Ostirala, 2024ko apirilak 19
Gora joan

Kultura

Nagore Amondarain
Nagore Amondarain

Ikastolen Elkartean egiten dut lan. Bestelako lantegietan ere aritzen naiz, euskal hedabide desberdinetan kolaborazioak egiten, adibidez, eta oraingoan, Jakinen arituko naiz. Egunak zein gauak uzten didan tartean, begi bat kulturari zabalik izaten dut, eta, Egunen gurpilean atalean, kulturari erreparatuko diot.

Kulturaren identifikazioa

2015-12-03

Hilabeteko epean, asko izan dira Kortxoenea eta Tabakaleraz idatzi direnak prentsan. Bata eraitsi nahi eta bestea irekitzen den astetik zenbatzen hasten da hilabeteko epe hori, eta oraindik ere, batak zein besteak, edo biek batera, hainbat iritzi artikulu beteko dituztelakoan nago. Ikusteke dago batak zein besteak zein norabide hartuko duten, herri mugimenduaren instituzio den Kortxoeneari instituzioak zelako erantzuna emango dion ez dakigu oraindik, ez dakigun moduan instituzioek bultzaturiko tabako fabrikari herri mugimenduak zelako galdera ikurrak jarriko dizkion.

Hilabeteko epea esan dut, artikulu hau idazten ari naizen sasoia baita erreferentzia. Eta hortxe kokatzen dut irakurketa: Kortxoenearen itxieraren afera eta Tabakaleraren irekieratik hilabetera eta Euskal Herriko karta soziala oinarri eratutako Alternatiben Herria burutzen den asteburutik.

Kulturaren identifikazioaz hainbat dira joerak egun. Kultura hibridoa apaingarri gisa erabil daiteke edo garapenean kulturak baduela funtzio bat ikus daiteke: identifikazio, sormen, informazio eta ongizatean pausoak emateko tresna dela. Auzo bateko errealitatera baldin bagoaz aurretik esandakoa adibidetzera, denok etorriko gara bat zera esatean, auzo batek derrigorrez behar dituela parkeak, eskolak, auto, bizikleta eta oinezkoentzako ordena urbanistiko bat edo eguneko ogia erosteko okindegi bat. Baina, horrekin batera, bertako bizilagunek kulturaz gozatzeko, parte hartzeko, sortzeko, harremanetarako, informatuak izateko guneak behar dituzte. Norbanakoaz gaindi, komunitatearen ongizatea ekarriko luke. Gabezia material ezari aurre egiteko moduaz ulertzen da egun garapena, ikuspegi ekonomikotik, beti ere. Baina garapena ulertzeko, erakusleiho edo ispilu adina modu ditugu. Eta gero eta jende gehiago islatzen duen ispilu horretan dago kulturarena.

Kultur sorkuntzaz ere aritu ziren Alternatiben Herrian urriaren hondarrean, «diru eta ospe nahiaren gainetik, balio eraldatzaileetan oinarrituriko kultur sorkuntza» izan zuten hizpide. Ez dago esan beharrik norbanako eta kolektibo asko islatu zituela Bilbokoak.

Tabako fabrikak ketan

Tabako fabrikek, interes kulturaleko ondare gisa katalogatutako eraikin horiek, zeresana eman dute estatu espainiarrean; zeresana eman duena garai bateko lantegi erraldoi horien egungo erabilera izan da. Hemen adibide batzuk:

  • Valentzia. 2006an sortu zen Salvem Tabacalera hiritarrek osatutako plataforma. Hainbat abokatu, historiagile, arkitekto eta idazlek babestu zuten plataforma. Gobernuan zen PP alderdiak eraikinaren bi zati handi eraitsi eta etxebizitzak egiteko asmoa erakutsi zuenean sortu zen plataforma. Ondare arkitektonikoarekin negozioa egitea salatu eta Tabacalera zaharraren erabilera auzoak adostea nahi izan zuten. 2009an eraitsi zituzten eraikinaren bi alboak eta etxebizitza berriak egin. Plataformaren ekina Auzitegi Gorenera iritsi zen eta Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiak bere garaian baimendutako eraisketa baliogabetu egin zuen 2013an.

