Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan

Kultura

Miren Artetxe Sarasola
Miren Artetxe Sarasola

Inoiz ezagutu ez dudan jendeak eta lekuek nostalgia sortzen didate. Ezagututakoek ere bai. Zerbait gustuko dudanean, gustatzen zait gerora sentituko dudan nostalgia unean bertan sentitzea. Gauza askok asaldatzen naute, eta pozten naiz. Ulertzen ez ditudan gauzek begiak zabaltzen dizkidate. Hortik idatziko dut kulturaz blog honetan. EHUn nabil irakasle eta ikerlari. Nire amona zain dago biloba lanean noiz hasiko.

Biba!

Beharbada aktualitatearekin lotura estuagoa luke aipatzeak itxi berri dela Donostiako Garoa Kultur Lab liburu-denda, zabaldu eta bi urte eta erdira, hainbat kultur ekitaldi antolatu ondoren. Baina, Bilbon bada berri hoberik eta goazen Erronda kalera. Izan ere, euskal kultura sustatu eta zabaltzeko xedearekin sortu dute hainbat kultur-eragile eta norbanakok Biba! proiektua. Urritik hona ekitaldi andana bat antolatu da horretarako ireki den taberna-lokalean, eta bilbotarren (zein periferiakoon) erantzuna ezin hobea izaten ari dela dirudi.

Asmoa Bilboko kultur eskaintzari ekarpena egitea da, eta ez edozein ekarpen. Alde batetik, baliabide urriagoak dituzten sortzaile eta artistei ikusgarritasuna eman nahi diete eta euren bidelagun izan, «espektro kulturala zabalduz eta aniztasunaren aldeko apustua eginez», Oihana Bartra Biba!-ko kidearen hitzetan. Proiektuaren xedea, hain zuzen ere, bi zentzutako harremana sortzea da: kultur programazioaren bidez jendearengana heltzea, eta jendea Biba!-ra hurbiltzea, haien sorkuntza-lanak bertan lekua izango duela jakinda. Bestalde, arreta berezia jarriko dute Euskal Herriko eta euskarazko kulturan eta sortzaile hasiberriengan, «kultura eta euskara munduan mugitzen den jendearen topagune» bihurtzeko asmoz, eta euskara hegemonikoa izango den gune bat sortuz.

Alegia, Bilbok Biba! behar duela, eta Biba!-k Bilbo.

Bertako Euskal Herrian Euskaraz-ek kaleratu duen ohar batean azpimarratzen da, hain zuzen ere, «lehen aldia» dela kulturgintzaren esparruko ekimen batek euskarari halako lehentasuna ematen diona, eta estrategikotzat jotzen du. Izan ere, biztanleen %18,6 euskalduna den hirian erabilera %3 ingurukoa den unean, zentzuzkoa da pentsatzea erabilera haz dadin ezinbestekoa dela euskalgintzaz haratagoko aldaketarako motor kultural bat. Galder Unzalu antropologoak defendatzen duen gisan, erabileran eragiteko, hiriaren kultur iruditerian ere eragin behar da:

Hiriek badute esanahi konpartitu kontziente eta inkontzienteen multzo bat [...]. Honek baditu hizkuntza osagaiak, hizkuntzari buruzko sinesmen, uste, iritzi eta aukerak, eta horren ondorioz, hirian ematen diren prozesu eta praktika guztietan hizkuntza ere jokoan dagoen osagaia da. Hiriaren emaitza eta ekoizpen material zein immaterial guztietan agertzen da eta bertan ematen diren hizkuntza-harreman guztiengan eragiten du. Hizkuntzaren erabilera, hautu indibiduala izateaz gain, esanahi, uste, sinesmen eta ideologia sinbolikoz betetako ariketa soziala eta praktika kulturala ere bada, eta hor hiriak eta bere imajinarioak eragin zuzena eta berebizikoa dute.

Horretara dator, besteak beste, Biba! proiektua, eta horren lekuko da aurkezpen ekitaldian irakurri zen testua, hain zuzen ere Danele Sarriugartek aldizkari honetarako idatziriko artikulu baten moldaketa:

Lan egin dezagun gure hizkuntza, euskara, kultura-hizkuntza ere izan dadin. Eta ez dugu lortuko literatur-sariketa handiek noizean behin eskainitako sarien bidez. Ezta euskara Europako hizkuntza zaharrenetarikoa dela bezalako argudiobideez. Garai berri hauetan, aldaketa etorriko bada, desira izango da sorburu. Euskaraz sortzen dugu, nahi dugulako. Besterik ez. Gogoz gatoz. Eta ez Aitorren hizkuntza zaharra salbatzeko, euskaraz gozatzeko aukera ziurtatu nahi dugulako baizik. Defentsiban egoteari utziko diogu, nostalgian goxo egoteari uko egiten diogu. Aldaketa garai hau gerta dakigukeen bizialdi interesgarrienetako bat izan daitekeelako, beldurrak atzean utzi, eta hasi gaitezen eraikitzen.

Hil da euskal kultura, biba euskal kultura!