Gora joan

Gure zinemaren historia petrala?

2017-11-08

Tapiz gorriaren ingurumarietan izan da aurten ere euskal zinemagintzaren diagnosirako tarte ofiziala, Donostiako Zinemaldiaren 65. edizioan. Euskal hedabideek fokua bertan jartzearekin bat heldu zaizkigu datuak: aurten proiektatu diren berrehun eta hamahiru filmetatik hamalau izan dira Euskal Herrian ekoitziak, eta horietatik zazpi euskarazkoak: Handia, Nur eta herensugearen tenplua, Akelarre, Areka, Bi txirula, Elkarrekin-Together eta Euritan. Urtero bezala, Zinemaldiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen duten Zinemira sailean lehiatu dira euskal film horietako ia denak; baina, aurten ere izan da euskarazko film bat sail ofizialean ere. Orain gutxi Loreak eta Amama izan ziren bezala, Aitor Arregi eta Jon Garañok zuzenduriko Handia filma izan da aurten urrezko maskorrerako lehian. Bejondeiela Moriartienekoei.

Ez naiz zine kritikaria. Ez aditua. Ezta aritua ere. Badaitortzuet: zailtasuna zertan datzan azaltzen ez badidate, ez naute produkzio eta posprodukzio lanen kontakizunek liluratzen. Ni, nire sinplean, istorioek erakartzen naute. Eta gure zinemari buruzko diskurtsoetan nabarmentzen dut, azkenaldion, istorio bat eraikitzen ari dela. Narratiba komun bat.

Jon Garaño, Handia filmaren zuzendaria:

Sentsazioa daukagu azken urteetan Euskal Herrian oso zinema erakargarria egiten ari dela. Duela urte batzuk esaten nuen gustatuko litzaidakeela euskal zinemak era guztietako pelikulak egitea: hasieran, euskarazko film guztiak komediak ziren; gero pasatu ginen dramara. Iruditzen zait gauzak aldatzen ari direla eta era guztietako filmak ditugula orain. [...] Uste dut gero eta pluralagoa dela gure zinema, eta pozgarria da, zerbait ondo egiten ari garen adierazle.

Bada azken aldian aski zabaltzen ari den diskurtso bat euskal zinemaren inguruan, baikortasunetik baikorkeriara lerratzen ote den nabarmentzen zaila dena. Loraldiaz hitz egiten da. Urte askoan egindako lan isilaren ondorengo uztaz:

Jose Maria Goenaga, Handia pelikularen gidoigilea:

Azkenaldian gehiago nabari da, baina Aupa Etxebeste! (2005) estreinatu zenetik Zinemaldian bidea egin du euskal zinemak, eta orain uzta jasotzen ari gara.

Istorio horrek flashback bat behar du. Izan ere, azken hamabi urteotan ohitu egin gara euskarazko fikziozko filmak ikustera (urtean bat, gutxienez). Baina, komeni da aipatzea 1989 eta 2005 bitartean ez zela euskaraz ekoitziriko fikziozko pelikula bakar bat ere egin. Hamasei urtez. Bat-batean, Asier Altuna eta Telmo Esnalen Aupa Etxebeste! ikusi genuen 2005ean, eta hurrengo hamar urteetan euskarazko hogei fikziozko lan ekoitzi dira EAEn. Kutsidazu bidea, Ixabel ekarri ziguten Mireia Gabilondo eta Fernando Bernuesek (2006). Eutsi! izan zen hurrengoa (Alberto Gorritiberea, 2007). Eta bata bestearen atzetik jaso genituen 80 egunean (Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga, 2010), Urte berri on, amona! (Telmo Esnal, 2011), Bypass (Patxo Telleria eta Aitor Mazo, 2012) eta Amaren eskuak (Mireia Gabilondo, 2013), esaterako. Ondoren etorri zen, Jon Garaño eta Jose Maria Goenagaren eskutik, Loreak filma, eta fenomenoa. Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak filmarekin hogeita bost urte lehenago bezala, Loreak-ekin iritsi ginen historian bigarren aldiz Zinemaldiko sail ofizialera, orain hiru urte, eta Asier Altunaren Amama-rekin hirugarrenez, orain bi.

Orduko narratiba unibertsaltasunarena bilakatu zen. Goya sarietarako proposatua izan zen Loreak, eta atzerriko film onenaren Oscarrerako hautagai ere bai, ia. Amama-ri, berriz, Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak (EZAEk) II. EZAE Saria eman zion, «hemen bakarrik egin zitekeen pelikula unibertsala» zelako. Homologatu egin gintuzten.

Aitor Arregi, Handia filmaren zuzendaria:

Uste dut apustu bat egin dela, bere garaian egin zen bezala, euskal zinema indartzeko, erakunde batzuen artean: Eusko Jaurlaritza, ETB... Horrek sendotu egin du zinema, baita profesional talde bat ere, azpiegiturak...

Izan ere, zinemagintzan, bestelako kultur adierazpide askorekin alderatuta, ekoizpen baldintzak erabakigarriagoak dira, produktu artistikoa gauzatu ahal izateko. Kultura eta industriaren bidegurutzean sortzen omen da zinema. Hemen oinarri dokumentala: Miren Manias ikerlariaren Euskarazko zinemaren produkzioa eta finantziazioa (2005-2012): hamaika fikziozko film luzeren azterketa ekonomikoa doktore-tesiak argi uzten du azken hamarkadetako kultur politiketan izan diren aldaketek eragin zuzena izan dutela oraingo euskal zinemaren ernetzean. Hor daude, besteak beste, Euskal Ikus-entzunezkoen Liburu Zuria 2003an sektoreko eragileen beharrak eta jorratu beharreko lehentasunak zehaztu zituena–, 2007ko Ikus-entzunezkoen Finantzatze Dekretua edo ekainean aurkeztutako ikus-entzunezkoetara bideratutako diru-laguntzen plana. Badirudi, beraz, EAEn, zinema etengabeko ernaldian dagoela orain, eta emaitzak eman eta eman ariko dela etorkizun hurbilean.

Ez diot nik pozik egoteko motiborik ez dagoenik. Ezta gutxiagorik ere. Baina, susmoa dut badirela istorio honetan pertsonaiak eta korapiloak konplexuago bilakatuko lituzketen hainbat elementu, neroni errealitatean identifikatzeko gai ez naizenak. Horregatik nahiago dut fikziozko istorioa irudikatu. Dokumental faltsu bat, esaterako. Joseba Sarrionandiak Lapur banden etika ala politika saiakeran kontatzen du nola Franco hil berri zela apustu egiteko eskatu izan baliote Joseba haurrari, ea bertsolaritza edo zinema, zein izango zen euskal kulturaren etorkizuneko arte nagusia, ez zuela zalantza handirik egingo. Zinemaren alde, noski. Ba, egin dezagun Belarraren ahoa bat. Demagun Jaurlaritzak hasieratik zinemaren alde egiten duela. Hizkuntz eta lurraldetasun irizpideei buruzko erabaki ausartak hartzen dituela. Zuzendari-talde berriekiko eta ekoizpen txikiekiko politikak martxan jartzen dituela. Irudika dezagun zer litzatekeen orain euskal zinemagintza.

Berandu da Joseba txikiari arrazoi emateko. Baina, Miren Maniasek ongi adierazten duen gisan, gaur egun euskal zinema industria badago; badugu gaitasuna filmen produkzioa, banaketa eta erakusketarako; produktuari dagokionez, badakigu zinema ona egiten; teknikoki eta artistikoki baliabideak badauzkagu. Orain, ‘kontatzea merezi duen’ istorio bat kontatzea da kontua.