Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Soziolinguistika

Jaime Altuna Ramirez
Jaime Altuna Ramirez

Urteetan haur eta gazteen heziketan lan egin ondoren, antropologian murgilduta nabil. Agian, Atapuerca mendilerroan hazi zen amonak eta Ataungo amonaren abizenak zerikusia izan dute ibilbide berri honetan. EHUn Antropologia Feminista Ikerketa Taldean nabil, ikasten eta baita ikasitakoa desikasten ere. Egunen gurpilean nire izena agertuko bada ere, gaizki esanak nireak dira, ondo esanak kolektiboak.

Jauziak, fantasiak eta ideologiak

Correfoc

Festa iluntzean lehertu da kale luze eta zabal osoan zehar. Hiriko erdigunea topagune bihurtu da hiriko auzoak ordezkatzen dituzten taldeentzat, baita, horiekin batera, festa egitera etorri diren hiritar eta bisitarientzat. Ehunka perkusionistak jaiaren erritmoa markatzen dute. Deabruz mozorrotutako beste hainbeste lagun korrika ari da jendearen artean petardo eta bengalak dituzten makilak piztuta dituela. Jendea deabruen artean dabil txanoekin, zapiekin, betaurrekoekin eta azal-zatirik agerian ez uzteko bestelako babes jantziekin ondo babestuta. Batzuetan, deabruen aurrean jartzen dira eta pasatzeko tokirik ez uzten saiatzen dira. Beste batzuetan, horien ondoan salto egiten dute bizkarretik elkarri helduta. Turista askok telefono mugikorra askatu gabe parte hartzen dute. Zorua erretako piroteknia-kartutxoz bete da. Giro burrunbatsuak bolbora eta ke usaina du.

Hori guztia ez da aurten gertatutakoa, noski, duela bi urte irail amaieran Bartzelonan bizitakoa baizik: La Mercé jaietako Correfoc-a. Bertako beste hiru ikertzailerekin batera (Alba Combo, Marina Massaguer eta Esther Oliver-Grasiot) behaketa etnografiko bat egiteko hurbildu nintzen Kataluniara. Muda linguistikoak ikertzeko egitasmo baten parte zen behaketa: deabruen jaiak antolatzen dituzten kultur taldeek (Colles de Diables) nolako eragina duten hiztun berrien hizkuntzaren erabileran. Behaketa horrez gain, ikertzaile kataluniarrek elkarrizketak egin zituzten taldetako partaideekin eta oso kontu interesgarriak ondorioztatu zituzten. Besteak beste, deabru talde horiek muda linguistikoak egiteko gune aproposak direla topatu zuten:

Mudak hizkuntza horretako hiztunekin etengabe harremanetan egoteko aukera dagoenean gertatzen dira, hiztun legitimotzat hartzen dituzten edo hizkuntza hori ikasteko eta erabiltzeko zilegitasuna duten ingurune seguruetan.

Colla horietako batean katalana praktikatzeko aukera topatu zuen Bartzelonara bizitzera joandako gazte britainiar batekin hitz egiteko aukera izan nuen. Kataluniara iritsi eta berehala, Correfoc-a ikusi zuen eta liluratuta sentitu zen. «Nik horren parte izan nahi dut» pentsatu zuen, eta handik gutxira deabru talde batean parte hartzen hasi zen. Hizkuntza ez zen izan bertan parte hartzeko arrazoia, baina deabru talde hartan katalan hiztun ugari egoteak eta komunikazio formaletan zein ez formaletan katalana erabiltzeak lagundu zioten hizkuntza entzuten eta, pixkanaka, erabiltzeko behar zuen jauzia ematen. Urtebete geroago han zebilen jauzika, suaren eta zalapartaren erdian deabruz jantzita, anabasa bihurtutako erdiguneko kaleetan Bartzelonako jai nagusian erabat murgilduta.

Aurten ez da Correfoc jairik egon. Azken hilabeteetan, festak gozatzeko aukera txikia utzi digun bestelako nahaspila izan dugu. Baina, hala ere, hizkuntzaz pentsatzen jarraitzeko hausnarketa interesgarriak iritsi zaizkigu Kataluniatik.

