Astelehena, 2017ko azaroak 20
Gora joan

Eten sekularra

2014-06-23

Aldizkari honen garai berrien aurkezpen ekitaldian, Pello Zabalaren irudia datorkit gogora, Jakin-en bilakaeraren bideoa ikustean hunkitutakoaren bisaia hura dut gogoan. Pozik seguruenik, etenik gabeko talde berritu bat ageri delako orain gidaritzan. Asko aipatu da etenik gabeko berritze hau eta irudikatu ere egin zen Joxe Azurmendi eta Andoni Olariaga buruz buru jartzean Martin Ugalden. Eta hiru izen aipatzen ditut, herri honetan egon diren hiru ibilbide desberdin izan daitezkeelako; beste hainbat egon daitezke, baina hauek badute bere pisua gure historian: Eliza, sekularizatzea eta belaunaldi agnostikoa.

Kokatu gaitezen katolizismo frankistak agintzen zuen kultura hartan. Galdutako gerra baten ondorengo seme-alabez ari gara berbetan, abertzaletasunaren unibertso sinbolikoa isiltasunean eta beldurrean egon ostean, kalera ateratzen hasten denekoa apurka-apurka. Isildutako hizkuntzaren aintzat hartze bat gertatzen da maila sozial zein politikoan; parte hartzea herri baten funtzio hasten da bihurtzen, bai frankismoaren kontra egiteko, ikastolen bidez hezkuntza propio eta berritzaile baten alde egiteko, zein jatorri aniztasuna eta maila sozialeko aldarrikapenak kaleratzen hasteko. Frankismoaren kritikarako babesgune bat izan zen Eliza. Belaunaldi agnostikoa aipatu dut, gazte belaunaldi hori baikara; baina kultura katolikoaren herentzia txarrena aldean daramagula, orban edo arrasto negatiboenarekin gabiltza, sarritan noraezean. Hortik, Elizak izan duen lekua zenbaterainokoa den eta zenbatean izan zen eraikitzailea jakiteari funtsezkoa deritzot, memoria historikoari leku bat egin diezaiogun. Belaunaldi berrientzat etenik izan ez dadin, frankismo garaiko eta horren osteko memoria ere berreskuratu beharra baitago. Gizarteko geruza guztietara iristeko gaitasuna zuen Elizak, bere orduko egitura aberatsa medio: apaiztegiak eta hainbat kongregazio ziren gurean: kaputxinoak, frantziskotarrak, sakramentinoak, pasiotarrak, trinitarioak, beneditarrak. Bestetik, euskararen eta euskal kulturaren babesgune handi bat izan zen garai berean.

50eko eta 60ko hamarkadetan, hizkuntza baten molde kultua lantzeko eta garatzeko leku bakarrak seminario eta kongregazioen komentuak ziren. Eta gune horiek, gainera, landa eremuetan zeuden kokatuak, hau da, Elizak baserri eremuan zuen indarrik gehien. Sare intelektual bat josi zuten seminario eta komentuetatik, ia ez baitzegoen sektore intelektualik Elizatik kanpo.

Europatik zetozen Ekintza Katolikoaren molde berriek gazteenak erakartzea zuten helburu, JOC Juventud Obrera Católica edo Legión de María bezalako taldeekin. Jose Migel Beñaran Argala, adibidez, Jokin Apalategiren tesiaren hitzaurrean zioen moduan, talde katoliko bateko kide izan zen, Legión de Maríakoa, hain zuzen. Gutxituenei laguntzen eta gaixoak bisitatzen ibili zen, eta han gertaturiko bizipen batek ekarri omen zuen inflexio puntua bere pentsaeran: bisitaldi horietan harreman estua eginda zuen baliabiderik gabeko haur baten heriotzak, hain zuzen. Krisi erlijioso horretatik atera zuen ondorioetako bat omen zen elkartasun soziala lortzeko sakoneko iraultza kultural bat behar dela, ez dela nahiko borondatearekin.

Eliza herriari begira jartzen den garai horretan, JOC eta Legión de María taldeekin batera Herri Gaztedi mugimendua sortzen da Bizkaian, baserri giro eta herri euskaldunetan. Ander Manterola apaiza izan zen Bizkaiko Herri Gaztediren sortzaileetako bat. Apaiz taldeak eta gazte idealistak izango dira mugimendu horretako osagaiak; ekoiztea eta erreproduzitzea zuten helburu, eta orduan sortu ziren dantza talde, kultur talde zein mendi taldeak herriz herri eta auzoz auzo. Nortasun kolektibo baten sorrera etorriko da.

