Ostirala, 2024ko apirilak 19
Gora joan

Kultura

Miren Artetxe Sarasola
Miren Artetxe Sarasola

Inoiz ezagutu ez dudan jendeak eta lekuek nostalgia sortzen didate. Ezagututakoek ere bai. Zerbait gustuko dudanean, gustatzen zait gerora sentituko dudan nostalgia unean bertan sentitzea. Gauza askok asaldatzen naute, eta pozten naiz. Ulertzen ez ditudan gauzek begiak zabaltzen dizkidate. Hortik idatziko dut kulturaz blog honetan. EHUn nabil irakasle eta ikerlari. Nire amona zain dago biloba lanean noiz hasiko.

Azken Arrock Festival

Musika festibalen garaia da. Urteroko herriko festez gain egon beharreko lekuak ugaltzen diren urte-sasoia. Zabalik da Euskal Herria Zuzenean-en laguntzaile izateko deialdia, Hatortxurako sarrerak salgai daude, egin dira dagoeneko Usopop, Iruña Rock eta Ibai Ertzean, eta badatoz BBK Live, Kutxa Kultur, Azkena Rock eta beste hainbat. Musika zuzenean, tiradun kamisetak, garagardoa eta koloretako eskumuturrekoak. Ez da melomanoen kontua soilik. Aldarrikapen eta eraldaketarako sortutako guneak dira batzuk, hipsterizazio instituzionalaren Troiako zaldi (ez oso diskretuak) bestetzuk, sozializazio espazio, denak ala denak.

Asko har daitezke musika festibal bat definitzen duten elementutzat. Nork eta zertarako antolatzen duen, norentzat, zenbatekoa duen aurrekontua, nondik datozen edo ez datozen diru-laguntzak, non egiten den eta zein den bertako bizilagun eta eragileekiko harremana, zenbatean saltzen den garagardoa eta zein garagardo den, zein musika mota programatzen den, zein talde, eta zeintzuk diren aukeraketarako irizpideak. Adibidez.

Hain zuzen ere, azken puntu horrek harrotu ditu hautsak Gasteiz aldean. Azkena Rock Festivala ekainaren 23 eta 24an izan da aurten, eta kontzertuen kartela otsailaren hasierarako jakinarazi zuten antolatzaileek: John Fogerty, Chris Isaak, Cheap Trick, The Cult, The Hellacopters, Union Carbide Productions, Michael Kiwanuka, Graveyard, Loquillo, Thunder, King’s X, Hellsingland Underground, The Meteors, Tygers Of Pan Tang, The Godfathers, Bloodlights, Inglorious, The Dead Daisies, Pat Capocci, The Shelters, Crank County Daredevils, The Soulbreaker Company, SCR, Los Mambo Jambo, Fetitxe & Wyoming, Los Insolventes eta Buck & Evans. Hartu arnasa. Bada, zerrenda luze horretako azken taldeko kantaria den Sally Ann Evans izan da oholtza gainera igo den emakume bakarra.

Sarean zabaldu zen berria laster heldu zen eremu politikora. Izan ere, Gasteizko Udala da festibalaren sustatzaile nagusietako bat –aspaldiko, Urtaran–, eta gaur egun, zorionez eta zoritxarrez, genero kontuetan politikoki zuzena izan beharra dago. Udalak adierazi zuen, orduan, emakumeen presentzia handiagoa eskatu ziola Last Tour International promotoreari, eta horrek belarriak jaitsi eta «mea culpa, mea culpa» kantatu zuela, Beck-en Everybody’s Gotta Learn Sometimes-en doinuan.

El Correo-n egindako adierazpenetan, ordea, Alfonso Santiago festibalaren zuzendariari oso bestelako jarrera nabaritu zaio: denok nahi omen dugu emakume gehiago oholtzan, baina «inork ezin [omen] du bermatu» halakorik. Promotoreek «sentsibilitatea, interesa eta erabateko proaktibitatea» erakutsiko omen dute, «beti bezala». Halaxe bota du Santiagok: «Rockaren industrian %95 gizonak dira eta %5 emakumeak. Zer egin dezakegu guk?». Ezin denean, ezin da. Kendu Becken kantua. Jarri Roy Orbison-en In The Real World.