Hizkuntza-politiken fantasia

Marina Massaguer soziolinguistak Bartzelonako lan etnografiko hartan parte hartu zuen. Massaguerrek, besteak beste, katalan hiztunak ez diren pertsonen dinamika linguistikoak ikertu ditu, eta aurtengo udan hainbat hedabidetan agertu da oso hausnarketa interesgarriak egiten. Núvol kultur egunkari digitalean uztailean argitaratutako elkarrizketa batean, Kataluniako hizkuntza-politiken balorazio zorrotza egin zuen. Katalan hizkuntzari dagokionez, normalizazio politikek oinarrizko arazo bat eduki dutela dio Massaguerrek, fantasia batean oinarritu direla:

Generalitateak estatu baten mekanismo hertsatzaileak balitu bezala jokatzen du, nahiz eta, berez, estatu bat ez izateaz gain, homogeneizaziorako joera duen Espainiako nazio-estatuaren parte den. Arazo asko hortik datoz: politikak oinarritzea praktikan ez duzun botere batean.

Fantasia horren ondorioz, eta globalizazioarekin lotutako beste hainbat aldagai sozio-ekonomikorengatik ere, Kataluniako hizkuntza-politikek ez dute aurreikusten zen arrakasta osoa lortu. Gazte gehienak elebidunak izatea da politika horien arrakasta nagusia, baina, Massaguerrek ikusi ahal izan duenez, hizkuntza bat ala bestea erabiltzea praktika markatu gisa hartzen dute gazte horietako gehienek:

Tesia egin ondoren, ikusi ahal izan dut Katalunian jaio eta eskolatutako 25 eta 40 urte bitarteko jende askok ez duela katalanez hitz egiten egoerak hala eskatzen duenean, praktika markatutzat hartzen dela. Zer esan nahi du praktika markatu batek? Bada, zenbait aurreiritzi ideologiko egozten zaizkizula, joera politiko jakin batean sailkatzen zaituztela, edo profil ez oso akademikoa izan duzula suposatzen da eta horregatik ez duzula katalanez hitz egiten. Alegia, gazte bati katalanez hitz egiten bazaio eta pertsona horrek hizkuntza berean erantzuten ez badu, hari buruzko informazioa ematen arituko da. Horixe da elkarrizketatu ditudan pertsona batzuek duten pertzepzioa, ez dut esan nahi nahitaez hala denik.

Hitz horiek hizkuntza-praktikei lotutako ideiei, hau da, hizkuntza-ideologiei erreparatzeko beharra iradokitzen digute. Gurean, baina, hizkuntza-ideologia deserosotasuna sortzen duen kontzeptua da. Ideologia definizioz oso nozio xaloa izan arren (zerbaiti buruz dugun ideien multzoa), hitza entzun eta zenbaitzuk azkura nabaritzen hasten dira. Eta gauza bera gertatzen da hizkuntza-ideologiarekin, nahiz eta hizkuntza guztiek eta horien praktika sozialek, nahi ala ez, beti dakarten dimentsio ideologikoa. Norbaitek uste al du azken hamarkadetako euskararen indarberritze prozesua gertatuko zela hizkuntza berreskuratzearen aldeko ideologiarik gabe? Eta, bestalde, Katalunian bezala Euskal Herrian ere, estatuek ezartzen duten gaztelania eta frantsesaren aldeko hizkuntza-ideologia boteretsurik gabe ez al ginateke egoera hobean egongo?

Hizkuntza-ideologiaren jauzia

Soziolinguistika Hiztegiak hala jasotzen du zer den hizkuntza-ideologia: «pertsona edo giza talde batek hizkuntzei buruz dituen ideien multzoa. Ideologia hori erabilera, diskurtso edo portaera linguistiko jakin batzuen bidez adierazten da». Kontzeptuak, beraz, hizkuntzek duten dimentsio subjektiboa azalarazten laguntzen du. Hizkuntzek, dimentsio komunikatiboaz gain, bestelako dimentsio batzuk dituztela aditzera ematen du: ideiak, usteak, sinesmenak...