Gaur egun, erdiko gunean udaletxeko bulego nagusiak kokatzen dira, eta, eraikinaren alboetan, aurreikusitako etxebizitzak. Rita Barberáren historian, ondare arkitektonikoaren birgaitzean aurrekontu handiena izan duen obra izan da tabako fabrika hau.

2015eko udal aldaketarekin, gobernu berriak (Compromís, PSOE, València en Comú) 2016rako zaharrentzako zentro bat integratuko du tabako fabrikan.

  • Gijón. Bertako tabako fabrika zaharra baliabide gutxiko auzo batean kokatua dago. Udaberriko hauteskunde garaian, UPyDko alkatetzarako eledunak erabilera anitzeko zentro kultural baten alde egin zuen. Hauteskunde ostean, gutxiengoaren boto apurrak baino ez zituen jaso alderdi horrek, eta behin eraikinaren erabilera plaza publikoan izan dela, ikusteke dago egungo agintean daudenek zelan erabiliko duten Gijóngo tabako fabrika.
  • Alacant. Bertako udalaren ekimenez, Las Cigarreras deituriko zentro kulturala sortzen da, hiriko ondarearen parte den tabako fabrikan kokatua. Kultura garaikideari eta arte abangoardistenari lekua egiteko sortu omen da.
  • Madril. Urte luzez tabakoaren industriari lotutako eraikin honek, hamar urtez hutsik eta utzita egon ostean, 2009an harrotu zituen hautsak. Kultur Ministerioak museo bat eraiki nahi izan zuen bertan, horretarako eraikinaren birgaitze fasea hasita zegoen. Lavapiés auzoko hiritarrak antolatzen hasi ziren eta museo gehiagoren beharrik ez zela salatzen hasi; horrekin batera zentro kultural baten beharra etorri zen. Nahiz eta museoa egiteko proiektua emana izan, aurrekontu ezak (30 milioi euroko aurrekontua) eta krisiak eraginda, auzoaren nahietara jarri zen Madrilgo Tabakalera. Hiritarren parte-hartzean oinarritzen den egitasmo autonomoa eta autogestionatua da bertakoa. Bi urtero behin berritzen den kontzesioarekin daude bertan. Eraikin okupatu bat dirudi, argi eskasia, kristal hautsiak eta pareten egoera kaskarra ikusita. Auzoko kolektibo guztiei irekita dagoen gunea da egun. Asanbladan eratzen den kolektiboak programatzen ditu kultur jarduerak, beti ere kulturaren kudeaketa klasikotik urruti dauden moldeetan: koste gutxiko ekimenak, elkartasunezkoak, kultura librea...

Kultura garaikiderako zentro izan nahi du Donostiakoak, eta kultura garaikide hori gizarteratzeko helburuz ere sortu da. Aurreko esperientzia batzuetan ikusi den bezala, hiritarrak badu zeresana edozein delarik bere auzora, herrira edo hirira datorren proiektua. Ismael Manterolak Berria egunkariko bere iritziaren ataldean, honakoa zioen irailaren 29an: «inork eskatu gabeko kultur edo arte azpiegitura martxan da». Donostiaren kasuan, aldi berean gertatu diren bi gertakariek talkarako baino osagarritzeko balio beharko lukete. Haizea Barcenillak irailaren 22an egunkari bereko iritzi artikuluan beste hau utzi zuen idatzita:

Tabakalerak eta Kortxoeneak ez dute zertan arerioak izan. Batak bestea lagundu eta bermatu beharko luke, konplize izan beharko lirateke.

Angel Aldarondok ere, Zin-zinez izeneko bere ataldean, irailaren 16an, beste hau idatzi zuen:

... azken hamarkadan kulturalki bigorexikoa bihurtu den hiri batean, arreta propioa piztu beharko luke inguruko beste zentroak hustu barik, San Telmo, KM, Trueba, kultur etxeen sarea... edo Kortxoenea, noski, beraiekin elkarrekin bizi, osagarria izan.

