Astelehena, 2017ko azaroak 20
Gora joan

Artedrama Euskal Laborategia

2014-10-15

Azkenaldian modan jarri den terminoa dugu ‘Laborategia’ edo zabalkundearen estrategietan ‘-lab’ atzizkia. Asko dira kulturarekin lotuta laborategi izenak lagundurik ageri diren egitasmo, elkarte, denda edo erakunde publikoek bultzaturiko ekimenak egun. Baina denboran atzera egiten badugu apur bat, laborategi horien beharrak zein izan diren ikus dezakegu, modatik harago. Gizarte aktibaziorako hazitegi bezala jaio ziren asko, erakundeetatik kanpoko esparruan. Formazioa gertutasunetik lantzea zuten helburu, komunitateak sortuz, erabiltzaile aktibo eta inplikatuen sarea sortuz horrela.

Antzerkiola Imaginarioa edo FTI (Fábrica de Teatro Imaginario) 1998an sortu zen Mina Espazioan, Bilboko Guggenheim museoa sortzen den une berean, hiri berean. Mina diziplina anitzeko espazio artistikoa zen eta alternatiba soziokultural eta artistiko baterako gune izan nahi zuen hasieratik, toki ireki bat bertatik bertarako harremana izango zuena bertako artistekin.

Ander Lipus antzerki zuzendaria nabarmendu behar dugu egitasmoaren sustatzaile moduan. Madrilen, William Laytonen eskolan ikasirikoa dugu berau. Layton Espainiako antzerkiari molde berriak sartzen aritu izan zen pertsona moduan izendatu genezake, Estatu Batuetako antzerki zuzendariak Espainian kokatzean garatu baitzuen, besteak beste, William Laytonen Teatro Laborategia. Laborategi hitzak arte eszenikoen sorkuntzarako eta ikerketarako gunea esan nahi zuen. Izango zuen zerbait horretatik Antzerkiolaren sorrerak ere, eraikuntza teatralean ziharduen taldea baitzen eta laborategi teatral gisara definitu baitzuten beraien taldea zein espazioa. Ikuspegi intuitibo batetik sortu zen beraien lehen lana, 8 Olivetti poetiko antzezlana; aktore, gidoilari eta musikarien ekarpenek osatuko zuten obra kolektibo eta esperimental hori. Kaosaren poetikari gorazarre egiten dion obra horrek Elorrioko Arriola Antzokira narama, 1999ko garai hartara, ordura arte antzekorik ikusi gabekoak ginen sasoira. Abandonatutako egunkari bateko erredakzio bat irudikatzen zuen eszenarioak, idazteko makina zaharren hotsarekin; zortzi espiritu burlatik kaosaren erritmoa sortuz ematen zioten hasiera obrari. ‘Zer’ sortzen dugu eta ‘zelan’ sortzen dugu galderei bueltaka zebiltzan orduan Antzerkiolakoak, beti ere kolektiboak ziren galdera zein erantzunak. Sasoi hartan, 8 Olivetti poetiko-rekin ezagutarazi ziren, Lipus ez ezik, Miren Gaztañaga Puck-en paperean, Alex Gerediaga Shylock-en paperean, zein Jon Gerediaga testuetan. Gidoia, aurretik esan bezala, zortzi pertsonen artean sortu zen; Lipusek berak Enrie Kagots heteronimoa erabili zuen, adibidez.

Antzerki puruaren atzetik zebiltzan orduan. Antzerkia haur-heldu-jubilatu etiketetatik erantzi eta antzerkia gertaera bat bezala irudikatzen zuten, komunitate zabal batera iritsiko zena. Oteizaren jarraitzaile taldea zen ordukoa, FTIren logoa bera ere oso Oteizaren kutsukoa zen. Antzerki obra paperean betikotu zuten (8 Olivettis poéticos, Hiru, 2001), eta liburuaren sarreran Ander Lipusen hitzek honakoa zioten:

Nosotros no hacemos nada nuevo, Oteiza dice que la vanguardia está en la prehistoria. Nos ha sido todo dado y ahora lo que tenemos que hacer es alquimia con todo ello, jugar desde nuestra condición actual, reinventar la poesía, la tragedia, la dramaturgia del teatro.

