Asteazkena, 2024ko apirilak 24
Gora joan

Kultura

Nagore Amondarain
Nagore Amondarain

Ikastolen Elkartean egiten dut lan. Bestelako lantegietan ere aritzen naiz, euskal hedabide desberdinetan kolaborazioak egiten, adibidez, eta oraingoan, Jakinen arituko naiz. Egunak zein gauak uzten didan tartean, begi bat kulturari zabalik izaten dut, eta, Egunen gurpilean atalean, kulturari erreparatuko diot.

Curriculumaren polisemia

2015-06-11

Berriz etorri dira albistegien lehen lerrora eskoletako curriculumak edo, hobeto esanda, irakaskuntzaz arduratzen diren guneen gainetiko ebaluazio frogak. Gainetiko diodanean, hezkuntza legearen erreformen albo-kateez ari naiz, LOMCEren aplikazioaren garapenaz, alegia. Eskolak kanpo eta barne baldintzak landu behar ditu hezkuntza komunitate sendoaren mesedetan, kanpo eta barne horiei gainetik datozkion inposaketak jasaten ibili behar ordez. Ebaluazio froga horri bizkarra ematearekin batera, hezkuntza sistema berri bati aurpegia jarri beharko zaio.

Ebaluazio froga horren inguruan sortu den eztabaida erabili nahi dut aitzakia edo sarrera moduan, esateko: eskola ez dela betidanik existitu izan den zerbait, gizarteak eratu duen erakundea dela. Helmuga sozial eta norbanakoen garapena du bere baitan; beraz, esan daiteke eskola giza-sistema kultural bat dela. Normalak dira gizarteak hezkuntza komunitateko kolektibo ezberdinen baitan ematen dituen erantzunak zein ukazioak. Oraingoan, LOMCEren aurkakoak dira erantzunak edo-eta Espainiako gobernuak diseinatutako ebaluazio sistemaren aurkakoak, baina hurbilagoko administrazioen jarreren aurkakoak ere ari dira izaten salaketa asko, dela EAE, Nafarroa, Baionako suprefeta edo Paris, Paueko prefeta.

Esaten da gizarte batek zenbat eta arazo soziopolitiko gutxiago izan (dela kulturala, linguistikoa...) orduan eta eskola eredu orekatuagoa izango duela. Ez dakit ba nola ekarri hori gurera. Euskal Curriculumaren zabalkundean ardatz diren ikasmaterialak ikustea besterik ez dago. Euskarri horien aniztasuna itzela da, eta, eskola zentro batek baten aldeko hautua egiten duenean, gainetiko instituzioa kontu eske etorriko zaio txikikeria hau edo beste aitzakia hartuta, debekua ezartzeko (Nafarroako testuliburuen gaia, kasu). Curriculumak hezkuntzaren xedeak eta xede horiek burutzeko estrategia pedagogikoak biltzen ditu, preskripzio, iradokizun eta orientabide multzo bat da. Gaitasunen eta ezagutzen transmisiorako markoak behar dute izan curriculumek, eta ezagutza batzuk unibertsalak diren neurrian, beste zenbait tokian tokikoak dira, lurraldearen araberakoak, alegia. 1925ean sortu zen euskarazko aurreneko eskola-liburua, gaitasun eta ezagutzen transmisiorako orientabiderik ez zen garaian sortu zuen Ixaka Lopez-Mendizabalek Xabiertxo liburua. Aurten betetzen dira beraz laurogeita hamar urte, eta Euskadiko Artxibo Historikoan Gure Xabiertxo erakusketa atondu dute, ekainaren 23ra arte zabalik egongo dena.

Ez dugu ukatuko curriculuma ezartzeko beharrezko diren testuliburuak, tresna didaktikoak izateaz gain, tresna ideologikoak ere badirenik. Ezin dugu beldur edo lotsarik izan behar hori onartzeko, hemen eta edonon gertatzen den errealitatea baita, orain eta lehen. Gaur egun ikasgeletan lantzen den curriculumaren zati handi bat testuliburuen bitartez jasotzen da. Euskal Curriculumaren garapenerako, adibidez, Ikastolen Elkartetik sortutako EKI deituriko ikasmaterialak aitzindariak ari dira izaten bide horretan. Gero eta presentzia handiagoa dute IKTek, adibidez. Beraz, egun ezin da soilik testuliburuez berba egin, euskarriak zabalagoak baitira.

