Astelehena, 2017ko azaroak 20
Gora joan

#GipuzkoaZutik. Kultura plazan

2016-07-12

Donostia. Turismoaren Europako Hiriburua. Maiatzak 31. #GipuzkoaZutik mugimenduak bi egun eta bi gau daramatza Gipuzkoa plazan, Euskal Herriko metro karratu garestienetakoetan, pozik eta protestan. Oraindik ez dituzte plazatik bota. Oraindik ez dira plazara itzuli. Oraindik ez dute inor atxilotu. Oraindik ez dira ia bi mila pertsona elkartu ekainaren 4ko manifreestylean. Giro lasaia dago plazan. Izaten da, bada, bazkalondoko tartetxo hori. Jendea taldeka ari da lanean, edo egonean dago, eta eguzkia bezperako euriak bustitako bazterrak lehortzen ari da. Ze polita. Orduantxe azaldu dira Txoministak. Labur-labur: Hiru Damatxo ideia faktoria umorezko web-seriea egiten ari da auzolanean. Alderdi politiko berri baten sorrera du ardatz proiektuak. Lantalde handia. Lau aktore. Horietako bi Edurne Azkarate Karmele eta Eñaut Gantxegi Txester. Azken horren eta Pablo Berastegiren antz kezkagarria baliatuz, Karmelek, txoministen komunikazio arduradunak, elkarrizketa egiten dio Berastegiri. Donostia 2016ren balioekin bat egiten dutela-eta, kanpalekuan daudenei babesa ematera etorri omen dira. Hala esan du Gantxegik, alegia Txesterrek, alegia Berastegik (gaztelaniaz, noski), babesa eman izana argudiatzeko: «Kulturak zerbait ona izan behar du». Esan du. «Ez da suntsitu behar, eraiki egin behar da». Esan du. Kontzeptuak hustu, apaindu, eta airera bota. Donostia 2016. Parodiarekin jarraituz, jakinarazi dute ekainaren 17an Espainiako Felipe VI.a, erresumako indar armatuen buruzagia, etorriko dela zer eta ‘Bake-ituna’ proiektua inauguratzera, Donostiako San Telmo Museora. Hori ez dute txoministek esan, ordea. EFE agentziak jakinarazi du. Benetako Berastegik, Donostia 2016 Fundazioaren patronatuak zuzendari izendatu eta urte erdira egindako elkarrizketa batean, hala esan zuen Donostia 2016 proiektuaz (gaztelaniaz, noski): «Kultura alorretik tresna eraginkorrak [barka bekit Amurizak, kosta egiten zait ‘efikazak’ esatea] eskain diezazkiekegu herritarrei, gatazkei aurre egiteko bizikidetzaren eta hiri hobe baten mesedetan». Ez zen Gipuzkoa Zutik-i buruz ari. Baina piztutako pospolo batek gehiago argitzen du piztu gabeko itsasargi batek baino.

Eta dagoeneko inor galdezka ari bada noiz hitz egin behar dudan kulturaz, jakin, hasieratik ari naizela. Eta horretarako erabil nezake zita bat, esaterako Sir Edward Burnett Tylor-ena –orain dela bi mendeko gizon zuri protestante eboluzionista eta kuakeroa («Dardar egizue Jainkoaren hitzarekin»)–. Oso erabilia. Baina zertarako? Kontua da kultura ez dela soilik maiuskulaz idazten dugun kultura, soilik egunkarietako ‘kultura’ atalean argitaratzen dena. Kultura gu garela, guk sortzen eta birsortzen dugula, egunero, gure uste, sinesmen, balio, gaitasun, ezagutza, etika eta joerekin. Definizio orobiltzaile eta aldi berean funtzional bat osatzeko eztabaida amaiezina izan liteke, baina antropologiaren ikuspegitik adostasun zabala biltzen dute kultura definitzen duten lau ideia hauek: kultura sinbolikoa da, kultura ikasi egiten da, kultura errealitatea interpretatzeko eta errealitateari zentzua emateko dugun modua da, eta pertsona bakoitza ez da kultura bat eta bakarrekoa.

Bada, gatozen gurera. Gipuzkoa plazan, erabaki da keinuak erabiliko direla batzar jendetsuetan denon iritzia kontuan hartu ahal izateko. Eta erraustegiaren sinboloak bizitza ez duina irudikatzen duela. Eta sinbolo hori erabiliko dela sistema honi eta elite politikoak bultzatu nahi duen bizi-ereduari kritika transbertsal bat egiteko.

Gipuzkoa plazan, kultura asanblearioaz hausnartzen da, eta batzar bakoitzetik ikasitakoa hurrengoan praktikara eramaten saiatu. Elikadura burujabetzaz eztabaidatzen da, eta plazan urazak landatu. Lantalde feministak liburuxka bat jarri du plazan bertan ikusi edo bizi izandako egoera eta jarrera sexistak identifikatzeko –badaudelako–. Dena ez da koloretako haize-errotatxo bat firi-firi dantzan. Hutsuneak hor daude. Baina, gure inguruko errealitatea aztertzeko eta interpretatzeko gogoetak eta tresnak ari dira kolektiboki garatzen.

Kultura ez da norbanakoaren ezaugarri zurrun bat. Ez gara denok kultura berekoak. Bakoitza bere gizarte-esparruetan mugitzen da, bakoitza bere zoroak bizi du, bere ezaugarriak ditu eta bere kulturak dauzka. Ez gaude denean ados, eta ezta egon beharrik ere. Baina, kultura sortzen ari gara. Plazan.