Klero horrek Elizako hierarkiekin eta Francoren garaiko egitura politikoarekin izandako talkek Euskal Herrian 70eko hamarkadan gertatutako sekularizazio prozesua estatu mailako handiena izatea lortzen dute. Europatik etorritako pentsamolde berriekin batu behar da fenomeno hori: existentzialismoa, marxismoa, 68ko maiatza... Joera berriekin datoz abangoardiako literaturak ere, eta literatura ere sekularizatzen hasten da. Abertzaletasunaren zentralitate erlijiosotik abertzaletasunaren erakundetze politiko eta intelektualera igarotzen da. Eten bat gertatzen da, beraz, erlijioan eta politikan.

Arratia: hazitegi ezezaguna

Aurretik aipaturiko gertaera sozial eta kulturalak adibidetzeko, eskualde edo herri-hiri asko aukeratu daitezke. Batzuetan asko idatzi da eta beste batzuk ezagutu ere ez dira egiten. Orokorrean gutxi ezagutzen den bailara bat da Arratia, Gorbeia mendiaren altzoan kokatua dagoena, Bilbotik hogeita hamar kilometro eskasera. Txikitatik gertu-gertutik entzundakoei eta norbere irudipenei jarraituta, Elizak zein eten sekularrak Arratian zein eragin izan zuten eta Arratiatik kanpo zabaldu zuenari buruz zertzelada batzuk emango ditut, argi utzita adibide bat baino ez dela, Euskal Herriaren zabalean ere eman dena.

Arratiako tranbia XX. mendearen lehen erdian sortu zen, eta horrexek lotu zuen Bilborekin Arratia, orduan landa eremu bat zen Arratia. Zeanurin kokatutako Undurragako zentral hidroelektrikoaren lanak 1947an hasi ziren, eta lanera etorritako atzerritarrekin kultura exotiko bat sortzen da, soilik atzerriko langileentzako txabola guneetara mugatu zena; denetariko denda eta zinemak omen zirela esaten da bertan. Baina Arratian ez zuen bestelako eraginik izan horrek, artean ikasi gabeko eskualdea zen gurea. Beraz, Arratian XX. mendearen bigarren erdian hasi zen industrializazioa sartzen zein Bilbo ingurura bertakoen jarduna zabaltzen, tranbia ardatz izanik laneko joan-etorrietarako: Labe Garaiak Deustun, Basconia eta Firestone Basaurin, Galdakaoko Dinamita... Horrek aldaketa soziala ekarri zuen Arratiara, orduko landa giroko Arratiara, alegia.

Eskualde otzana izan da beti Arratia, harik eta Areatzako sakramentinoen komentuak bertako paisaia kulturala aldatu zuen arte. Gizarte ekintzaren sustatzaile handienak izan ziren bertako sakramentinoak, Arratiako herri batzuetako abadeekin batera 60ko hamarkadan.

Areatzako Sakramentinoen Ikastetxe Nagusia teologia eta filosofia ikastetxea zen, bertan ematen zen beraz prestakuntza intelektuala. Euskal kulturgintzan egun ari den hainbat kide sakramentinoetatik igarotakoa da. Baina Arratia bailarako pastoralgintzara emanak ere bazeuden; beraz, herri eta auzoetako elizen ardura zutenez, bertako herritarrekin harreman estua sortu zuten.

