Osteguna, 2017ko irailak 21
Gora joan

Lekuko batetik ateratzen diren hariak

2015-05-06

Urte birik behin gertatzen dena gertatu da aurten ere, udaberriaren atarian izan dela Korrikaren sasoia. Pilatuz doaz apurka-apurka iragandako edizioetako emozio, oroitzapen eta argazkiak norbere ganbaran. Eta ganbara arakatzeko edo ganbarara sartzeko moduko pasartea dela deritzot, eskuz esku pasatzen den Korrikaren testiguaren nondik norakoak aipatzea. Ni neuk duela gutxi jakin dut Remigio Mendiburuk eginikoa izan zela 1980ko aurreneko edizioko egurrezko lekuko hura, eta gerora Juan Gorritik berritu zuela.

Azalpen gutxi utzi omen zituen Mendiburuk lekukoaren ingurukoez; ikusita dakigu egurrezko lekukoa dela, muturretan zazpi zulo dituena, hiru eta lau bereziturik, euskararen eremuak irudikatuz bezala. Hiru urradura ere baditu eta esan ohi denez hiru administrazioak irudikatuko lituzkete zauri horiek. Barrua hutsa du eta pentsatu daiteke Oteizaren ‘huts eta betearen’ iruditik izan dezakeela jatorririk. Huts horretan sartzen da mezua, ibilbide guztian eskuz esku ibiliko dena, azken egunean zabaldu eta irakurtzeko. Gorritik eginiko makila berriak kiribilaren sistema zuen, barruko mezua askatzea hain erraza izan ez zedin.

Inguruan dugun edo kontsumitzen ditugun irudi askok osatzen dute arte-adierazpena. Hain hurbil ditugun arren, begira zenbat eskutatik pasatzen den edizio bakoitzeko aldi oro, arte plastikotzat hartzen den alor hori arrotza bezain urruna zaigu, hasiera batean. Baina esandakoa: egunerokoan inguratzen gaituen ingurumari hori arakatzea besterik ez dago, egunero zer edo zer berria ikasteko. Makila bat baino ez da, baina zenbat oroitzapen biltzen dituen bere baitan eta zenbat alderdiren sinbologia izan daitekeen.

Egia da artearen xede gabe jasotzen ditugula horietariko asko. Begira, adibidez, garai bateko edo gaur egungo musika diskoen azalak. Edo, muturrera joanda, egunkariek, promozio moduan, ateratzen dituzten baxera kolekzioak; Gorritiren margoekin egindako ontziak, Zumetaren margoekin platerak... Baina ez dut uste inongo muturrera joatea denik, bidelagun handiak baitira dena delako errepresentazio horiek, noizbait beste puntu batera iristeko; gure ganbara betez joateko, alegia. Loreak Mendian arropa markak ere egin izan du saiakerarik gure begiak, zeharka bada ere, estetika zehatz batean hezteko. Euskal kulturatik elikatzen da beraien diseinu grafikoaren sorta handi bat, handik edo hemendik keinuak eginez (ezin ordea goraipatu egin berri duten azkena, Sabino Aranaren irudia baliatuz egindako hanka sartzea, nire ustez: ‘Locals only’ izenarekin ateratako kamisetak). Askok erosi eta sarritan soinean eramango dute Nestor Basterretxearen serigrafia bat, jakin barik irudikatu eta arropa marka horri eskaini ziola. Milaka izango ziren saldu ziren kamisetak, baina seguru sekula ez dela euskal artearen souvenir gisa saldu.

Edo alderantzizko norabidean ere bada bitxikeriarik, artearen bidetik eratortzen diren bestelako gertakari edo aurkikuntzak. Gogoan dut Arribera, Juan Gorritiren Batzarre baserrira, hurbildu ginenekoa. Aralarte. Mailopearen magalean hegaletan erakusketaren inaugurazioa zen ordukoa. Aralarte erakusketa kolektibo bat izan zen, 40 artisten lanak biltzen ziren erakusketan: Dora Salazar, Koldobika Jauregi, Remigio Mendiburu, Vicente Ameztoy, Nestor Basterretxea, Mikel Laboa, Mikel Urmeneta... Irekierako parte-hartzaileen kuota gaztetzea bailitzan gure asmoa, hantxe ginen gazteago eta zoroago. Esan beharra daukat erakusketa hartako irekiera festak iraun zuen gaualdi hartan ezagutu eta entzun nuela aurrenekoz Maite zaitut abestia, Juan Gorriti eta Peru Magdalenak inprobisaturiko bertsioan. Eta, esan gabe doa, horrela hurbildu nintzela gure pailazo maitagarriengana. Artea jendartea iratzartzeko modua ere bada.