Hainbat izan ziren ondu zituzten abangoardiako lanak: Fitola balba, Karpukit tui, Mundopolski, Yuri Sam, Au Revoir Triunfadores eta Ezequiel, besteak beste.

Antzerkiolaren errautsetatik, 2007an Artedrama Arte Eszenikoen laborategia sortzen da, euskara mugarri izanik arte eszenikoen inguruan eztabaidak, trukeak, formazioak sortzeko asmoz. Euskal terminologia dramatikoaren garapena, aktoreen euskarazko sormen prozesuen gauzatzea eta sortzaileen arteko harremanak dira laborategiaren helburu nagusiak. Plataforma horren sorreran jauzi bat legoke, Euskal Herri zabaleko antzerki konpainiek osatzen dutelako laborategia, hau da, Iparralde eta Hegoaldekoek: Dejabu, Le Petit Théâtre de Pain, Hameka eta Huts Teatroak.

Politika kulturalak kontsumo moduak sustatzeaz arduratzen ziren garaian, bazen bestelako kezkarik, jendarte kritiko eta aktibo baten beharra martxan jartzearena, alegia. Arte eszenikoen laborategi horiek, denboran izan duten bilakaerarekin gaurdaino, helburu berarekin jarraitzen dute. Profesionalak, amateurrak eta ikusleak bildurik, gozamena, aztoramena eta hausnarketa probokatzea. Eta hori asko da egungo garaian. Ikustea baino ez dago Hamlet obrak izan duen arrakasta eta zeresana, geruza ezberdinetara iristeko gaitasuna.

Garoa Kultur Laborategia

Artedramak, egun dena izateko, bide luzea egin du atzetik; laborategiaren hasierako ideia haietatik, gaur egun laborategi batek eman dezakeena ikus dezakegu. Arte eszenikoetatik harago ere ikus daiteke laborategi hitza kulturari lotutako bestelako eremu batean; azken adibidea, Donostian ireki berri duten Garoa liburu dendan. Kanpotik begiratzean, erakusleihoaren gaineko kartelak ere horrela dio: «Garoa Kultur Lab». Laborategi izateko asmo horren jatorria ez da hain aspaldikoa, ordea.

Esango nuke jakintzaren produkzioa papereko liburuetatik harago eramatea dela Garoakoen gogoa eta kulturari zabalik egongo den espazioa izatea berori. Pentsatu nahi dut Lab horrek hiri edo auzoaren gertutasunetik landu nahi duela erabiltzaileen komunitate bizi bat, hau da, ekosistema kultural bat. Mota horretako laborategietan sortzen den ekosistema kulturalak profesional eta aditu ez diren herritarren arteko amildegiak ezabatu beharko lituzke. Garoan esku artean dituzten ekimen guztiekin, herritarra bezero baino zerbait gehiago izan daiteke.

1973an sortu zen Zarauzko Garoa liburu-denda. Baina 2008an, bertako kudeaketa semeek hartu zutenean, etorri zen hazitegiaren aurreneko hazia. Eneko liburu-dendaren beheko aldean web consulting erako zerbitzua ematen hasi zen lanean eta Imanolek dendako lanari ekin zion. Handik gutxira, 2010ean, abiatu zen Jon Benitok gidatzen zuen irakurle taldea, eta, 2012ko bukaeran, Labegunak deritzon egitasmoari ekin zioten. Azken ekimen hori Zarauzko lagun arte batean gauzatu zen; arlo desberdinetatik zetorren jendeak teknologiari buruzko gaiak proposatu, aurkeztu eta eztabaidatu egiten zituen. 2013ko azaroan lehenengo Paperezko kontzertuak antolatu zituzten Zarautzen. Tartean dendak arte erakusketak ere antolatzen zituen; beraz, hasia zen dendatik haragoko espazio bihurtzen. Donostian denda berria irekitzeko unean etorri da Kultur Lab izena gehitzea orduko Garoari. Hiru sailetan bereizten dira liburu artean eskaintzen diren egitasmoak:

Paperezko atala

Hemen kokatzen dira dagoeneko Zarautzen hasita dauden Paperezko kontzertuak eta irakurle taldea. Groseko irakurle taldeak, antza, Paperezko lagunak izena hartuko du. Baina horiekin batera Paperezko filmak, Paperezko antzerkia eta Pulpitutik deiturikoa jarriko dira abian. Uneko bizipena izatea dute xede ekintza horiek guztiek, hau da, Garoara hurbiltzen denak apurka-apurka ekosistema bat sortzea auzo zein hirian. Laborategi kulturala deitu dioten honek gune kultural bat eskainiko die bertaratzen direnei. Uneko bizipena esatean, honakoa esan nahi da, behin soilik bizitzeko esperientziak izango direla, esperientzia konpartituak guztiak sortzaile-hartzailearen paradigman zein hartzaileen euren artean.

Paperezko agerkari bat sortuko da, bertan gertatu denaren berri emateko (kronikak, iritziak... jasoko ditu). Bestetik, aldizkariak formatu digitala ere izango du, baina sortzearekin batera «agortua» dela adieraziko duena. Papera izatea nahi da erreferentzia, eta aterako den tirada neurtua izango da, ia-ia eskatzen duen horri begira aterako baita, uneen isla edo gordailu izan nahi duen paperekoa. Paperezko kontzertuetan bezala atonduko dira filmen eta antzerkien saioak ere; ordu erdi lehenago hurbilduko dira entzuleak, ardo bat hartuko dute sarrera gisa eta gertutasunetik abiatuko dira saioak: moderatzaile batek gidaturiko musika (film/antzerki pieza) emanaldia, beti ere liburu bat harturik ardatz. Bertaratzen direnek bono bidez edo eguneko sarrera erosita izango dute aukera uneaz gozatzeko, eta hasieran sortzen den hartzaile taldeak izango du lehentasuna etorkizuneko emankizunetan ere. Atzerritik datozen taldeen solasa ulertzeko itzultzaile bat egongo da, aintzat hartu behar baita hurbiltzen den hartzaileen soslaia oso anitza dela.

Pulpitutik asteazkenero antolatuko diren eztabaida saioak izango dira. Doakoak izango dira, eta urritik aurrera, Pako Aristi, Zaldieroa, Fermin Muguruza... programatu dituzte, adibidez.

Osoigo plataforma

Politikariak eta herritarrak web bidez hurbiltzeko saiakera da osoigo.com, galde-erantzunen bidezko komunikazioan. Estatu mailako 51 politikari daude dagoeneko parte hartzen, 13 alderditakoak.

Tako egitasmoa

Euskal argazkigintza sustatzeko modu bat da Tako; egurrezko tako batean, 20x20ko neurrietan, inprimatzen dira bertako sortzaileen argazkiak, erakusgai jarri eta bide batez saldu, 30 eurotan. Donostiako dendaren azpiko espazioan dago Tako erakusketa.

Artedramaren laborategiak diziplina batekoak elkartzen baditu, hemen erraz suma daiteke anitza dela aktibatu nahi duten jendartea. Aurrenekoak, bildutako esperientziatik, erakutsi du zilegi dela kultur komunitate baten benetako inkubagailu izatea laborategi bateko lana. Garoak urratzeko bide berri bat du aurretik; beraz, ikusgai den laborategia dugu hori. Sortzaileak eta irakurleak/zaleak/entzuleak aurrez aurre jartzeko giro horrek interakzioa ahalbidetzen du, sortzailea zein hartzailea estimulatuz, eraldaketa bat sortuz. Baina horrek ez du zertan merkatuko errealitatearekin bat egin behar, merkatuak bere bide propioa baitu. Hiritartasun aktibo baten hazitegiek egitearen eta ekitearen kultura dimentsio sozial, politiko, ekonomiko zein sortzailera zabal dezakete. Instituzioek egiten dutena ordezkatu beharrean, ez baitut uste instituzio batera inportatzeko modukoa denik eredua, instituzioetako lana osotu eta akuilu izan beharko lukete antzeko esperientziek. Erakunde publikoen arreta bereganatu, finean, instituzioak ohar daitezen beraien lana ere badela gizarte kritiko eta aktiboa heztea.