Herri Gaztedi elizako gazte mugimendua errotzen ari zen herriz herri 60ko hamarkadaren bigarren erdian. Erakunde horri egokituko zaio, frankismo garaian, erakunde politiko-sindikalen ordezko lana egiten hastea. Herrietan gazte taldeak sortzen hasten dira; nire herrian, adibidez, Arantzazuko Arantzak izenez biltzen hasten dira gazteak. Gogoan dut etxean Arantzazuko Arantzak taldearen orduko pegatinak ikustea; irudi bereizgarri eta dena zuten, hirurehun biztanleko herri txiki baten zabalkunde gogoak edo. Horien jarduna, abadeekin batera, mendi irteerak, kantu saioak, antzerkiak... antolatzea zen. Kohesio sozial itzela ekarri zuen Arratia bailarara garai horrek. Zeregin horretan ibili ziren abadeen artean, Paulo Iztueta (Aite Paulo), Juan Jose Camarero-Nuñez (Aite Juan Jose), Periko Camarero-Nuñez (Aite Periko), Joan Otaegi (Aite Joan), Jose Antonio Zabala, Martin Orbe (Don Martin)... aipatu behar dira. Arlo soziopolitikoan eta kulturalean eragin zutenak, dinamizatzaile izan zirenak.

Jakin barik, seguruenik, antzerki modernoaren aitzindaria zen lan bat zutenik esku artean, Arantzazuko gazteek, Artea-Areatzako Oihartzunak musika taldearekin batera, Pedro Ignazio Barrutiaren Teatro zaarra. Gabonetako ikuskizuna (1759) taularatu zuten, Hego Euskal Herrian idatziriko lehen antzerkia. Berori antzezten ibili ziren Euskal Herrian barrena.

Oihartzunak talde gaztea 1967an sortu zen, batez ere Aite Juan Jose sakramentinoaren gidaritzarekin, sakramentinoen artean musikarekikoak berari egokituko zitzaizkiolako, agian. Oihartzunak taldeak urte betean ehundik gora kontzertu eman zituen Euskal Herri osoan zehar. Bestetik, apaizek eta apaiz ikasketak egiten zeuden gazteek Bilboko eta inguruetako gazteak erakarri zituzten Arratiara. Euskara ikasten zebiltzan hiriko gazteak ziren denak, eta euskaldun landa giroko gazteekin harremanak sustatu ziren garai horretan. Horretarako bitartekoak aurretik aipaturiko kultur ekintza horiek guztiak ziren, dantza, kantu, mendi txangoak...

60ko hasiera hartan ez zegoen indar abertzaleak elkartuko zituen herri mugimendu antolaturik, eta horrek guztiak nortasun kolektibo bat sortu zuen. Arratia lozorrotik esnatzeko gogoa, beraz, abadeek ekarri zuten.

Ordurako, Elizaren babesarekin sortutako gizarte azpiegitura batzuk bideratuta zeuden Arratian. 60ko hamarkadan sortu ziren aurreneko herri mugimenduaren dinamikak. Maila sozioekonomikoan zein kulturalean sortzen dira: Arizmendiarrietaren ereduan, BATZ Kooperatiba sortu zen, industria munduan gaur arteko aktibitatea izan duena, CAVA Nekazarien Kooperatiba, Elkar Kooperatiba hezkuntzan, gerora Igorreko Institutua sortzea ekarriko zuena, nekazaritzaren beste molde berri bat ekarri zuen negutegi gune bat Artean eta Zeanurin Zulaibar Lanbide Eskola, lan mundurako prestakuntza teknikoa irakasten zen eskola.

Sumatu daitekeenez, euskal kulturaren loraldi bat ekarri zuen garai horrek Arratian, garai hura bizi izan zutenek ere oroitzapen bereziz gordetzen dutelako orduko Arratia. Loraldi eta kohesio horrek ez zuen asko iraun, ordea. Krisi erlijiosoak itzaliko du sakramentinoen komentua, sekularizazioa eta mundu laikora jauzia emango da. Bestetik, abadeetako batzuek kartzelara eta beste batzuek erbestera alde egin behar izango dute. 1970. urtea beste abagune batean hasten da, beraz. Arinagoko kohesio soziala galduz joango da, herri dinamikak epelduz, kultur mugimendua gutxituz, bi familia politiko aurrez aurre jarriz eta euretako bat gailenduz.

Paradoxikoa ere bada, Arratian izan baitzen EAJren banaketa historiko hura (Arzalluz-Garaikoetxea), Artean alderdiak zuen egoitzan 1984an. Hura izan zen EAJren egoitza nagusia urte luzez, egungo Sabin Etxea lakoa. Beraz, etenez betetako bailara.

Noizbait amestu zen Arratia hura –kultur mugimendu bizia, dinamiken aniztasuna...– kohesio berri batek ekarriko du, abadeek dagoeneko ez baitute ekarriko.