Edo kiribilari beste buelta bat emanda, txikitan, laurogeiko hamarkadan, hain zuzen, gogoan iltzatua geratu zitzaidan Gorritiren irudia Euskal Telebistako haurren saio batean. Itoizen garaia zen hura, eta musika hark lagundurik agertzen zitzaigun asteburuetan telebistako pantailan, gerora eskultore eta margolari gustuko bihurtu zaiguna. Ez dut gogoratzen oso ondo zer egiten ageri zen, ez artista moduan aurkezten zuten ere, baina entretenigarri soil bat baino gehiago izango zen, memorian geratu baitzait gaur arte. Oker ez banago, Marraskil Boss eta Pantxineta deitzen zen saio hura, eta, arakatu ahal izan dudanagatik, 1987koa zen Euskal Telebistak zuen saio ausart eta hezitzaile hura.

Iradokitzailea izan daiteke nondik hasten den artearenganako begiratua, interesa, zaletasuna edo hautematea.

Basterretxea, Oteiza eta Txillida

Hondarribiko Remigio Mendiburutik, Hondarribin bizi izan zen Nestor Basterretxeara. Pentsatu nahi dut iradokitzaile egingo zaiola bati baino gehiagori Basterretxearen Bakearen usoa eskultura ere. Are gehiago orain, tokiz aldatzea erabaki den honetan. Anoetako biribilgunetik Saguesera eramateak sortu duen gudaren erdian, bati baino gehiagori eman beharko lioke zer pentsatua bakeak. Saguesen, hondartzaren pareko pasealekuan, jartzen dutenean, pentsatu nahi dut edozein hiritarrek oroituko duela iaz hildako Nestor Basterretxea. Edo, gutxienez, zazpi metroko altuera duen Bakearen usoa ikustean, galdetu egingo dela «eta nor zen Basterretxea hura?»; edo iradokitzailea izan daitekeela «zer zen aldarrikatzen zuen bakea?». Eta zer da, etorriko bazaigu, etorriko zaigun bakea?

Artelan garaikide batek, normalean, dakarren abstrakzio maila baino apalagoa izatea nahi zuen Basterretxeak obra hori, eskultura horrek sinbolizatzen zuena ez zedin, bidean, galdu. Zurriola pasealekuan jarri zen hasiera batean, eta, Kursaal eraiki zenean, behin-behineko kokalekua eman zitzaion, Anoetako biribilgunera eramanez. Hogei urte beranduago, bere sorrerako kokalekura bueltatuko da, itsasoaren parera: berorren sortzaileak nahi eta horrela diseinatu baitzuen.

Hemendik gutxira, beraz, Donostiako itsasertzak hiru euskal sortzaile plastiko lerrokatuko ditu: Eduardo Txillidaren Haizearen orrazia lanarekin Ondarretaren muturrean, Jorge Oteizaren Eraikuntza hutsa Paseo Berrian eta Nestor Basterretxea Bakearen usoa-rekin Saguesen, Zurriolaren mutur batean.

Denborari toki bat ematea da eskultura, batez ere kalean, espazio publikoan erakusten direnean. Nire belaunaldiko askoren familiako argazki-album askotan agertuko den argazkia izan daiteke Haizearen orrazia, 1977an eginikoa. Horrela gogoratzen dut etxeko argazki-album zahar batean eskultura serie hori: aita-ama gazteak sortu berri den alabarekin besoetan, Donostiak une horretan zuen berrikuntza edo erakargarri turistiko onenaren aurrean.