Kathryn Woolard antropologoak Mendebaldeko gizarteetan hizkuntzen inguruko bi konplexu ideologiko bereizi ditu: benetakotasuna (authenticity) eta anonimotasuna (anonymity). Benetakotasuna azpimarratzen duen ideologia hizkuntzaren balioa identitate jakin bat adierazteko gaitasunarekin lotuta dago. Anonimotasunaren ideologia, ordea, funtzionaltasunean eta neutraltasunean oinarritzen da: hizkuntza denon eskura dago. Marko horren arabera, ohikoa da gutxitutako hizkuntzak benetakotasunaren ideiarekin lotuta agertzea eta estatu-hizkuntzak anonimotasunarekin lotzea. Baina, Woolarden proposamen horri jarraituz, Massaguerrek dio Katalunian elebiduna izateak zenbait alderditan anonimotasuna ematen dizula:

[Woolardek] dioenez, batzuetan, estatu-hizkuntza anonimotzat hartzen da: ezagutza unibertsala duzu, eta oharkabean pasatzen uzten dizu. Hizkuntza gutxituek, aldiz, askoz ere benetakotasun edo identitate-karga handiagoa dute. Katalanaren kasuan, normalizazio-politikei esker, alderdi askotan anonimotasunera hurbiltzen ari gara.

Ez zait iruditzen gurean euskaraz mintzatzeak anonimotasun ezaugarririk ematen digunik. Anonimotasunera hurbiltzeko egin beharreko jauzia egin gabe dugu oraindik: euskaraz hitz egiteak, euskarazko literatura irakurtzeak, euskarazko musika entzuteak edo komunikazioa euskaraz egiten duten hedabideak kontsumitzeak praktika markatu samar izaten jarraitzen baitute.

Hizkuntza-merkatua eta bide-markatua

Euskara aurreiritzi ideologiko eta joera politiko jakinekin lotzen den bezala, gaztelaniak eta frantsesak neutro itxura hartzen dute erabilgarritasunarekin lotuta ageri zaizkigulako. Horiek omen dira praktikotasunaren bide zuzena. Euskara, aldiz, bide hori bihurgunez betetzen duena. Itzularazi egiten gaituena ibilbidea motelaraziz. Baina, ingelesaren mundu mailako hedapenaren ondorioz, estatu-hizkuntza handietan ere zalantzak eta kezkak agertzen hasi dira. Kike Amonarrizek, Euskararen bidegurutzetik liburuan, honela dio:

Ezin da ahaztu ingelesaren hedapen-prozesua euskal komunitatearen elebiduntze prozesu historikoaren oinarri bertsuetan ari dela eraikitzen: merkatuaren arauak, ‘beharraren’ diskurtsoa, ingelesaren balio ekonomiko eta profesionalaren nabarmentzea eta norabide bakarreko elebiduntzea (ingeles hiztunak ez dira elebiduntzen), besteak beste. Bitxia da, hala ere, gaztelaniaren eta frantsesaren aldeko hainbat diskurtsotan euskararen alde erabili izan diren argudio bertsuak irakurtzea.

Argi dago ingelesaren inguruan eraikitako diskurtsoak, estatu-hizkuntzei ez ezik, gurea bezalako hizkuntza gutxituei ere eragiten diela. Merkatuak areagotu ditu ‘markatuak’ diruditen hizkuntzak ikastearen aurkako diskurtsoak: «Hobe da ingelesa ikastea euskara baino, aukera askoz gehiago zabaltzen baititu». Horregatik dira hain garrantzitsuak hizkuntzen inguruan eraikitzen ditugun ideiak. Eta horregatik da hain funtsezkoa hizkuntza-ideologiei buruz behingoz argi eta garbi hitz egiten hastea. Alor horretan ikerketek eta teoriek erakusten digutena jaso behar dugu, jendarte-maila guztietan euskararen inguruko eraikuntza diskurtsibo indartsua zabaltzeko. Lainotutako egunetan ibilbidea erraztuko duten harri-multzoak. Bidegurutzetan ez galtzeko markak.