogoa eta autokonplazentzia’ zela aspaldi ikasi genuen. Duela gutxi ‘gogaikarria’ ere badela gogorarazi digute Nafarroako Parlamentuan: «Zertarako ari zarete euskaraz, molestatzeko ez bada?». Eta Kortatuk abesten zuen esaldi hau biziberritu beharko genukeela pentsatu dut:

Aunque esté todo perdido, siempre queda molestar.

Dena galtzen denean ere, molestatzen jarrai daiteke behintzat.