Gerora etorri zen Oteizaren Eraikuntza hutsa, 2002an inauguratu zena Paseo Berrian. Oteizak esan zuen moduan, «el arte no es para los museos, el arte es para el hombre». Ziur eskultura hori ere egongo dela gazteagoak diren askoren etxeetako argazki-albumetan. Eta, zer esanik ez, hainbat turistaren bidaiako argazki bildumatan edo asteburu eguzkitsuetan Eraikuntza hutsa-n ateratako argazki-sorta itzela egongo da sare sozialetan. «Captura y comparte momentos con gente de todo el mundo», dio Instagramen leloak. Donostiako itsasoari begira ateratzen diren argazkiak arakatuz gero, ziur luzea izango dela Eraikuntza hutsa agertzen den zerrenda; jakinda edo jakin barik Oteizarena dela herdoildutako burdinazko eskultura erraldoia. Esan bezala, denborari toki bat egiten diote antzeko artelanek, denbora betikotzen dute. Artelanen eskutik denbora entzun, ikusi eta kontatu egiten da; historia baten adierazpenak direlako. Denbora ikusteko modu bat litzateke eskultura, erakutsiko baligute. Herdoildutako eskultura horrek, burdina hotz eta ia-ia ukitu industrialekoak, sortzailearen azken garapen faseaz hitz egiten digu, 50eko hamarkadatik aurrerako Oteiza da Eraikuntza hutsa, eta hortik joan beharko litzaiguke gogoeta Arantzazuko frisora, adibidez. Horretarako trebatu beharko genituzke gure begiak eta ganbara arteko hari guztiak, garaiak, espazioak, sinboloak, gertaerak eta interpretazioak elkarrekin dantzan jartzeko. Hezkuntza estetikoa garatzea baitzuen helburu Oteizak, herri bati zuzendurikoa, baina batez ere haurtzarotik hasten den hezkuntza horri zuzendurikoa.

Arte-gertaeren kultura barneratzea eta interpretatzean sakontzea dagokigu, gizarteratzeko ahalmena galdu baitute arte plastikoek, ikusizko informazioa hain delako handia egungo gizartean. Sentikortasun ahalmena ere galtzen ari garela esaten da, komunikaziorako, pertzepziorako, pentsamenduaren adierazpenaren forma anitzak ere galdu direla bidean.

Baina zertan esku hartzen du arteak? Gizarteari beste mota bateko sentsibilitatea sortzeko izan beharko litzateke artea, artistek sortzen duten sentsibilitatea produktu sozial bat delako. Espazioarekin eta bolumenekin jokatzen den esparru bat da eskulturarena, eta, Donostia bezalako hiri bat adibide hartzen badugu, egunero berorietaz inguraturik gaude. Istantean, eskulturen interpretazio eta errekreazioan parte-hartzera pasatzen da behatzailea.

Irudien atlasak

Artearen eta gure egunerokotasunaren artean dagoen distantzia laburtzeko, hainbat amuri heldu beharko genieke. Horrela sortzen da adibidez Donostiako Udaletik, ‘Hiriko eskulturen atlasa’, gaur egun San Telmo museoaren web atarian ageri dena. Hirian diren eskultura guztiak biltzen eta deskribatzen dituen gunea da. Gaur taldea osatu zuten Txillida, Oteiza eta Basterretxeak eta aurretik aipatu dugun Mendiburuk, denetan gazteena izan zen bera. Donostian, Gros auzotik Askatasunaren Hiribidera doan zubia zeharkatu bezain laster, eraikin bateko fatxadan ageri den obra ikusgarria Remigio Mendibururena dela zehazten digu atlas horrek. Erri txistu otza du izena, hortxe, etxebizitzen leihoen artean ageri den bitxikeria horrek. Altzairuzko hodi handi batzuk dira, goiko etxebizitzetatik beheraka datozenak. Etxebizitza horietan gazte, zahar, nerabe, agure... denetariko biztanleak biziko dira, arropa zintzilikatzean artearekin topo egingo dutenak denak. Arte-gertaeren kultura transmititzean hutsuneak ditugu, sarritan ez baikara konturatzen etxeko sukalderaino sartzen zaigula artea.