Gure historiari begiratuz, zeregin horiek talde pedagogikoetan sortu ziren hasiera batean eta, gerora, argitaletxeetara pasa zen prozesu hori. Hezkuntza legeek eta hezkuntza zentroen hazkundeak behar bat sortu baitzuten arlo honetan. Kasurik txarrenean, kanpoko argitaletxeak testuliburuak euskaratu eta bertan saltzen hasi ziren. Euskal Herriko ikasgela askotan baliatu izan diren testuliburuak Euskal Herritik kanpo sorturikoak izan dira, aniztasun horretan denetariko ereduak aurkitzen dira egun ere. Eta kasurik onenean, sorreretako talde pedagogiko eta argitaletxeen arteko aliantzak eratu dira. IkasElkar dugu (Ikastolen Elkartea+Elkar) adibide hori; testuliburu berriak IkasElkarren zigiluarekin argitaratzen dira egun, hezkuntzari begirako edizio lanak, orokorrean.

Herrietako curriculumak

Beraz, hezkuntzaren antolaketa ezin da izan legeetatik soilik ordenatua, gizartean hurbilen dituen gertakari eta eragileek eraiki eta garatutako iritzietatik ere gidatu behar da. Gizartean islatzen den aniztasun zabalak eskolaren egiteko eta antolamendua egokitu ohi izan du. Begira bestela Euskal Herrian kokaturiko erdal ikastetxe askok hartu duten norabide aldaketa. Hezkuntzaren printzipio unibertsalak eta tokian tokiko ezaugarriak barnebildu nahi badituzte, ez dute beste aukerarik izan berritzea baino. Euskal gizartearen kultura eta berorren ikur den hizkuntza, euskara, alegia, abiapuntu hartu baitira, eta horrekin batera zelofanezko beste aldaketa asko ere. Euskal Herriari (bizi dugun errealitatetik) euskal hezkuntza eredu bat gauzatzea dagokio. Baina sortze lan horretan edo adoste bide horretan ez dut uste gure arazoa laiko, kristau, publiko, pribatu... etiketetan dagoenik, esango nuke ez garela ados jartzen euskalduntasunetik eta euskaratik eraikitako euskal hezkuntzak behar duen babes eta ahaleginean.

Euskal Curriculumak, hezkuntza sistema nazional bati erantzungo dion tresna izanda, ez lioke bakarrik euskarazko irakaskuntzari erantzun behar, hizkuntzarekin batera joan behar du kultur transmisioak ere. Testuliburuek betikotuko dituzte (gero eta epe laburragoetan) hausnarketa horiek, baina testuliburu horien osagarri izango diren materialak sortzen ari dira herriz herri, tokiko errealitateari erantzuten dioten curriculumak.

Herrietako kultur ondarea transmititzeko helburuarekin abiatu dira hainbat prozesu: Errenteria, Oñati, Ordizia... Curriculuma sortzeko prozesuan, herriko ikastetxeak, udala eta guraso taldeak daude batera lanean.

Orion, adibidez, bertako curriculuma eskoletatik herrira eta herritik eskoletarako ibilbidea egiten ari da. Ezagutzak bi norabide behar ditu izan, Orioren ezagutza edo herriaren izaera definitzea hezkuntzatik harago herriko eragileei ere badagokielako. Aurretik esan bezala, eskola gizarteak eratu eta mugitu duen erakundea delako. Gainera, curriculumaren kontzeptuak ez dira estatikoak, etengabeko aldaketei loturik daude eta eskola esperientzietatik harago ere kokatzen dira. Curriculuma planifikatu gabeko beste eskola esparruetara ere zabaltzen da; beraz, gela barrutik patiora eta herriko plazara.

Arabar Errioxan mugaren mugak

Eskolaren kanpoko baldintzek moldatzen dituzte ikastola bakoitzaren ezaugarri edo soslaiak. Hau da, nork bere nortasuna eta egiteko-eragiteko moldea finkatzen du, eskola bakoitza autonomoa izanik kide den saretik. Ezin da, beraz, eskola zentro guztiez berdin hitz egin; bakoitzak bere beharrak dituen moduan, bakoitzak bere heldulekuak ditu. Kokatu gaitezen Arabar Errioxan, ardoaren eta upategien lurrean, Ebro ibaiaren ertzean dagoen eskualdean. Muga-mugako herri laboraria dugu Lapuebla de Labarca, Ebroren bestaldean zapaldu daiteke Espainia.