Are gehiago, azken unean saiatu omen ziren Joan Jett, Neko Case, Tori Amos edo Patti Smith ekarrarazten, baina horiek ezin omen zuten ala ez omen zuten nahi. Jesusen ama, Patti Smith, azken orduan; kontzeptu gisa. Moooooove! Ask the angels who they’re calling, Go ask the angels if they’re calling to thee, Ask the angels while they’re falling, Who that person could possibly be...

Kristal(ezko sabai) kolpatuak

Dei diezaiogun kristalezko sabaia, Pigmalion efektua edo erreferentzia eskasiaren gurpil zoroa. Ez da musikaren alorrean soilik gertatzen: eremu publikoan, oro har, emakumeak falta dira. Ados. Baina, bat, badaude, eta bi, ez daudenak ez daude bidea itxi zaielako. Ereduak ez bistara edukitzeagatik, besteak beste. Beraz,

Badira, alde horretatik, ekimen berriak gurean. Hatortxu Rock-ek lehen Lilaketa aurkeztu berri du aurten: emakumez (ere) osatutako taldeen maketa lehiaketa antolatu dute, «emakumeek oholtza gainean duten presentzia sustatze[ko]». Irailaren lehenera arte dute taldeek haien lana bidaltzeko aukera. Hiru talde finalistek zuzeneko emanaldi batean jokatuko dute finala, eta irabazleak maketa grabatzeko aukera izango du. Batak ez du bestea kentzen, ordea, eta ez legoke gaizki kartel ofizialean ere emakumeen presentzia %20tik gorakoa izatea. Bide batez, uztailaren 27tik 30era, Sara Hebe, Mafalda, Hibakusha, Amparanoia, Anari, Liher, Sorkun, Zea Mays, Hesian, Tximeleta, Occhi di Farfalla, Akerbeltz, Lurra, Skakeitan, Huntza, Iseo & Dodosound, Tremenda Jauría eta beste 68 talde Lakuntzan.

Arazoa ez dago soilik oholtza gainean, alta. Begira dezagun ingurura. Teknikarien mahaira. Antolatzaile-paseak dituztenengana. Txoznako barrara. Oholtzapeko lehen lerroetara. Egin dezagun atzera denboran. Irudikatu ditzagun kontzertua gauzatu ahal izateko bilerak. Nor aritu da lanean eta zertan? Lucía Lijtmaer-ek argi dio ‘Utzi barkamena eskatzeari eta programatu emakumeak’ artikuluan: «Festibal gehienetan, egiten dutenak, hots, festibala aurrera atera dadin lanean aritu direnak, emakumeak dira, eta, aldiz, erabakitzen aritu direnak, ez». Alegia, dirua kudeatzen duena eta zer programatu erabakitzen duena gizona dela, edo gizonez inguratuta dagoela, sektorea, bere zabalean, feminizatua izan arren.

Alde ona da, gauzak ongi egitea ez dela, berez, eginezina. EHZ dugu horren adibide: 21. edizio honetako programazioak eskaintzen dituen 38 ikuskizunetatik 23 dira emakumez (ere) osatuak (ezarian %60, andere-jaunok).

Tell me what’s the plight of a female MC’s fate?

Or what’s the worth of a woman’s story to a DJ?

Downloading everyone and now my heroes seemingly gone

Search and found Lauryn Hill Unplugged

Guess I lost one

Some come and go

Self-labeled bitch and ho

A heretic of discourse

I turn off the radio

I can’t relate, nor can I hate

For the ways we negotiate

The sexist spaces we navigate

I stay reppin’

Vaunted by the crest of hip hop’s crescent

It seems...

«Fantasy’s what people want reality to be»

(Akua Naru: The world is listening; uztailaren 1ean, Lekornen)

Beraz, kultur programatzaileok, ofiziozko zein afiziozkook, ez baditugu emakumeak taularatzen, ez gara gure lana ongi egiten ari. Eta ziur aski, gure elkarte edo dena delakoaren egitura ere ez da saldu nahiko genukeen bezain parekidea. Begiratu diezaiogun gure kartel proposamenari, eta gure organigramari. Eta eskatu dezagun laguntza. Izan ere, bada horretan aspaldi lanean ari denik, eta guk baino eskarmentu handiagoa duenik. Zorionez.

