Astelehena, 2017ko azaroak 20
Gora joan

Jalgi hadi plazara

2016-07-18

Sortu eta birsortu. Kulturak, kultura izango bada, sortzeko ez ezik erreproduzitzeko mekanismoak behar ditu. Eta hori, besteak beste, plazan gertatzen da. Maiatzaren 23tik 29ra Aiaraldean antolatuta zen Jalgi. Euskal kulturaren plaza ibiltaria egitasmoa («Jalgi» lelopean ospatutako azken Herri Urrats izan eta bi astera). Antolatzaileen esanetan:

XXI. mendean gure kulturari buruzko gogoeta guneetan hiru gabezia nagusi ditugula ondorioztatu [da]: plaza falta, ikusgarri izateko beharra, eta transmisiorik eza.

Kezka horiek abiaburu, eta gabezia horiei konponbidea auzolanean bilatzeko asmoz, egitarau mardula antolatu zuten, elkarlanean, Ahotsenea sortzaileen guneak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak.

Hilaren 27an jorratu zuten transmisioaren gaia luze eta zabal. Besteak beste, Nola bermatu kultur sorkuntzaren transmisioa gaiaren inguruan aritu ziren Andoni Tolosa Morau, Oihane Perea, Oier Araolaza, Idurre Alonso eta Lorea Agirre. Azken horrek bere hitzaldiari izenburu hau jarri zion: La Basu gehiago eta Ez Dok Amairu gutxiago. Euskarazko rapa sortzen duen emakumea eta –Niko Etxarti barre egiteko zilegitasuna emanez– euskal kantagintza modernoaren erakusletzat hartzen den mugimendua aurrez aurre jarriz, honakoa azpimarratu nahi izan zuen Agirrek: euskal kultura, gainerako kultura guztien antzera, «aldakorra» dela, «eraikuntza soziala» den heinean. Ikuspegi horretatik, guk nahi ala ez izan beharko du kulturak unean unekoari egokitua, hots, unean unekoari erantzuteko gai: «Askotan tematzen gara 15 urteko gazte batek Xabier Lete kantatu dezan, eta beharbada ez du ezagutu behar».

Izan ere, maiz ulertu da transmisioa –eta gehiago euskarazkoa bezalako kultur sistema gutxituetan– belaunaldi batek besteari helarazi beharreko altxor gisa. Ondare gisa. Goitik behera. Bere arau eta jolaserako tarteekin. Bere definizio zurrunekin. Hau bada eta hau ez da pastorala. Hau bada eta hau ez da bertsolaritza. Hau bada. Hau ez da. Baina, izan bertikalki, izan horizontalki, sorkuntzarako materiala transmititzen da, batetik, eta sorkuntzarako mekanismoak, bestetik. Eta onen-onenean, sortzeko gogoa ere bai. Maika Etxekoparrek ederki azaltzen du Sustrai Colinak eginiko elkarrizketan:

Kantu, dantza eta sorkuntzarako gustua jaso ditut nik. Transmititutako materialarekiko oso harreman aske eta jostaria. «Tori kantuak, tori dantzak, eta egizu nahi duzuna, josta zaitez!». Horregatik, bizian, hurbilago sentitzen naiz jostatzeko gustua duen jendearengandik, ene ber materialarekin sortu eta hazi den anitzengandik baino. Ez naiz material hori besterik gabe kontserbatzeko eta salbatzeko logikan, ez zait burutik pasatzen ezin dela deus kanbiatu. Tradizioa galtzeko beldurrak kakinarazten nau. Izan ere, aise da inspiratuak ez garelako beti ber gauza egin eta deus ez dela kanbiatu behar erranez justifikatzea. Sortzen ari zarenean ez duzu galtzeko beldurrik, hatsarreko material horrekiko maitasunez duzu sortzen. Tradizioa ederra da, pistak ematen ditu, formak, baina ez badugu kanbiatzen izan dadila ez dugulako kanbiatu nahi, ez ez delako kanbiatu behar.