Euskararen galera modurik gordinenean gertatu zen lurralde honetan sortu zen Assa ikastola 1979an Lapuebla de Labarca herri txikian. Araban gertatzen ari ziren mugimenduen baitan kokatu beharra dago: 1977an Arabako Foru Aldundiak euskara ondare kultural izendatzea, ikurrinaren legeztatzea... Izateko nahi baten errepresentazio hutsa ariketa demokratiko bihurtzen da Lapueblan. Garai horietan, eskuineko alkatearen ezetza ikusita, ikurrina udaletxean jartzearen gaineko erreferenduma eskatu zuten herritar batzuek eta eskuineko alkateak baimendu (ezetza nagusi izango zela pentsatuz). Euskararik ez baina izate bat bazuten herritar haiek sortu zuten ikastola. Zailtasunen aurrean haziz joan da euskara eta euskalduntasuna eskualde honetan.

Bestetik, 1993ko Euskal Eskolaren Legea traumatikoa izan zen Arabar Errioxan. Unibertsitate bitarteko ikasketak euskaraz egitea bermatu nahi zuten, ikasleen norabidea hegoaldera (Ebroz bestaldera) baino iparraldera izan zedin eta euskaraz. Ekonomikoki eta administratiboki ere itolarria ekarri zuen prozesu horrek guztiak, baina batxilergoa, sare publikora sartu barik, eskaintzea lortu zuen Assa ikastolak. Hemen esan dezakegu hasi zela eskola-komunitate bateko kide guztien arteko elkartasuna, konpromisoa eta parte-hartzea indartzen eta trinkotzen. Gaur egunera arte eredu bihurtu den eskola-komunitateaz gaindiko trinkotzea: guraso, irakasle, ikasle, herriko erakunde eta eragileen artekoa, hain zuzen ere.

1993ko egoera larritik 1994ko Araba Euskaraz gogoangarri hura egiteko indarra eta ilusioa pilatu zuten. Maila kulturalean egosten eta errotzen ari zenaren ispilu izan zen jai hura. Hertzainak taldearen doinuarekin eta Jon Sarasuaren hitzekin atondu zen Non eta mugan edizio arrakastatsu hura. Abestiak, aurretik aipaturiko sortzaileez gain, honakoak ere izan zituen kolaboratzaile: RIPeko Mahoma, Bizkar Hezurrako Triku, Evaristo eta Tito musikariak, Amuriza, Elortza eta Iturriaga bertsolariak. Bideoa, berriz, zinema, antzerki eta kirolaren mundukoen ekarpenarekin egin zen: Bajo Ulloa, Karra Elejalde, Eloi Beato, Karanka, Ritxi Mendiguren, Baskoniako jokalariak...

Bertako eta kanpotik (Arabatik eta beste probintzietatik) etorritako irakasle gazteen ekarpena handia izan zen ikastolako martxan. Herriko hainbat pisutan bizi ziren irakasle horiek, eta, unibertsitate garaian hirira doan gaztearen antzera, ikasle bizitza egiten zuten laborari giro erdaldunean; herrian, beraz, 24 orduko inplikazioa zen horiena. Horietako askok bertan hartu zuten bizitokia eta muga hartan bertakotu dira. Beraz, herriaren eta ikastolaren artean eraiki zen giroa ardatza izan zen euskal giroa sendotzeko. Upategien bueltako gizonen ohitura omen zen astearteetako pala partida eta ostean upategiko afaria. Erritual horretara hasi ziren joaten ikastolako pare bat irakasle; handik gutxira, erritual hori gizon zein emakume eta irakasle-herritarren arteko asteroko hitzordu bihurtu da, gaur arte iraun duena. Ikastolako arazo eta konponbideak ere bertan garatzen ziren eta kultur mailako gonbidatuak izaten ziren eta dira sarri asteartetan.

Esan bezala, eskolako kanpo baldintzek oso desberdin egin dezakete ikastola eta eskola bat eta, zelan ez, curriculum baten ezarpena. Assa ikastolako gazteen kultur erreferenteak, elkarbizitza egoki baterako sentsibilitatea, heldutasuna eta euskararekiko duten motibazioa zein diren ikustea besterik ez dago. Neurgailurik edo ebaluazio frogarik balego horretarako, ez litzateke nire iritzia soilik izango.

Eskola gizarteratzeko prozesu bat da, hasieretako urratsa, sarritan. Haur, nerabe eta gazte hori egungo eta etorkizuneko agertokian jarri nahi dugu, eta horretarako geureak ditugun tresnak eman beharrean gaude. Testuliburu onenek ere ez dute eragingo aldaketa, ez badago giza sistema kultural bizi bat egitura hori eusten; horrela errazago bihur daiteke hezkuntza sistema konpetente.