Bestetik, aurretik aipatutako Kortxoenea edo Madrilgo La Tabacalera bezalako guneetan sortzen den jarduera kultural autogestionatuak uste duguna baino inpaktu handiagoa du kulturari lotutako politiketan. Museo edo espazio artistikoetan gero eta ugariagoak dira gune autogestionatuetan bereizgarri diren elementuak: gune informalak (sarritan estetika ere imitatuz), sortzaile eta hiritarren arteko interakzioa bideratzeko ekintzak edo diziplina desberdinetako sortzaileen arteko hausnarketa dinamikak, non arkitektoak, eskulturagileak, idazleak, musikariak maila berean jardun dezaketen. Gero eta normalagoak dira pentsamendu kritikorako ekintzak; adibide moduan, Tabakalerak urrian programatu zuen Argentinako Montoneroen inguruko zine-foruma. Gune autogestionatu batean eman zitekeen dokumentala espazio hiperfinantziatu batean ikustean, beraz, batak besteari eman ahal dizkion onurez ohartzea baino ez zaigu geratzen.

Arabako Kultur Mahaia

Beren funtzioa betetzeari utzi eta erabilera berria emateko sorturiko eraikinak gero eta ohikoagoak dira, eta Gasteizek ere badu berea. KREA Expresión Contemporánea eraikina Betoñoko monastegi zaharra birgaituz eraiki nahi izan zuten, eta lanak 2008an hasi ziren. 2010ean, behin eraikina berritu ondoren, Vital Kutxak bideragarritasun ezagatik ez zion hasiera eman proiektuari; itxita jaioko da, beraz, KREA.

Irantzu Lekue artista gasteiztarrak joan den irailean instalazio bat eginez salatu nahi izan zuen instituzioen utzikeria. Instalazioa (koloretako ranguli bat marraztea lurrean) KREA eraikinaren barruan burutu zuen eta udaltzainek atera behar izan zuten ekintza burutzen ari zela. Vital Kutxak salaketa jarri zuen Lekueren aurka, baina sare sozialetan azkar hedatu zen berria eta artista babestu eta kutxaren jarrera gaitzetsi zutenak asko izan ziren. Handik hilabete batzuetara atzera egin zuten salaketarekin, esanez: behin margoaren garbiketa bukatu eta ebaluazio bat egin ostean, margoak ez zuela kalte materialik sortu eta atzera egiten zutela salaketarekin. Artistari barkamena eskatuz ere bukatu zen afera.

Oraindik ere, eraikinari emango zaion erabilerak sortzen ditu aldiro berriak. Azkena, campus internazional bat jarri nahi dela bertan, moda eta diseinuaren ingurukoa. Lokalean pentsatu baino, ez ote dugu internazional mailan diluitzeko interes handiagoa?

Praktika artistiko eta kulturalek aktibazio sozialean euren ekarpena egiten dute. Beti ere, artista horiek bestelako jendearekin bizi eta lan egiten badute, diziplina bereko eta desberdinetako. Artista ezin da lotu konplazentziarekin, inozentziarekin eta adeitsu izatearekin. Izan ere, Arabako kulturgileek, erakunde publikoek bultzatzen dituzten politikei erantzuteko, Arabako Kultur Mahaia sortu dute. Elkarrekin jarri dira sortzaileak, hartzaileak edo kudeatzaileak, Arabako lurraldean kulturaren egoera ahula dela-eta instituzioen aldetiko utzikeria salatuz. 2008-2011 bitartean Amarika Asanblada sortu zen Gasteizen, gehienbat artista plastikoek instituzioekiko loturan erabaki, behar eta proposamenak lantzeko. Kulturaren mahai hori lan ildo berdinekin sortu da, baina zabalagoa izan nahi du, kulturaren bestelako adierazpenak ere tartean izanez. Kultur mahaiaren zergatiak azaltzean (euren blogean: mahaiaaraba.wordpress.com), honela bukatzen dute: «elkarrekin lan egitea dagokigu. Inork ez luke kultura‐hondamendietan bizi behar, era berean inork ez luke hondamendietan bizi behar». Aldaketaren habeak ezagutzak harremanetan jarrita sendotzen dira, eta ez soilik ezagutza artistikoak; ezagutza horiek enpatia, elkarrekin lan egitea, errespetua eta beste hainbat izan daitezke. Eta harreman horietan guztietan sortzen da arduraren kontzientzia eta komunitatea eratzea.