Mefsst! Musika Errebolta Feminista

Euskal Herriko musika eszenan (ere) emakumerik ez egotearena izebergaren punta da, noski. Musikan ari diren emakumeen gogoetak ur sakonagoetan dabiltza. Esaterako, Donostian bizi diren zenbait emakume musikarik euren esperientziak trukatzeari ekin diote azken aldion, eszena parekideago batera bidean eragiteko estrategiak elkarrekin aztertzeko. Horren harira, joan den maiatzean Klitto!-k horietako bi elkarrizketatu zituen: Onintza Rojas eta Olatz Salvador, Koban taldeko trikitilari eta abeslaria eta Skakeitan taldeko teklatu-jolea eta bakarlaria, hurrenez hurren. Bi musikarien ustetan, ez dago eszena parekide bat irudikatzerik heteroarauak oholtzaren inguruko sistema osoan nola eragiten duen aztertu gabe. Gure buruei galdetu gabe zein jarrera onartzen zaizkion oholtzaratzen den emakume bati eta zeintzuk ez, zenbat diren Euskal Herriko musika eszenan maskulinitate hegemonikoa ez den zerbait oholtzaratzen duten musikariak, zein giro mota bultzatzeko antolatzen diren jaialdiak, edo zaintzak ba ote duen lekurik musika industriaren disko-promozio-bira zikloan. Rojasen hitzetan, bestalde, emakumeak oholtzan egotea bermatu behar da, bai, baina aho biko aiztoa inguruan dantzan dabilkigula jakinez. Izan ere Kobani etengabe deitzen omen diote kontzertuetarako emakumeak oholtzaratzeagatik, musika bigarren plano batean utziz:

Denbora guztian azpimarratzen bada «deitzen zaituztegu neska taldeak bilatzen ari garelako» [...] baloratzen da neska izatea; eta ez da balioan jartzen egiten duguna: musika. Neskak gara, bai, baina berdin zaizu ze estilotan? Edo gustatzen zaizu gure musika? Zeren guk elektroswinga jotzen dugu.

Halako gogoetak zerabiltzaten 2013an musika munduko hainbat emakumek Euskal Herriko punk eta hardcore eszena feminismotik irakurtzeko asmoz sortu zen Mefsst! Musika Errebolta Feminista 2013an. Baliteke kasualitatea ez izatea. Lehentxeago eratu zen Emarock egitasmoa ere, musikan ari ziren emakumeei protagonismoa eta espazioa ematea helburu zuena, ikusgarritasuna lortu eta erreferentzialtasuna landu asmoz. Zuloak dokumentala ere garai berekoa da. Eta, esan dezagun, azken lan horrekiko diskurtso kritikoa izan zela, beharbada, Meffst!-ek eztanda egin zezan lehergai aproposa. Sortzearen helburua ez baitzen musika eszenan emakumeen presentzia bistaratze hutsa: hutsune horren inguruan garatutako diskurtsoak deseraiki nahi zituzten; presentziaz haratagoko kezkak mahaigaineratu; gaiarekiko kezka zutenen arteko sareak sortu; eztabaidatu; musikaz gozatu, eta eragin. Hortik bost urte hauetan eskainitako tailerrak, mahai-inguruak, film emanaldiak eta kontzertuak. Hain zuzen ere, ekainaren 3 honetan ospatu zen jaialdiaren azken edizioa, Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikan.

Inork bere gogoetak aberastu nahi baditu Euskal Herriko musika eszenetan gertatzen den diskriminazioaz, eta gehiago jakin nahi badu emakume musikari eta musikazaleen hausnarketez, zorteko dago. UEUk atera berri duen Festak, genero-harremanak eta feminismoa liburuan Mefsst! izan dute hizpide Miren Aranguren, Maider Fernandez eta Leire Lopez Ziluaga ekimeneko kideek. Hona, gosegarri gisa, autoreek plazaratzen dituzten hainbat galdera:

Azken urteetan gauzak aldatzen ari dira? Zer dela-eta? Zelako musika-eszena nahi dugu Euskal Herrian? Zergatik izan da politikoki garrantzitsua euskal gatazkaz kantatzea baina ez LGTBQI musikariek beren egoeraz kantatzea? Zergatik aipa ditzakegu emakumez osatutako talde batzuk, baina ez zaizkigu haien grabazioak iritsi? Zergatik daude Euskal Herriko musika-jaialdi gehienak batez ere gizonez osatuta, festibal politikoak direnean ere? Noiz hasiko gara arrazaz pentsatzen hemengo musikagintzan? Eta guztiok musika egin ahal izateko behar diren baldintza ekonomiko eta materialez?